Zein da historiako lehendakari onena?

Zure unibertsitari pisuko eztabaida izan liteke hau gaur gauerako. Mahai bueltan solasteko gaia familia giroan, gabonen atarian. Galderak airera bota zale gara ZuZeun. Eta zuri egokitu ohi zaizu erantzutea. Guretzat zure iritzia baita bizigarri. Hori gabe ez baikinateke hutsaren hurrengoa besterik. Hara bada, gaur botatzen dizugun galdera honakoa da: Zein da historiako lehendakari onena? Erbesteko Agirre hura? Egungo EAE mamitu zuen Garaikoetxea? PSOEren lagun egin zen Ardantza? Plan subiranista Kongresura eraman zuen Ibarretxe? Lehen ez-abertzale, ez-euskaldun, Patxi Lopez? Ala egun Ajuria Enean dugun Iñigo Urkullu?
lehendakari


EAEko Lehendakariak

Jose Antonio Agirre (1936-1960)


Euskaldunon esperantza, lider argi eta Athletikeko jokalari-ohia. Erbestetik gobernatzea tokatu zitzaion Jose Antonio Agirreri, eta ez zuen nazioartean Fracoren erregimenaren aurkako eta demokraziaren aldeko babesa bilatzeko esperantza sekula galdu. Ikono bat da, ia alderdi guztietako kideek preziatzen dutena.

Jesús María Leizaola (1960-1978)


Trantsizio lehendakaria, Ramón Rubialekin diktaduratik Espainiar Konstituziopean sortutako erakunde egituraketarako saltoa eman zuen jeltzalea. Agirreren itzalpekoa.

Carlos Garaikoetxea (1980-1984)


Egun ezagutzen dugun EAE mamitu zuen nafarra. Lerdena eta lider sendoa, garaiko askoren idolo ez ezik, fantasia sexuala ere. Lurralde antolaketan EAJren aburuekin ados ez zegoenez, lehendakari kargutik dimititu eta Eusko Alkartasuna sortu zuena. Gaur egun EHBildu koalizioko kidea.

Jose Antonio Ardanza (1985-1998)


Garaikoetxearen aulki hutsean eseri zen elorriotarra. Ajuria Enea paktuaren egile, eta PSE-EErekin batera gobernatu zuen abertzalea. Besteak beste, UPyDko fundatzaile Rosa Diezekin. ETAren aurkako politika gogorrak martxan jarri zituen, eta inflexio puntu bat jarri zuen borroka “antiterroristan”.

Juan Jose Ibarretxe (1998-2009)


Ibarretxe plana bezala ezagutzen dugun Estatutu Berri proposamenagatik gogoratzen dugu. Kongresura joan zelako erabakitze eskubidea defendatzera. Oroituko dugu baita ere, kontsulta egingo zela esan zuelako, baina azkenik hitza jan zuelako. Besteak beste, ziurrenik, alderdi barneko borrokengatik. Josu Jon Imaz, egun Repsoleko zuzendaritzako kide dena, izan zuen aurkari handiena EBBn.

Patxi Lopez (2009-2012)


Lehen lehendakari ez abertzale eta ez euskalduna. Boterera alderdien legea probestuz iritsi zena, hauteskundeak irabazi gabe eta PPren babesarekin. Denok oroituko dugu nola eskaini zuen prentsaurreko bat AEBtatik tren batean bidaiatzen zihoala. Nazioarteko bitartekariak Aieteko adierazpen historikoa egiten ari ziren bitartean.

Iñigo Urkullu (2012-…)


Zaldieroak marraztu ezin izan duen lehendakaria. Borboi erregearen antzeko ahotsa duela diote askok. Ertz oso gutxi ditu eta moderazio pertsonifikatua da. Epeltasuna edo epelkeria, begiratzen dionaren arabera.

Asteko inkesta, Ibarretxe, lehendakari, lehendakaria, onena, Patxi López
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Zein da historiako lehendakari onena?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude