Zein udalekutara doaz zure seme-alabak?

Zein udalekutara doaz zure seme-alabak? –

Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean.

Aisialdi antolatuari aitortzen badiogu garrantzitsua dela bai haurren garapen integralerako, bai kontziliazio familiarrerako, zergatik ez da bermatzen haur guztiek aukera izatea udaleku irekietan parte hartzeko (etxeko ekonomia edozein dela)? Zergatik da hain mugatua udaleku publikoen eskaintza, askok pribatura jo behar izateraino? Zein balore sustatzen dute zure seme-alaben udalekuek? Zein baldintzatan egiten da lan bertan? Aisialdiari lotutako galdera ugari –eta heldu beharreko erronka dezente–, udara betean ere.

Zein udalekutara doaz zure seme-alabak?

Helburu akademikoen aldean, hezkuntza formalak bigarren plano batean utzi ohi dituenak protagonista dira udalekuetan: alde ludikoa, harremanak, emozioak, gorputza… eta horregatik dira hain aberasgarriak. Baina diskurtsiboki ematen diegun balioa praktikara eraman nahi badugu, ez al lukete ume guztiek aukera eta eskubidea izan behar udaleku irekietan parte hartzeko, etxe bakoitzeko ekonomia kontuan izanda ordainduz (edo doan, egoeraren arabera)? Bide horretan, haur guztiak hartu ahal izateko ez al litzateke eskaintza publikoa handitu behar, edo bestela ez al litzaizkioke eskaintza pribatuari irizpide batzuk markatu behar, inor kanpoan ez uzteko helburuz (ezta arrazoi ekonomikoengatik ere)?

Onartu dezagun, kontzilioa izan ohi da udalekuetan izen emateko abiapuntua, eta zilegi da erabat, gurasoen lanaldiak haurren eskolaldiarekin bat egiteko moduak errazten ez diren bitartean –beste artikulu baterako ematen duen aldarrikapena–. Kasu honetan ere, baliabide ekonomiko urrienak dituzten familiak dira kaltetuenak, lan baldintza prekarioak, kontziliatzeko zailtasunak eta udalekuak ordaintzeko ezintasuna eskutik joan ohi direlako.

.

Duten potentzialtasun guztia aintzat hartuz begiratzen al diegu udalekuei?

Baina itzul gaitezen aisialdiak duen balio hezitzaile handira. Zenbat eta nolako txangoak egingo dituzten jakitetik harago –gora txangoak eta abentura, jakina–, erreparatzen al diogu gure seme-alaben udalekuek eskaintzen dutenari? Erreparatzen al diogu udaleku horietan zein garrantzi duen haurren parte-hartzeak, euskarak eta aniztasunak, nola kudeatzen eta lantzen dituzten harremanak, sentimenduak eta gatazkak, zein leku duten hezkidetzak, ingurumenak, elkar zaintzak, autonomiak, auzolanak…? Duten potentzialtasun guztia aintzat hartuz begiratzen al diegu udalekuei?

Potentzialtasuna egia bihurtzeko, beharrezkoak dira baliabideak eta materiala, ongi formatutako hezitzaileak, lantaldean gogoetatzeko, eztabaidatzeko eta jarduerak planifikatzeko denbora. Beste era batera esanda, beharrezkoak dira inbertsioa eta apustu egitea, aisialdi hezitzaile baten alde. Duela gutxi Donostiako hezitzaile batek salatu du udalekuetatik bota dutela, eskatu duelako hezkuntza formalaren pareko ratioak betetzea –hezitzaile bakoitzeko haur kopuru mugatu bat– eta ordu estrak kobratzea. Administrazioak eta herritarrek badugu bidea aurretik, benetan sinetsita bagaude aisialdia –adin guztietan– ondo zaindu eta elikatu beharreko altxorra dela.

Zein udalekutara doaz zure seme-alabak?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude