Zaintzak, garaiotan

Zaintzak, garaiotan –

Amaia Lekunberrik Argia aldizkariko Engranaje Artean blogean.

Konfinamenduan, isolatzeak aterabidetik baino galbidetik gehiago zuela oharturik, zaintza sareak eratu ziren han-hemenka, eta kolektiboaren, elkar-babesaren eta elkar-zaintzaren garrantzia azpimarratu. Joan dira ordutik zenbait hilabete, eta zaintzak segitzen badu ere ezkerreko sektoreen diskurtsoetan presente, antzeman daiteke beronen ulerkerari dagokionean ezberdintasunak azaleratzen hasi direla.

Zaintzak, garaiotanEzberdintasun horiek zerbaitek egin baditu ageriko, izan da kaleak hartu eta protesta egiteak egungo testuinguruan duen (des)egokitasunaren bueltako eztabaida. Zenbaitek, osasunaren izenean, etxean geratzearen aldeko postura agertu du, argudiatuz gu guztion zaintzak horixe exijitzen duela momentuotan; postura horretatik protesten kriminalizazioa egitera iritsi denik bada, protesta eta zaintza kasik aurkakotzat agertuz, eta kaleak hartzea eskuin muturraren logika neoliberaletan erortzea litzatekeela ulertzera emanez. Bestelako iritzia agertu duenik bada, argudiatuz kaleko mobilizazio oro eskuin muturrekotzat jotzea ezkerrari protestarako zilegitasuna deuseztatzea litzatekeela, eta bizi dugun koiunturak exijitzen duela kalera ateratzea, izan oinarrizko eskubide eta zerbitzuen alde, izan eskuin muturrak jendearen ondoeza kapitalizatzea eragozteko.

“Protesta oro negazionista da” premisari jarraiki iritzi publikoaren zati handi batek kontrakoa egozten dion arren, zaintzaren esangura zabalena bigarren posturak darabilenaren iritzikoa naiz. Izan ere, pandemia hasi zenetik gaiztotuz doan egoera –aspaldiko krisi ekonomiko bortitzena dirudiena dugu ate joka– ari da eragiten geroz eta jende gehiagok ez izatea bermatuta beharrizan material oinarrizkoenak, eta minimo horien bermeak, errealitate horren aurrean sorgor dirauen aginte klasearen aurrean, exijitzen du kalera atera eta protesta egitea; bai behintzat jendarteko estratu zaurgarrienetaraino helduko den zaintzaz badihardugu, guztion osasunaz hitz egin nahi badugu.

Geroz eta gordinagoa den egoeran urkoaren zaintzak exijiitzen ditu geroz eta irmoagoak diren esku-hartzeak, alegia. Klase zantzu argiak dituzten “osasun” neurrien aurrean, diskriminatzailea ez den zaintzak ezinbestean baitakar gatazka. Horren adibide, azkenaldian hainbat etxe kaleratzeren aurkako mobilizazio jendetsuen irudiak ari zaizkigu heltzen, Kataluniatik gehienbat, ageriko eginez osasunaren izenean etxean gelditzeko agintzen diguten berberek jendea aterperik gabe uzteko eskrupulurik ez dutela; eta halakorik ekiditeko modu bakarra, gaur eta hemen, kalea hartu eta erantzun sendoa artikulatzea dela. Zaintza amaren magalaren goxotasunarekin lotzen badugu ere, nekropolitika inposatzen denean eta pribilegioen araberakoa denean, ezinbestean doalako gatazkaren eskutik.

Zaintzak, garaiotan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.