Zeledonek aterkia kolorez aldatuko du, 55 urtean lehenbiziko aldiz

1957 urtean lehenbizikoz San Migelgo dorretik atera zenetik Zeledonen aterkia beltza edo urdin iluna izan da. Baina, Javier Maroto alkatearen gobernuak tradizioa aldatu du egun batetik bestera, 55 urtean lehen aldiz. Gasteiz Europako Hiriburu Berde den aitzakian, Zeledonek euritako berdea eramango du.

2010eko urriaren 21ean jakin genuen Gasteiz Europako Hiriburu Berde izango zela. Sari pozgarri hori lortzeko merezimenduak gutxietsi nahi gabe, kolore berdeaz (literalki) nekatzen hasiak gara Gasteizen. Eraikinak berdeak izan behar dira, korbata berdea jantzi du alkateak, Andra Maria Zuriaren plazak argi berdea du, udaletxeko erlojuak ere bai, baita aldundiko zutabeek ere. Monumentu berdea plazan dago, garagardo berdea edan behar da eta pintxo berdeak jan.

Marketing kanpaina itzela berdea dela eta ez dela. Sinboloz josi digute hiria. Badirudi kolore berdeak egiten gaituela berde. Bien bitartean, bosgarren edukiontzia (organikoa) abiatu ezinik dabiltza udalean, froga fasean izoztuta. Bizikleten alokairua ere desagertu egin da, sistema hobeago baten zain.

Horregatik guztiagatik, benetan zer onura dakar Zeledonen euritako berdeak? Nazioarteko turismoari begira eginiko marketing kanpainaren isla bat gehiago besterik ez da. Jendeak hartu beharreko kontzientziazioan baino berdearen moda posmodernoan zabuluka dabilena. Berebiziko garrantziarik ere ez du urte batez guardasol berde bat izateak, baina zer esango dizuet ba… nekagarria da. Zergatik ez ditugu poliziak, leihoak, eskilarak, txakurrak, motorrak, lakuak, porlanak… berdez pintatzen?

Ikustekoa izango da aterki berdearen irteeraren zain Andra Maria Zuriaren plazan abuztuaren 4an bilduko den beira eta zabortza; berdea hori ere?

Gasteizko Txostetan ez zuten saririk behar izan plastikozko edalontzien ekimena martxan jartzeko.