Zaindu gertu duzun hori

Zaindu gertu duzun hori –

Inoiz ahaztuko ez ditugun aste hauetan, askotariko jarrerak ikusi behar izan ditugu, asko eta asko gorrotagarriak…

Zaindu gertu duzun hori

Balkoietako auzokide salatariak; hanburgesa bat jateko gogoa dutelako Glovo edo antzekoak deitzen dabiltzanak; etxerik gabeko pertsonek airea hartu dezaten futbol partida bat jolasten ari direla ikusteagatik haserre bizian jartzen direnak; krisia aprobetxatuta igandeetan ateak zabaltzen dituzten saltoki handiak edota maskarilla batengatik dirutza kobratzen ari direnakā€¦ Baina diotenez, momentu latzenetan ere, gure alderik txarrena azaleratzeaz gain, onena erakusteko gai gara ere, eta horixe azaltzen ari dira bilbotar asko egunotan.

Izan ere, larrialdi egoera honen aurrean, auzoetako komunitateak erreakzionatzeko gai izan dira, beste behin ere erakutsiz gure lurraldean alternatiba eraldatzaileak eraikitzeko prest gaudela. Egun gutxiren buruan hamaika zaintza sare herritar osatu dira: Alde Zaharra, Santutxu, Bilbi, Uribarri-Zurbaran-Zurbaranbarri, Deustu, San Inazio, Deustuko Erribera, Irala-Ametzola, Indautxu-Basurtu, Zorrotza, SanFran, Arangoiti… Beraien artean anitzak dira, baina denek dute zerbait komunean: konpromiso kolektibotik jaiotako zaintza libre batean oinarrituta daudela, hau da, inor esplotatu behar izan gabe funtzionatzen dute. Antolaketa eredu honen bidez, geure komunitateetako elkarbizitza eta biziraupena halabeharrez zaintza kolektiboaren eskutik etorri beharko dela erakusten ari dira. Alegia, auzokide bakoitzaren konprimisoa beharrezkoa izango dela komunitate osoarena bermatu ahal izateko. Sare herritar hauek komunitatean elkar zaintzeko sortzen ari diren espazio eta zaintzeko moduei esker, kapitalismoak, arrazismoak eta patriarkatuak inpostu nahi dizkigun bakardadea, isolamendua eta beldurra gainditu daitezke.

Horrek ez du esan nahi bestelako zaintza mailei garrantzia kendu behar diegunik. Izan ere, gutako bakoitzak nor, non eta nola zaintzen ari garen kuestionatu beharko diogu geure buruari, eta horren inguruko hausnarketa sakona egin. Bestetik, ezinbestean, instituzioei exigitu beharko diegu dagokien partea betetzea, sistema publikoaren erdigunean pertsonak zaintzeko zerbitzu nahikoak eta duinak bermatu ditzaten. Baina geure etxeetako lau hormen arteko espaziotik, egitura publikoetara dagoen amildegi hori gainditzeko, pertsonek elkarri laguntzeko sare komunitarioak eraiki ditzakegu, eremu pribatu eta publikoaren artean zubi lanak eginez.

Ez dira gutxi auzoetako zaintza sareak kritikatu edo desprestigiatu nahian dabiltzanak, baina era berean, ez dute zaintzarako eskubide kolektiboa bermatzeko inongo alternatibarik eskaintzen. Arlo komunitarioaren garrantzia ukatzen duten horien ustez, instituzioek ez dituztenean pertsonen eskubideak behar bezala asetzen, ohiko familiak izan behar dira (alegia, emakumeak) hutsune hori bete behar dutenak. Eta bada garaia horiei esateko aski dela; ez dugula jarraituko sistema hori erreproduzitzen; auzokideen arteko laguntzaren bidez, zaintza lanak sozializatzea eta kolektibizatzea guztiz zilegia beharrezkoa dela, gainean dugun krisi berri honen ondorioak betikoek ordaindu ez ditzaten.

Konfinamendu egunak gogorrak izaten ari dira, baina seguru nago krisi honen momentu latzenak ez direla oraindik heldu. Horregatik, egoera honen ondorioak kudeatzeko garaia heltzen denean, berebizikoa izango da gizartearen bazterretako ikusezintasunean dauden horiek beste behin ez ahaztea; eta horretarako, zaintzaren dimentsio kolektiboaren inguruan hausnartzeaz gain, praktikan jartzen jarraitu beharko dugu.

Besarkadak debeku bilakatu zaizkigun honetan, hitzekin bada ere, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Bilboko auzoak elkar zaintzeko eta saretzeko espazio bihurtzen ari zareten horiei guztiei! Kapitala eta bizitzaren arteko talkan, oztopoak oztopo, xamurtasunak bidea egiten du.

Zaindu gertu duzun hori
Zaindu gertu duzun hori

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.