Zatiaren zati handiena

Bilboko Kafe Antzokia goraino bete zen atzo Jon Maiaren ‘Gazta zati bat’ dokumentala ikusteko, zuzendariaren beraren sarreratxo eta guzti. Ostegun gauetan unibertsitarientzako dantza eta ligoteo pista izaten dena aulkiz atonduta zegoen eta eszenatokia pantaila bihurtuta. Garai zaharretako San Vicente zinemaren antza hangiagoa zuen aretoak, argiak amatatuta. Txalo zaparradarekin hasi zena, era berean amaitu zen.

Idiazabalgo herritik abiatu zuten Nazioen Mundua, herrien autodeterminazioaren aldeko ekimena. Goierrira (Euskal Highlandsetara) hedatu gero, eta azkenik Euskal Herri osora, Eskoziara eta munduko beste izkin batzuetara. “Euskaldun ezberdinen” arteko batasuna bilatzea zuten helburu, izendatzaile komun gisa nazioei aitortu erabakitzeko eskubidea hartuz. Edonork onartu behar lukeen minimo demokratikoaz mintzo da zintan Angel Oiarbide ekimenaren bultzatzailea eta dokumentaleko protagonista.

Luzemetraiak talde honen eboluzioa kontatzen du, Eskoziara egindako bidaiak eta bi herriek batera antolatutako ekimenak barne. Herri kirolak eta gaztagintzaren irudia ardatz harturik doa denboran aurrera, egoera politikoak eskemak hautsi arte. Lana erraztu egin ziela esatera ausartuko naiz. Azken urteetako gertakariek baldintzatu zieten gidoia zeharo, eta Jon Maiak asmatu egin zuen ezustea kudeatzen. Metadokumental, edo nahi baduzue, make in of bat osatu du hasi zirenetik, Aieteko konferentziara arte gertatutakoak narratuz. Espontaneoki sortutako zinta dela nabari da, ez da behartua ikusten ia ezer. Hain zuzen, naturaltasunak ematen dio duen indarra eta hunkigarritasuna.

Luix Katarain artzainaren istorioa ezin da neurtu urre poltsatan. Berdin zintako beste hainbat irudi eta unerekin. Berebiziko testigantza dira etorkizunerako. Euskal Herria mundura eramateko bide aproposa. Gainera, Michale Moore dokumental zuzendari estatu batuarraren kontatzeko era gogora dakarren, bertsolariaren narrazio umoretsuak asko arintzen ditu 99 minutuak. Daitort ikaragarri gustatu, oilo ipurdia jarri eta parre egin dudala ‘Gazta zati bat’ ikusten.

Gazta osoa

Une batez ordea, Juan G. Andres kazetari eta lagunaren kritika hura etorri zitzaidan burura. Eta saiatu nintzen Gazta zati honen beste zatiaren lekuan jartzen. Lehenago ere Salvados programa ezagunari kritikatu izan diodan era berean, Maiaren dokumentalari ere kritika egin beharrean nago: konstituzionalismoaren ordezkaririk ez da ageri bere iritzia azaltzen. Honek emaitzari itzal txiki bat gehitzen dio. Zuzendariak azaldu zuenez, gonbiteak errefusatu zituzten eta ezin izan dute inor elkarrizketatu. Pena bat da, izan ere, gazta erdiak Ordiziko enkantean 7300€ balio badu, zenbat balio du osoak?

Dokumenatalaren trailerra:

bat, dokumentala, Eskozia, gazta, gazta zati bat, Herri kirolak, idiazabal, Jon Maia, kritika, nazioen mundua, zati, zinema
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude