Zapaltzaile zapalduen zauri eta pribilegioez

Zapaltzaile zapalduen zauri eta pribilegioez –

Duela bi aste Eusko Ikaskuntzak Intersekzionalitatea eta identitate anitzen inguruan antolaturiko sinposioan izan nintzen. Han ere nabari zen Durangoko Jardunaldi Feministek utzitako ajea. Hamar urte ziren azken jardunaldiak egin genituenetik eta denbora ez da alperrik pasa. Euskal Herriko mugimendu feminista inoiz baino indartsuago eta biziago dagoela demostratu genuen beste behin ere Durangon elkartu ginen 3000tik gora feministek. Besteak beste, egun eragileek mahai gainean dugun erronkarik potoloenetarikoa mahai gainean jartzeko ausardia izan genuelako: intersekzionalitatearena, hain zuzen ere.
Zapaltzaile zapalduen zauri eta pribilegioez
Arg: Eusko Ikaskuntza

Eta ausardia diot, badakigulako intersekzionalitatearen bidegurutzea gatazka dela, botere harremanak direla, zapalkuntzen teoria eta praktika bat dela, baina baita pribilegioena ere, eta zapaltzaileak garela zapalduak garen bitartean eta alderantziz. Eta honek min egiten du, zauriak irekitzen ditu. Eta gatazka mahai gainean jarri eta irekitako zauriak kolektiboan pentsatu eta sendatzea erabakitzen duen mugimendu bat, bizirik dagoen mugimendu bat da ezinbestean, ausardiaz bidea egiten ari dena. Eta horretaz badugu zer ikasi.

Eta hona hemen mugimendu ezberdinen arteko aliantza edo saretzearen desioan gabiltzanoi mahaigaineratzen zaigun galdera: Nola eraiki aliantzak intersekzionalitatetik? Nola sortu aliantzak desberdintasunak zentroan jarriz, zapalkuntzen hierarkizazio batetik aldenduz? Ez dago errezeta magikorik, hanka sartuko dugu behin eta berriro, baina garrantzitsuena bidea egiten hastea da hurbiltasunak zaindu eta distantziak kudeatzeko tentsio horretan paralizatuta geratu gabe, kontraesanak onartuz, zintzotasun eta eskuzabaltasun politikotik, zapalkuntza eta pribilegioak esplizitatuz, interpelaziorako espazio babestuak blindatuz, enpatia ariketa erradikala eginez eta komunak izango diren espazio berriak sortuz. Eta horretan gabiltza, bidean goaz. Salda Badago!

Intersekzionalitatearen inguruko jardunaldietara bueltatuz, ordea, beste hausnarketa bat ere badatorkit burura. Izan ere, intersekzionalitatea mugimendu sozialetan eta politika publikoetan nola landu hausnartzeko foroa emakumez* osatua zegoen. Eta beraz, non daude gizonak emakumeok* gure arteko gatazka, zapalkuntza eta pribilejioez hausnartzen dugun bitartean? Eta nagusiki emakume* zuriz osatua zegoen gainera, eta beraz, non daude emakume arrazalizatuak?

Badugu goiko galderei heltzen hasteko biderik. Jomugak non jarri eta aliantzak nondik eraikitzen hasteko heldulekurik. Zehazki, eta soldatapeko lan merkatu formalera hurbilduz, eskubide eta babes kolektiborako tresnen eraikuntzan gabiltzan eragileok badugu zer esan, eta batez ere, zer egin. Galde diezaietela bestela esplotazio eta kasu askotan esklabutza egoeran lanean diharduten etxeko langile eta barne erregimenan lanean dabiltan emakume langileei. Lan sektore prekarizatuenetarikoa dugu hau, soldatapeko lan merkatu formaletik at eta Espainiako atzerritartasun lege krudelaren menpe kasu askotan. Nagusuki jatorri nazional, kultural anitzeko emakumez osatutako lan sektorea. Hau ere ez da kasualitatea.

Ez gaitezen ahaztu hausnartzeko denbora, baliabideak eta gaitasuna izatea ere emakume zuriok dugun pribilejio bat dela egun, eta beraz, ezinbestekoa dela emakume arrazalizatuekin zubiak eraiki, eztabaida honetan interpelatuak sentitu eta dagokigun tokian kokatzea. Eta ez gaitezen despistatu eta ez dezagun alerta feminista itzali, gizonen lehentasuna ez baita (ezta ezkertiarrena ere) beren pribilejioez hausnartu eta hauek ezbaian jartzea.

Guri tokatuko zaigu eta gizonak deseroso sentiarazi eta beren tokian jartzea ere.

Zapaltzaile zapalduen zauri eta pribilegioez

ELAko Hezkuntza arduraduna

6 pentsamendu “Zapaltzaile zapalduen zauri eta pribilegioez”-ri buruz

  • Marx hil duzue 2019-12-14 11:39

    Etsipenez ikusten dut ELAk intersekzionalitatearen mantra besarkatu duela.
    Gero euskal langileen egoeraz harrituko gara!

  • Intersekzionalitatearen kontzeptutik eusko-feminitatea sustatuz
    Heteropatriarkatu falokratikoaren homo-praxiari kaña!

  • Maialen Aranburuk idatzia:
    “Inoiz ez naiz (in)justizia heteropatriarkalaz fidatu. Ezta gizonez ere, orohar, gehienetan (eta hala egin dudanean, gehienetan, kolpe latzak jaso ditut). Beti izan naiz kontziente erasotzaile potentzialak direla, nahiz eta momentu batzuetan ahaztu ere egin zaidan.”

    ELA sindikatua esku egokietan dago, haren militanteen erdiak susmagarritzat eta erasotzaile potentzialtzat jotzen omen ditu Maialenek.

    http://www.klitto.eus/azaroak-26/

  • euskaldun bat 2019-12-15 18:43

    Emakume zuri hau hain tonta ere ez da. Haizeak nondik jotzen duen ondo daki eta karreran aurrera egiteko besarkatu behar den diskurtsoa ondo ezagutzen du.

  • Amonamantangorri 2019-12-15 22:10

    “… hausnartzeko denbora, baliabideak eta gaitasuna izatea ere emakume zuriok dugun pribilejio bat dela”.

    A, horretarako abantaila edo aukerak ditugun langileak pribilegiatuak al gara? OK. Jende honekin bukatu da. Baldin Aranburu bezalako batentzat “pribilegioa” bada pertsonok hausnartzeko denbora, baliabideak eta gaitasuna edukitzea, kezkagarria iruditzen zait sindikalista batek hori pentsatzea.

    Pribilegioa ezin da definitu gutxik gozatzen duen eskubidea bezala; pribilegioa arbuiatzeko moduko prerrogatiba bat da, beti.

    Hitzarmen kolektiboa duten langileak ez dira pribilegiatuak. Zaintzaren sektorean, lan baldintza erdipurdikoetan lan egiten duten langileak ez dira pribilegiatuak, baldintza erabat prekarioetan dabiltzanen aldean.

    Edo, bestela, oker nagoela uste duenak azaldu diezadala: pribilegioa zer da? Eskubidea zer da? Zer da zanpakuntza?

    Gogora dezagun terminologia intersekzional hori Estatu Batuetatik datorrela, non ez duten gizarte segurantzarik eta non korronte sozialista guztiak erabat garaituak izan diren.

  • Gizon guzti-guztiak bere lekuan jarri behar baditu Aranburuk, baditu lanak.
    Era honetako planteamenduekin ez dakit ba inora helduko garen inoiz…