Zatoz alde ilunera (Euskal Herria zerutik)

Zatoz alde ilunera

Maiz kexatzen gara euskaldunok eguraldiaz, gure zaletasun nazional bakarretakoa dela baieztatzera ausartuko nintzateke. Baina batzuetan zerua ez dute hodeiek estaltzen, eta horrelakoetan, munduko osoko pertsonek bezala, gora begiratu eta gau izartsu batez gozatzeko aukera daukagu; beno, agian ez.

Industriaren, autoen eta zarataren kutsaduraz gain, “argi-kutsadura” ere badago, eta bere eraginpean dagoen eremu batean izanez gero ez duzu zerua garden ikusteko tarterik izango; iturri artifizialeko argiak hurbileko ikusmen ahalmena igo eta distantzia luzekoa ezabatzen digu. Baina ikuspuntua aldatu eta gure herria goiti-behera nola ikusten den pentsatu al duzu inoiz, izarrek begiak balituzte?

Zatoz alde ilunera

Nightearth.com web orria daukagu horretarako. Hemen duzue Euskal Herriak gauez eskaintzen duen itxura.

Web orrian sartu eta zeuok, patxadaz, agertzen diren argi-ilunei begiratuz gure herriaren azterketa soziologikoa egin dezakezue. Aztertu dezagun gure geografia ikuspuntu honetatik.

Bizkaia

Lurralde argitsuena da. Biztanle gehien zein industria eta zerbitzu gehien dituena izanda sorpresa gutxi. Dena den kuriosoa da web honetan nola markatzen dituen Hego Euskal Herriko lau hiriburuak eta Algorta. Ez Baiona, ez Barakaldo eta ez Getxo. Algorta! Iluntasun gune nagusia Gorbeiako parke naturala da, eta horretaz gain, Lea-Artibaiko zein Enkarterrietako hainbat gune. Gainontzean bonbilla bat da.

Araba

Arabako biztanleriaren hiru laurdenak baino gehiago bizi dira Gasteizen, lurralde eta hiriburuaren artean biztanleria desoreka handiena daukan herrialdea da; eta hori, noski, argi geratzen da gauez. Laudio, Amurrio eta Miranda de Ebro dira argigune nagusiak. Argi kutsadura gutxien duten lurraldeak dira mendebaldea, Arabar Errioxa eta parke naturalak: Izki, Aizkorri-Aratz eta Gorbeia.

Zatoz alde ilunera

Nafarroa

Gasteizetik abiatuta argi korridore batek zeharkatzen du Sakana Iruñerriraino. Iruñerritik beste hiru argi lerro luzatzen dira, Lizarra, Tafalla eta Zangotzaraino. Erriberak argi ilara propioa osatzen du Ebro ibaiaren aldamenetik. Hortik aurrera badaude argi apur bat daukaten eskualde batzuk: Ultzama, Basaburua, Leitzaldea, Bortziriak, Baztan… Bardeak eta Ekialdea dira zonalde ilunenak, funtsean.

Gipuzkoa

Gipuzkoa argiak inguratzen du, eta iluntasun apur bat dago erdian, Azpeitia-Azkoitia kenduta; diana baten itxura dauka. Zonalde ilunenak Aralar, Pagoeta eta Aiako Harriak parke naturalak.

Zatoz alde ilunera (Euskal Herria zerutik)Lapurdi

Noski, kostaldea da argitsuena, BAB nukleo deritzona bereziki (Baiona-Angelu-Biarritz). Uztaritze, Kanbo eta Hasparrenara iristen da argi haria.

Baxe-Nafarroa eta Xiberoa

Bi herrialdeak ilunak dira orotara, eta agertzen dira, handik eta hemendik, argi txiki batzuk, baina besterik ez.

Euskal Herritarren biztanleriaren hiru laurdenak bizi dira, gutxi gora-behera, hirietan, alde argitsuan. Lurralde desoreka larria daukagu. Egin kasu Darth Vaderri eta zatozte alde ilunera.

 

Zatoz alde ilunera