(Z)ama

(Z)ama –

Itzea Urkizu Arsuagak Tolosaldeko Atarian.

Mendetan, emakumeek nahitaez izan beharreko -tasun bat izan da amatasuna; hilekoaren hurrengo pausoa, benetako emakume bilakatzeko. Hori, eta belaunaldi berriak sortzeko prozesu biologikoa. Gorputzari loturiko kezkez harago, ordea, amatasuna aspaldi bilakatu zen taula-jokoan mugitu beharreko pieza, gizarte egiturak politikoki berrantolatzeko.

Jertse zabal bat jantzi duzulako, azalpenak ematen aritu beharra. Pintxo-potean lagunei gezur txikiak esatea, ezertaz kontura ez daitezen. Orain arte eraiki duzun eta eraiki zaituen inguru sozialetik bat-batean desagertzeko beldurra sentitzea. Bikote harremana enpresa baten pare antolatzea, zer gerta ere.

Selektibitateaz geroztik jomugan izan duzun lanpostua kolokan ikustea. Edo, lanaren eta bizitzaren arteko marra hertsian funanbulista lanetan aritzea. Zure adin eta egoera zibilari tokatzen zaiona egin ez, eta norbaiti huts egiten ari zarela pentsatzea. Ezezagunen iritziak entzuteko obligazioa izatea, haiek nahi duten doinu eta neurrian.

(Z)amaHori guztia da amatasuna, emakumeentzat; hori guztia, eta beste hainbeste egoera, erabaki eta zalantza. Izan ere, giza espezieak bizirauteko giltza biologikoa, abiapuntu bat baino ez da amatasunak pizten dituen iritzi trukeei begira jartzeko. Inon idatzita ez egonagatik ere, gizarteak sailkatu egiten baititu ama izateko modu eta ereduak, animaliak edo musika tresnak familiatan nola. Ama izan daiteke tradizionala, langilea, naturalista, utzia, axolakabea, estuegia, ona edo txarra. Ama ideal bat da, eta amatasuna prototipo perfektu horiei lotzen zaie. Eta, haurrak izan edo ez izan, amatasuna bilaka daiteke emakumeen bizitzetako motxila pisutsuenetako bat: (z)ama.

Sufragismoaren aldarriek lortu zuten gizartea nolabait irauli, eta emakumeen lan munduko emantzipazioa eskuratzea. Ordea, feminismoa ez zen bigarren olatua heldu bitarte hasi, amatasunak izan litzakeen ertz kamutsei begira: borondatezko amatasuna, bortxazko antzutzeak, antisorgailuak, amarena gainerako rolekin bateratzea, eta gorputza, eta garuna. Finean, pertsonala politikoa dela berrestea.

Orduz geroztik, gaia barne-eztabaida eternal bilakatu da mugimendu feministaren nahiz feminismo akademikoaren barruan, eta amatasuna ikusi eta bizitzeko moduak dantzan ari dira hainbat teoriarekin.

Zergatik, baina? Kasu askotan, elkarren kontra talka egiten dutelako amatasun esperientziak eta nortasun feministak; iritzi teorikoek eta praktikek. Erditu aurretik zuten lanean jarraitu duten emakumeei zail suertatzen zaielako haurraren zaintza erdigunean jarri, eta hark eskatzen duen denbora eskaintzea. Edo, hori egitekotan, beren balizko independentziari uko egin beharko lioketelako.

Bide horretan, Elixabete Imazek dio, gaur egungo amek beren burua belaunaldi berri baten ordezkaritzat ikusten dutela: amatasun eredu berriak bilatzen dihardutela, baina, aldi berean, ez dutela erabat aldendu nahi beren amengandik jaso duten eredutik. «Emakumeak aldaketaren sustatzaile eta onuradun dira, eta batera sentitzen dituzte, aldarrikapena eta errua; autonomia nahia eta ama izateko gogoa». Autoreak argi dio «bateraezinak» direla ideala eta praktikan jarri nahi dutena, eta uste du arazo nagusia gizarte egituretan dagoela.

Eta horretan bat datoz Anita Botwin eta Marcela Lagarde ere, eta zaintzari jartzen diote fokua, berau komunitatearen arazotzat hartzeko beharraz ohartaraziz: «Gizartea da amatasundu behar dena, ez emakumeok». Bide horretan, bada amaren izate hutsa desagerraraztea defendatzen duenik ere, Brigitte Vasallo, kasu: «Amatasun eredu jakin batzuk garatzeak emakumea desagertzea dakar. Ama eta pertsona izan nahi baldin baduzu, gizarteak zailtasun handiak jartzen dizkizu. Gainera, faltsua da ama izan ala ez izan eztabaida, eta hain justu horrek izan beharko luke amatasun feminista: amatasuna desokupatzeak».

Ozeano zabal horretako korronteetan, hiru tanta baino ez dira Amaia Vaquero, Garbiñe Azaldegi eta Laida Agirre tolosarrak: ama bakarra, zaintza erdigunean jartzea erabaki duen ama eta haurrik ez izatea erabaki zuen emakumea. Eta asko dute esateko amatasunaren plazeraz eta zamaz, ia emakume guztiek bezalaxe. Bihartik astelehenera bitarte, egun bakoitzean elkarrizketa bana irakurgai izango duzue ataria.eus webgunean.

(Z)ama (Z)ama (Z)ama

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.