Zaindu dezagun ondarea

Zaindu dezagun ondarea –

Atzo hil zen Pepe Rei.

Zaindu dezagun ondarea
Arg: NAIZ

Galiziarraren ibilbideaz hitz egin dute gertutik ezagutu dutenek (estekak beheran). Itsusia da norbait hil bezain pronto herentzia kontuez hitz egiten hastea, baina ez zait iruditzen kasu honetan hala denik, Pepe Reik denoi utzi baitigu zer edo zer, baita azken 19 urtetan bisita egitera joan ez zaion esker txarreko bilobari ere: ikerketa kazetaritza.

Definizio hau topa dezakegu sarean: “Ikerketa kazetaritza kazetarien iniziatibaz ezkutuan gorde nahi diren gaien inguruan egiten dena da. Gaiak oso desberdinak izan daitezke, bai erakundeen inguruan baita ere pertsona zehatzen inguruan. Normalean hiru baldintza bete beharko lituzke: erreportari baten lana izan behar da, lanak zerbait berri plazaratu behar du eta talde batentzat denbora luzez interesekoa izan behar du. Arrisku handiko aktibitatea da eta kazetari asko hilda edo preso bukatu dira”.

Ze osasunekin dabil gurean ikerketa kazetaritza? Gaiaz dakitenei zer edo zer entzunda, eskas samar. EGIN-ek gogor heldu zion gaiari, eta itxi zuten; Ardi Beltza eta Kalegorrian aldizkariek ere, eta itxi zituzten. Aspaldi hartan Pepe Reik eta beste lau katuk argitara atera eta defendatu zutena egia dela frogatu da: torturak, narkotrafikoa, monarkia… Borroka armatuarekin dena estaltzen zen urteetan.

Ikerketa kazetaritzari buruzko definizio horretan aipatzen da ikerketa kazetaritza zer den, baina ez nola garatu ahal den. Hainbat osagai behar dira: hedabidearen izaera independentea, independentzia ekonomikoa, eta egoera ekonomiko ona. Besteak beste. Lehena zure ikerketak norbaiti kilimak egiten dizkionean ezin dezan moztu, bigarrena instituzio edo enpresek diru iturria kentzen dizutenean aurrera jarraitu ahal dezazun, eta hirugarrena aurrera jarraitu ahal dezazun eta ez hori bakarrik, lehen egiten zenuena eginez. Zeren eta ikerketa kazetaritzak suposatzen du soldatapean izatea egunero egunkariko orrialdeak beteko ez dizkizuten kazetariak, agian hilabete bat zerbaiten atzetik pasa eta gero beste munduko ezer ez dela azalduko asumitu eta aurrera jarraitu behar dutenak.

Nor dago horrelako zerbait egiteko baldintzetan? Hedabide publikoak ez dabiltz horretan; ahaztu gaitezen eskuin lerrokoekin; NAIZ sekulako zigor ekonomikoari aurre egiten; BERRIAren egoera ez dut ezagutzen, baina pentsa daiteke ez dela errazena izango; tokikoak… Gehienak egunerokotasunaren zurrunbiloan itota, egunero hedabidea bera martxan izateko nahikoa komerirekin. ZuZeu bera, lau lagunez osatua, denok jornada erdian, komunikazio zerbitzuak eskaintzen gure burua finantzatu ahal izateko, hamaika lanekin…

pepe reiBaina, egon al daiteke argitxoren bat kobazulo horretan? Aspaldian ikerketa kazetaritzaren inguruan irakurri dudan berri interesgarriena ez da inongo portadan agertu, ARGIA-ko atzekaldeko orritxo batean baizik: “Ikerketa kazetaritzaren gakoak”. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak ikastaro bat eman die aldizkariko hainbat kideri ikerketa kazetaritzaren inguruan, eta aurreko lerroetan esandakoaren erakusgarri, ez ziren soilik erredakzioko kideak joan, baita komertzial lanetan aritzen direnak ere. Ekonomikoki erronka bat delako sastraka horietan sartzea.

ARGIA. Hedabide independentea. Ekonomikoki erabat autonomoa den jada ez dakit, baina harpide eta babesle sare zabal batekin atzean. Posible al litzateke astekaria bide hori jorratzen hastea? Herri justuago bat nahi dugun guztion konpromisoa behar da horretarako, besteak beste, harpide eginda. Bai ARGIAn, bai BERRIAn, bai bakoitzak hobesten duen komunikabidean.

Pepe Reik 2002an kotxe istripu hura izan zuenean denok galdu genuen zerbait: zenbait kontu geratu dira ikertu gabe, argitu gabe, zabaldu gabe…? Baina denok irabazi genuen zerbait Cenlleko gizon hura paraje hauetan lurreratu zen egunean.

Ikerketa kazetaritza sendoa duen herri batek osasun demokratiko handiagoa izango duelako, zaindu dezagun Reiren ondarea, eta zaindu ditzagun berau posible bilakatu ahal duten tresnak.


Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Zaindu dezagun ondarea
Zaindu dezagun ondarea

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

21 pentsamendu “Zaindu dezagun ondarea”-ri buruz

  • Tipo honek ba al zekien euskara? Euskaraz hitz egiten al zuen?

  • Argia eta Berria harpidetu?! Ezker ideologia globalista politikoki zuzena eta zentsuratzailea finantzatzeko… ezta pentsatu ere!

  • Amonamantangorri 2021-03-10 23:07

    Bai, Che, euskara ikasi omen zuen.

  • Che omen zaren horri zuzendua. Euskal Herrian euskaraz ez dakiten askok euskaraz dakiten beste askok baino lan handiagoa egin izan dute euskararen alde. Euskaraz jakiteak ez digu inolako euskalduntasunaren patenterik emoten.
    Pepe Reyk lan ikaragarria egin zuen gure herri honen alde eta lan horrek gure aitortza merezi du.

  • Bai, bai… aspaldiko kontua da hori. Pablito Iglesiasek ere noizean behin egiten ditu halako gestito batzuk euskaldunekiko, orain dela gutxi bat. Eta euskalduna horrelakoetan buztantxoa mugituz jartzen da lotsa emateko moduan. Ez du barre gutxi egiten Pablitok gurekin. Engainuaren artean gu baino askoz espabilatuagoak dira maketoak. Beti horrela izan da, Nafarroaren konkista garaietan ere hala zen. Niretzat, Galindo, Pablito eta parekoak enbor bereko ezpalak dira. Nik tribu horrekin ez daukat zerikusirik eta ez dut ezer jakin nahi ere. Vascoak erderaz babestu daitezkela pentsatzen jarraitu zuk.

  • Milaka vaskoei esker, erdal eremuetan ikastolen proiektua sustatu zen. Milaka vaskoen esfortzu eta lanagatik. Vasko askok gure aitortza jaso beharra daukate, merezimendu osoz.
    Gipuzkoako Goierrikoek seguruenik halakorik ez duten bizi izan, baina Bilbo Handiko biztanleek hori oso argi dekogu.
    Euskal proiektuarekin bat egiten duten vaskoak uxatuz gero, ez dago euskal proiekturik.
    Jakina!!!! Argi edukiaz euskal proiektuarekin bat egiten ez duten vaskoak etsaiak ditugula, eta hoien aurrean amore ematerik ez dagoela.

  • Tipo bat ez da sekula Euskal Herriaz arduratu baina iraultzaile-komunista petoa da eta ikusten du Euskal Herria iraultzaren foko bat dela ezker abertzaleak eta ETAk egindako ekintzegatik. Honera dator, ezker abertzalearen aparailu propagandistaren buruzagi izendatzen dute eta goizetik gauera abertzalea da, euskaltzalea eta EAJko koadrilla autonomista baino askosaz jatorragoa. Horrelako fenomenu fisiko-politikoak gertatzen dira ezker abertzalearen internazionalismoarengatik eta beste batzurekin gertatu da (Eva Forest, Alfonso Sastre…). Beraien espainoltasun funtsezkoa iraultzaile izateagatik erredimitua da eta oso jatorrak izan behar dira. Niretzat Pepe Rei beste solidario arrotz bat besterik ez da, brigada internazionalistaren kide bat, lana egiten duena ezker abertzalearentzat. Joxe Mari Korta enpresari euskaldun-abertzaleak, ordea, heriotza merezi zuen objetibo bat zen. Hemen ikusten da argi eta garbi ezker abertzalea abertzaletik zero duela.

  • Oso ados diozun guztiarekin Bentazar. Euskaldunon buru nahastea amerikar unibertsitateko psikiatria unitate prestigiotsuenean aztertzekoa da. Euskal abertzale izateko sozialista, antiarrazista, nuklearren aurkakoa, ekologista, feminista, internazionalista, ternualista eta AHTren aurkakoa izan behar zinen. Bestela faxista eta espainolista. Hau da, “Vaya Semanita”ko parodia bat baina mundu errealean. Barregarria noski.

  • Bai, Pnvtronor eta ingurua da jende eta alderdi abertzale zeruetakoa eta benetakoa, euren borrokak askatuko gaitu, nik ere argi daukat.

  • Abertzaletasuna sortu zuen, Euskal erakundeak eraiki ditu eta horrekin lehen esparru polítikoa ehunka urteetan Euskal zenbait herrialde batu dituena, ezker abertzaleak berriz porrota politiko militarrak lortu du, Euskal enpresariak estorsionatu ditu eta Pepe Rei antzeko fitxajeak ekarri dizkigu etxekalte izaten laguntzeko. Bai, diferentzia nabarmena.

  • Bentazar, eta horretaz gain, Euskal Herria hiru eremu administratibo desberdinetan zatitu du, euskararen berreskurapenean koplak baino ez ditu egiten, euskal kutsu duen oro gorrotatzen duen polizi sasi-pribatua sortu du, euren inguruko denari sosak eman eta ez denari egurra eman, eta beste hamaika “lorpen”.
    Ez naiz ni ezker abertzalearen defendatzaile sutsua izango, baina azken urteetan baten batek gure herriaren askatasunaren bidean zeozer egin badu (akatsak aktats) argi dago nor izan den, eta jeltzaleak ez dira.

  • Ene Tximino, polizia pribatuaren kontu hori oso ondo dago adierazten baitu ezker abertzalearen ideologia, euskal gizarteak oso bestela pentsatzen baitu, Ertzaintza gure polizia dela eta bertako jendea jende normala eta gehienbat jatorra. Baina, noski, ETA suizidatu zenetik, nola edo hala guk ditugun indar polizialei eragindako desprestigio kanpaina jarraitzen duzue, gizarte honen onerako? Inolaz ere, zuentarren garai bateko krimenak zuritzeko eta oraingo kale-borrokan dabiltzan alebinen ekintzak eta demasiak justifikatzeko. Kontrol polizial leku polit bat aukeratu behar baldin bada Txina komunista da aproposena, baina, noski, hor zuen katramila anti-kapitalistak eta hemengo poliziak egiten duen “kontrola”ren ipuia desagertzen zaizue. EAJk gure herria martxan jarri zuen eta martxa horretatik datoz hiru herrialdeek dauzkagun erakunde amankomunak. Hori hutsa dela pentsatzen duenak (zu bezelakoek) esan beharko dit gauza hobeagorik duen eskaintzeko lorpen gisa. Noski ezker abertzaleak ez du ezer, edota minus asko bat du, mixeria gorria, fanatismo ideologikoa eta heriotz ata herri suntsipen bide bat besterik ez. Ez zarela ezker abertzalearen defendatzaile sutsua eta bere konsignak lorito baten zehazpenez adierazten dizkidazu. Tximino. Portzierto, dudarekin gelditu naiz, zeinek ekarri du gure herriaren askatasunaren bidean zeozer hori eta jeltzalea ez da? Zeozer hori akaso atez ateko zabor sistema ahal da. Azkenik, zenbait komeri dauzkazue batzuk Pepe Rei komunista espainolari aurpegia ateratzeko,. Internazionalismoa kriston kalte bat da guretzat, argi dago, arrotza bertakoaren gainetik jartzeko aitzaki nazkagarri bat.

  • Baldin bada, alde bietako abertzaleek egin dituzte gauza asko Euskal Herriaren alde, haietako batzuk besteak baino zuzenagoak, eta klabeetako andana alderdi edo egitura nagusian ez, baina bere inguruabar soziopolitikoan kokatuak egon dira (non sortu diren herri hau saretzeko elkarte eta iniziatiba asko). Nire ustetan ez du batak ez besteak aski egin, egin dutenean, proiektu politiko handiari begira. Interes gurutzatuak ageri direnean, gainera, zeinek irabaziko du? Unibertsalismoak edo aberriak, ezkerraren kasuan, edo diruak edo aberriak, eskuinaren kasuan?

    Bentazar, Txina ez da komunista, potentzia kapitalista bat baizik, erakutsi digunez (Estatu kapitalismoa deituiogun), fabrika erraldoi kirastun bat. Komunista deitzea aitzakia da Txinako ereduaren bidez ezkerra erasotzeko (bakoitzak aukeratzen ditu bere armak), baina nik dakidala, mundu honetako herrialde gutxi salbatzen dira polizia ereduari dagokionean (eta noski, polizia eredua inguruabarrari dagokio eta etsai politikoak astintzeko beti ongietorria), boterean dagoen alderdiak edozein izen duelarik ere.

    Asteburu ona izan dezazuela.

  • Ene Apotxiki, zer da komunista izatea? Mendebaldeko alderditxoren bateko partaide izatea? Gizarte kapitalista bateko funtzionari-unibertsitaria izatea, berak salatzen duen sistemaren kontura bizi dena parasito baten antzean? Dakigunez Txinako Alderdi Komunista ez da sekula boteretik kitatua izan eta bai, noski, dialektika materialistari jarraituz -bere ideologia komunistari- “herrialde bat eta bi sistema”ren bidea jarraitzen du, eta kapitalismorik esplotatzaileena jauzi-arazi eta gero bere populazioaren gainean Alderdi Komunistaren hegemonia mantentzen lortu du. Horren kontura bizi dira Kuba eta Ipar Korea (bestela, bere ekonomiek ez bailukete horrelakorik luzatzen utziko). Munduko ezker muturreko askoen antzean pentsatzen al duzu komunismoa gauza pinpirin bat dela? Historiak demostratzen du aurkakoa, oso gauza itsusi eta zapaltzailea dela. Horregatik, Pepe Rei bezalako militante komunista bati egiten zaion omena nire ustez gauza erabat aberrantea da, lehen lehenik gizaki bezala eta urrenez urren euskaldun abertzale bezala.
    Lehenengoz ehunka urteetan hiru euskal herrialde batu dira demarkazioi politiko batean EAJk bultzatako politikari esker. Bere egitasmo politikoa, 1936 urtean fatxismoaren kontrako gerra batean hasi zena, gauzatzen jakin du euskaldunen eta abertzaleen onerako. Zer egin du gure alde, euskaldun eta abertzaleen alde, ezker abertzaleak? Bazterrak izorratu eta kakaztu eta horretan jarraitzen du buru belarri pandemiaren garai hauetan.
    Polizia ereduari dagokionez, hobe da poliziak izena eta uniformea izatea kale borrokan dabiltzen horien antzekoa izatea baino, askatzaile eta mesias gisa portatzen direnak, inolako kontrolik gabe.

    Asteburu on zuri ere

  • Ertzainaren gehiengoa jende jatorra eta normala eta Pepe Rei, aldiz, komunista zoro eta gure herriaren etsaia? Benetan, oso errealidade desberdinak bizi izan ditugula.
    Nire lanagatik, hainbat ertzainekin lan egitea egokitu zait, makina batekin. Denetarik aurkitu dut, izakerei dagokionez, jatorrak, antipatikoak, zabalak,, itxiak, harroak, apalak,… Baina euskaldun eta Euskal Herriarekiko (nik ulertzen dudan EHrekiko, jakina) atxikimendua duen ertzain oso oso gutxi aurkitu dut. Eta hau, pena handiz esaten dut, beste ertzain mota espero, eta nahi, nuelako. Ezker Abertzaleak polizi-pribatuaren kontzeptua erabiltzeak, ez dio zilegitasuna kentzen beste batzuek erabili dezagun ideia berdinari. Jeltzaleekin (eta ingurukoekin) zerikusia izan duten ustelkeri eta klientelismo kasuekiko utzikeria eta ikerketa ezak oso argi erakusten du ertzantzan nork agintzen duen.
    Eta amaitzeko, nire azkenengo hamarkadetako bizipenek, Euskal Herri proiektu nazional gisa l eta euskararen erabilpenaren arloan ez dut jeltzale larregi ikusi izan, tamalez. Are gehiago, euskal jatorriko eremu askotan espaniolizazioa inolako muga gabe lau haizetara zabaltzen ikusi dut jeltzaleen gobernupean, batipat Bizkaian. Guraso euskaldun eta jeltzale askoren semealabak erabat espaniolizatuak ikusi ditut. Eta horrek sekulako harridura sortzen bazidan hasieran ere, gaur egun normaltzat hartzen dut. Hori da euskararen arloan jeltzaleei ikusi diedan ekarpena, atzera egitea.
    Bentazar, ezker abertzaleko kideei gertatzen zaien moduan, zu ere nahiko adoktrinatua ikusten zaitut. Aske izan zaitez erizpideak izateko orduan, zure burmuinak eskertuko du.
    Izan untsa!!!!!

  • Ene Tximino, Ertzaintza sortu zenetik ezker abertzaleak triskantza eta desprestigio kanpaina etengabea eraiki du ezker abertzale berak sortutako koerzio aparailuak borrokatzen zituelako (kasu ETAko komandoak eta Kale Borroka taldeak). Zein da gaur egun Ertzaintzaren kontrako bozeramailerik sutusuena? Arnaldo Otegi jauna, Luis Abaitua enpresari euskaldunaren bahitzailetariko bat. Zeintzuk ari dira Ertzaintza borrokatzen gaur egungo kaleetan? Gazte Koordinadora Sozialista eta bere sinpatizante eta talde klonikoak, Ernai eta ezker abertzale guztiaren laguntzarekin. Ertzaintza ez da inolaz ere polizia gogorkeriazale ta gaiztoa, zuk pintatu nahi diguten bezala, bestelakoa baizik, gure herriaren neurrian egindakoa. Beste gauza da, etxekalteek, gure polizia eta gure erakundeak izorratu nahi izatea. Normala da halako ideologia pelajekoen aldetik horrelako intentzioa izatea eta horren araberako ekintzak manejatzea.
    Goazen Pepe Rei-ren kasura: berak lan egiten zuen garaian PP eta PSOEko afiliatu soilak persegituak, akosatuak, erasotuak eta erahilak izaten ziren; berdi gertatzen zitzaien (erahilketarik gabe) EAJ eta EAko kargu politikoei eta afiliatu askoeri. Zer esaten zuen “kazetari” horrek horretaz? Tutik ere. Zergatik? Ezker abertzaleak inportatutako militante komunista internazionalista bat zelako eta sekta destruktibo horren mesedetan lanean ari zelako. Besterik gabe.
    Klientelismoa, utzikeria… a ber, Tximino, EAJk izan ditu kasuak, bai, baina noski ezker abertzaleak aizatzen duen tamainan inolaz ere… Piskat potrotaraino nago kaletik pasiatu, ezker abertzaleak montatutako manifestazio bat ikusi, eta zuk errepikatzen dizkidazun konsignak entzun beharra. Ez, Tximino, ez, EAJ ez da PP eta Euskal komunitatea ez da Espainia, zuek bestela esan arren.
    Azkenik, motel, EAJren portaera euskararekiko zabarra da, bai, kasu askotan, nik bizi behar izan dut larrutik, baina euskara ezin daiteke aitzaki izan eztabaida politikoa, “ni euskaldunagoa naiz” batekin oztopatzeko. Euskararen alde egiteko beharrezkoa da euskaldunen arteko batuketa, kohesioa, elkar-maitasuna, alderdien gaineko ikuspegia eta erronka politikoetatik gain euskeraren aldeko ekintza eraginkorrak bultzatzea. Zoritxarrez, belar-motzeko politikak ez du horretarako leku askirik ematen. Baina hori beste gai bat da, Tximino. Dena den, Zuzeuri bizitza ematea osasungarri da euskararentzat eta horretan, zu eta biok anaiak gara eta barku berdinaren bultzatzaile.
    Ene Tximino, mesedez adoktrinatua ni? Eta zu (ezker abertzaleko topiko errepikatzaile etengabea) ez? Juiziorik ez, argudioak baizik.
    Izan untsa zu ere.

  • Arratsalde on!
    Bentazar, agian nire iruzkinak gaizkulertua sortu dizu, ez baitzen nire asmoa komunismoa goratzea, ez baitaukat nire burua komunistatzat (nahiz eta bizitzaren zati bat ezker ideologiatik oso hurbil bizi izan dudan). Nire mania izango da agian, baina nik komunismoa maila teorikoan baino ez dut izendatzen, ez baita, nik ezagutzen dudan moduan, inon eman. Bai ordea, zuk diozun moduan, komunismoaren izenean egin diren hainbeste gehiegikeri. Baina, berriz, ez nazazu gaizkiulertu, terminoa operatiboa izateko egiten baitut. (komunismoa, bada, liburuetan ageri den ideia bat da, gehienbat, zuk aipatzen dituzun irakasle horien liburuetan).
    Botatzen dizkidazun galdera seguraski erretorikoei erantzunez: bizkarroiak oso gutxi ditut maite, are gutxiago alegiazko sozialismo edo komunismo egoera batean lan intelektual-propagandistikoan potrojorran ibiliko direla pentsatzen dutenak (aipatutako funtzionario irakasleak), baina ezta ere herri pobretuaren izerdiaz aberastu diren bizkarroiak, horrek ere mugak behar ditu, eta mugarik ezean zuk aipatzen dituzun enpresariek balioak eta onberatasuna beharko lituzkete.
    Pinpirina ez da ez komunismoa eta ez ezer. Errealitatea bera ez da pinpirina, baldin eta pinpirin horrekin esan nahi duzuna ongi ulertu badizut. Honetan nahiko zinikoa naiz, barkatuko didazue. Ez dut gauza pinpirinetan sinesten, gure mundua iluna eta bortitza da, edonora begiratzen delarik, eta sistema guztiek dituzte gauza disfuntzionalak praktikan jartzen direnean, korrupzioa, azpilana, gezurrak metodikoki erabiltzea… Historiak demostratzen du oso gauza zapaltzailea dela gizartea, edozein delarik ere bere eredua (ez dut gizartea abolitu nahi, lasai, baina onartu dezagun ez garela munduan dagoen espezierik bakezaleena).
    Omenaldiei dagokienean, zer esan nezake, errealitate bat da bakoitzak omentzeko modukoa denaren inguruan neurri ezberdina daukala… Tamalez. Baina nik uste dut hori ideologiaren gainetik egon behar dela eta pertsonaren bizi ekintzetan oinarrituta egon, anbiguetatea onartzen badidazue.
    Eta aipatzen duzun beste guztiari, neurri batean, arrazoia emango diot, baina emendakin txiki batekin. Gerra garaiko EAJ eta gaur egungoa oso ezberdinak dira eta, zuk jadanik onartu duzunez ez naiz luzatuko, arlo batzuetan, EAJk izan duen eta daukan indarrarekin, gutxi egin du nire gusturako (zuk euskara aipatu duzu, esaterako). Eta horregatik ez dut ulertzen nola bere burua abertzaletzat daukan alderdi batek gogo handiagoa jartzen duen urbanismo proiektu handiaetan naziotasunari begira etekin handiagoa daukaten beste proiektu batzuetan baino (eta kritika berbera egin diezaioket ezker abertzaleari, hemen ez baita inor salbatzen).
    Seguraski zerbait aipatzeke geratu zait, baina presaz nabil idazten eta behar izatekotan erantzungo diet zuen hurrengo iruzkinei, baldin eta horrek nolabaiteko etekina sortzen digun.
    Adeitasunez, ondo izan.

  • Kaxo, Apotxiki, eskerrik asko zure erantzun landuarengatik.
    Komunismoa dela eta nik uste dut ideia hori bere praktikarekin batera juzkatu behar dela. Oso gauza ederra da pentsatzea komunismoa nola-halako itxaropena izan litekeela munduko idealista guztientzat, baina komunismoak, historikoki, gauza bat esan nahi du, Marxek esan bezala, praktikaren filosofia da eta ez beste ezer. Praktikaz aparte ez genduke komunismoaz hitzegingo. Txina komunistaren kasua eredugarria da, alderdi komunista batek iraun du boterean, materialismo dialektikoa, marxismoaren arima, aplikatu duelako, hau da, bat bitan banatu du, batetik botere politikoa eta beste aldetik indar ekonomikoen garapena, erdi-pribatua den eredu baten bitartez (prozesu hau alderdi komunistak nahi duenean erregulatu dezake). Diktadura politikoa eta zapalkuntza-hiper-esplotazioa ekonomikoa: hori da gaur egungo komunismoa.
    Badakit ezkerra bestelakoa izan litekeela eta nik nahiko nuke ezker benetan abertzale eta bertakoa, balore eta estilo euskaldun batean oinarritua. Horretan umezurtz gara, zoritxarrez, urrutiko intxaur internazionalista baten ameskeriz dabilen ezker ustez abertzale bat dugu.
    Gure gizarte txarra eta ona da eta bere alderdi positiboak gorde behar dira, zu eta biok euskaraz libreki eztabaidatzeko libre izatea, adibidez, mehatxurik eta koakziorik gabe. Gure herrian hori oso gauza zaila izan da ezker abertzaleak bere mordaza legea jarri nahi izan diolako bera bezala pentsatzen ez zuenari. Eta euskal erakunde batzuk dauzkagu, herrialde bilkura batekin batera. Hobekuntzaren aldekoa naiz ni eta ez urrutiko intxaur ezinezko batzuen liluraz gauzak izorratzearen aldekoa.
    Ez dakit ze obsesio dagoen ekonomia produktiboaren kontra batzuen aldetik: hemen ekimen positiboak proposatu behar dira lana eta dirua gure herrira ekartzeko. Hemengo ezkerrak zoritxarrez ez dio inongo mesederik egin ez justizia sozialari eta ez ekonomia produktiboari. Datorren krisiaren aurrean, alternatiba eraikitzaileak behar ditugu herriaren onerako eta ez egiten ari denaren kritika hutsal eta bidegabea.
    Historiak demostratzen du gizarteak onak, txarrak, erdipurdikoak izan daitezkeela eta euskaldunok baldin eta iraun badugu bertako botere eta borondatea egon delako gertatu da. Goazen gauzak konkretuak aipatzera eta ez boterearen teoria haundimaundi tenebrosoak. Gizakiak izatea, askatasuna edukitzea, euskal botere bat eraikitzea, horiek gauza onak dira eta gauza zehatzak gainera.
    Ez dakit omenaldiari dagokionez Pepe Rei-ren irudia aipatu duzun, baina bazpaere esango dut, tipo hori honera etorritako internazionalista komunista bat zela, ezker abertzalearen propaganda aparailuaren arduradun nagusi bat, hemen gure herriko kaleetan ezkera abertzaleko kideek jendea jipoitu, mehatxatu eta erahil egiten zuenean. Horretaz tutik ere esan ez duen kazetari batek ez du gure herriaren omenaldirik.
    Proiekto urbanistikoak eta euskara kontrajartzea, hein horretan, ez zait zilegi iruditzen. Gure herriko zerga ordainlariak kriston alegina egiten du euskararengatik. Euskaldunon, abertzaleon (eta noski EAJren aldetik) etorri beharko litzateke behar dugun indarra, euskaltasuna itzali ez dadin.
    Eskerrik asko eta ondo izan zu ere.

  • Argi dago ez zenuela “tipo hori” ezagutzen…, Bentazar, lotsarik ez duzu…

  • Lotsarik ez dudala? Bai, bere “ekoizpena” ezagutu dut eta baita bere liburua ere “El periodista canalla”. Oso ondo definitzen zuen tituluan bere burua. ETAk jendea hil eta Kale borrokako kideek jendea eta propietateak jipoitu bitartean, berak ez zuen horretaz tutik ere esaten. Ezker abertzalearen funtzionari bat zelako eta noski ez zuelako jaten ematen zion eskuari hozkadarik egingo.

  • Pello Eizagirre 2021-04-11 10:14

    “Euskarazko kazeta bat ere nahi zuen Pepe Reik.Pepe Reik eta beste kazetari batzuek ‘La voz de Euskadi’ egunkaria jarri zuten martxan 1983an. Euskarazko egunkari bat ere sortu nahi zuen Reik; ‘Orria’ gehigarria egin zuten bost hilabetez, Mikel Aramendi buru. Pepe Rei hil zenean, duela hilabete, batik bat Egin-eko ikerketa taldean eta Ardi beltza aldizkarian egindako lanak nabarmendu ziren. Ez da hainbeste aipatu La voz de Euskadi egunkariaren sorreran parte hartzearekin batera euskarazko egunkari bat egiteko helburua zuela Reik 1982. urtean. Euskarazko egunkaria ez zen jaio, baina, La voz de Euskadi-ren barne, Orria euskarazko astekaria heldu zen 1983ko uztailean. «Egoste prozesuan» aritu zen Mikel Aramendi kazetaria, eta hark zuzendu zuen Orria. «Euskarazko erredakzioa boluntarismo kamikaze bat zen. Eta erdarazkoa, eromenaren biltzar bat».

    Euskarazko artikuluak idazten aritu zirenen artean, Felipe Juaristi, Andoni Egaña, Sergio Basurko, Jose Mari Zendoia, Esteban Antxustegi, Mikel Gereka, Gema Lasarte eta Marina Etxezarreta zeuden. Azken horrek gogoan du kazetari multzo «apartaren» alboan «ikaragarri» ikasi eta disfrutatu zuela. «Ohore bat izan zen frankismoaren osteko hamasei orrialdeko euskarazko lehen separatan lan egitea. Munduko ikastetxerik onena izan zen».
    https://www.berria.eus/paperekoa/1942/044/001/2021-04-11/euskarazko-kazeta-bat-ere-nahi-zuen-pepe-reik.htm