Zeledon itsaso laranjaren gainetik jeitsiko da eta trukean Euskaltelek jaien %10 finantzatuko du

zeledonGasteizko jaien hasiera ekitaldian purua, txanpaina eta laranja kolorea ezinbesteko osagaiak dira. Laranja kolorea? Enegarrenez Euskaltel telekomunikazio enpresak doan banatuko ditu laranja koloredun kamisetak eta txapelak; Andra Maria Zuriaren plaza Euskaltelen spot bilakatuko da. Trukean, “jaiak babestu” egiten ditu Euskaltelek;  aurten 110.000 euro eman dizkio Gasteizko udalari.

Oharkabean, Gasteizko jaietako sinbolo izendatu du bere burua Euskaltelek. Laranja kolorez betetzen da urtez urte Zeledonen jeitsieraren momentua. Milaka lagun enpresaren koloreak jantziz, Euskal Herriko hedabide guztietan doako publizitatea eginez.

Horren truke, Euskaltelek Gasteizko jaien kostuen %10 ordaintzen du, aurten 110.000 euro. Javier Maroto alkateak “izan dezakegun babesle onena” dela esan zuen orain gutxi.

Ez dirudi negozio txarra. Ordainketaren truke Euskaltelek Gasteiz laranjaz beteko duten puxikak, kamisetak, puzgarriak eta txapelak ikustaraziko ditu. Euskaltel balio baikorrekin lotuko du: tradizioa, jaiak, gozamena, gazteria… eta, udalak, festetako ekitaldi gehiago antolatzeko aukera du.

Baina, bi aldeen itxurazko irabazien gainetik ezinbesteko galdera plazaratzen da. Ez al ditu etekin ekonomiko hutsak Gasteizko jaietako usadioak gehiegi eraldatzen?

Badira hau guztia, laranja kolorearen apologia, begi onez ikusten ez dutenak. Txapel xixtrin baten truke haien burua publizitate ibiltari bihurtzen duten milaka lagun biltzen direla diote gasteiztar askok. Beste askok, ordea, ez dute laranjaz janzteko arazorik: txirrindularien kolorea da, bero sapa leuntzen du eta plaza koloreztatu.

Ez al da kezkagarria enpresa pribatu bat jaien sinbolo garrantzitsu bilakatzea? 

Zuek duzue hitza, gasteiztar ala ez.