Zapaldua izatearen gazi- gozoak

Aurreko astean gertaera benetan harrigarria bizi nuen Bilbaoko kalean. Koadrillarekin topo egiteko bidean, neska bat (beltz kolorekoa) “Soy española” oihuka entzun nuen, poz-pozik, kalearen erdian. “Zorionekoa zu, nik ez dut espainol izan nahi” pentsatu nuen segidan. Halere, galdera burura etorri zitzaidan, zergatik nahi du izan espinola neska honek?

Erantzuna galdera bota bezain laister etorri zitzaidan. “Espainol izanda, Europa Batasunaren barruan egoteak, hain justu ere, ate asko zabaltzen ditu munduan zehar”. Egia da, ekonomikoki “libre” den mundu honetan, kapital finantzieroa eta lehen munduko nortasun agiriak dira libre soilik. Besteei, ekonomikoki eta sozialki zapalduak bizi diren horiek, “igarobide” eske ibili behar izatea suertatu zaie. Etorkizun latza.

Izan ere, euskaldunok, politiko eta kulturalki zapalduta bizi arren, ezin gara bigarren eta hirugarren munduan bizi den jendearekin konparatu. Haiek bai badaukate bizirauteko premia; guk ez bezala. Euskaldunok ederto bizi gara Europa Batasunaren barruan eta munduaz gozatzeko aukera gehiago ditugu. Alta bada, guretzat ez dago apenas mugarik (Ipar Korea etortzen zait burura). Maliarrak, Kolonbiarrak edo Pakistandarrak, aldiz, “lurraz eta itsasoz beteriko mugak” zeharkatu behar dituzte hona heltzeko.

Hau guztia dela-eta, estaturik bako nazio batean bizitzeko, nahiko pribilegiatuak gara euskaldunok. Nahiz eta, Berri Txarrak zioenez, eguzkia “gero eta pribatuagoa” den hemen ere. Guk, behintzat, zer jan eta zer edan badaukagu oraindik. Askok geure ordez gustura biziko lirakete, aurreko astean ikusi nuen andrea, kasu. Guk, aldiz, ez dut uste Kurdu edo Saharui baten tokian bizi nahi izango genukeenik; izan ere, asko maite dugu geure bizimodu oparoa eta, salbuespenak salbuespen, ez dut aldatzeko grina handirik igertzen.

PD: Irakurle maitea, ez nazazu gaizki interpreta, baina euskaldunok bizi garen egoeran “nahiko eroso” gaude. Espainiaz asko kejatzen gara, halere, erdaraz bizi eta bertako kateak eta modak segitzen ditugu. Hori ukaezina da eta, berez, ez da txarra izan behar. Denetarik ezagutu behar da, baina krisi honek erakusten duenez, bizirauteko nor berak bere filosofiari eutsi behar dio eta guri, euskaldunoi hain justu ere, geureari eustea dagokigu (euskara, kooperatibak, punta- puntako industriak, ekonomiaren ikuspuntu soziala; “hirugarren bidea“, koadrilla egitura, jabetzarekiko daukagun ikuspegi kolektiboa…). Horixe da independientea egiten gaituena, gero gerokoak etorriko dira, halabeharrez (hainbeste nahi dugun independentzia politikoa). 

PD2: Iparraldeaz ez gaitezen mintza. Hasteko, ez naiz aditua eta, segitzeko, ez dut independiente izateko premia igartzen ez Lapurdin, ez Baxe-Nafarroan ezta Xiberuan ere. Zoritxarra geurea. 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.