Zartako t’erdiaren legea

Ezer ez da sekula guztiz perfektua eta hutsak ere izan ditu Bilboko itsasoan bizi izan dugun igerialdiak, baina nago ikasgai berrietarako tenorean gaudela, herrigintzari dagokionez.

Niri neuri Telesforo Monzon ekarri izan dit gogora urtarrilaren 11ko manifestazioaren inguruan gertatutakoak:

Prentsaurrearen aurretikoa izan zen tuit hori,  baina alderdi abertzale guztiek manifestaziorako deia egin zutenean ere, pozaren pozez txiokatu nituen ostera ere Maltzaga kontuak:

Izan ere azkenaldiko pozik handiena jaso baikenuen deialdi bateratuarekin eta, itxura batean bederen, betikotutako etsipenetik irteteko moduko jarrerak agertu ziren, azkenean.
Ez da ahaztu behar, hala ere, Tantaz-Tantaren lana, egindakoa handia eta ikaragrria izan bazen, zer esanik ez agur esateko orduan ukan zuten modu dotorea: guk gurea egin dugu eta populuari dagokio orain berea. Aitakeria orori uko egin eta herriarengan konfiantza erabatekoa dutela erakutsi zuten horrela, besteak beste.
Izanak izan, esanen nuke bidegurutze interesgarri batera ekarri gaituztela zirkunstantziek eta Tantaz-Tantak aldarrikatzen duen ezpaletik, bide berriak jorratu behar ditugula, originalak eta sekula gaurdaino erabili gabeko horietarik.

Madrilekiko nola jokatu behar den ederki ikasi dugu oraikoan. Zartakoa zetorkigun handik. Debekuak kolokan jarriko zituen euskaldunon arteko zera guztiak, batez ere duela hamar urteko gertaera negargarri haiek gogoan: Ertzaintza dela eta ez dela, debekura makurtu edo ez makurtu… Kontraesana, eztabaida alferrikakoa, tentsioa, dejá vua eta nekea…

 

Kakazaharra zetorren guretzat, beti bezala, geure arteko giroa aldrebesteaz gain, bakebidea atzenduko zuen zaplastada…

Nahi dutena esango dute, baina bistakoa  da ez gaituztela maite batere, ez dagoela atseginik guretzat, ez behintzat, haien erabakietan. Merkantzia merke bat baizik ez garela, boto batzuen trukean, biktimen aitzakian…

Baina gainera zetorkigun zartakoaren indarra geuregan hartu ordez, geuk jasan eta sufritu ordez, Mazzantini bezainbesteko toriatzaile trebeak bailiran, Madrili itzuli zioten gure politikariek kolpea, handituta, gainera. Behingoagatik. Gora eurak!
Xalotasuna barkatzen badidazue, aukera politiko guztien artean, fisikariz osatutako kabinete zientifiko txiki bat bat behar genuke antolatu, Madriletik zartako bat datorkigun bakoitzean, kolpea geuk jaso ordez,  haren indarrari txikuelina bat nola egin erabakitzeko, eurei itzultzeko zaplastekoa handituta. Zartakoa ematen dutenean, beste matraila jarri ordez, zartako t’erdi itzultzeko ordainetan.

Ikasiko dute orduan. Ala ez, hori euren kontua da, baina zuhurrago ibiliko direla segurua da.

 

 

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)