Zain zaharraren usainak

Zain zaharraren usainak –

Zain zaharraren usainak
Argazkia: Geuria

Osasun krisialdia hasi zenetik EAEko eta Nafarroako gobernuek etengabe eskatu diete hiritarrei ahalegindu daitezela, zuhurtziaz joka dezatela, produkzioari eta lanari eutsi diezaiotela etxetik nahiz presentzialki, bereziki emakumeentzat amaigabeak diren lanaldietan. Itzulera segurua bermatzeko baliabideak, langile gehiago, osasun-materiala edo adostutako neurriak eskatu dizkiegunean berriz, alarmistak garela aurpegiratu digute eta ikastetxeetan guztia erabateko normaltasunean gauzatzen ari zela zabaldu dute lau haizetara.

Baina alarma egoera berriro hementxe dugu, gaur mugikortasuna are gehiago mugatzen da Euskal Herrian eta manifestatzeko eskubidea hari batean dago. Aldi berean, ikastetxe askotan NBE materialaren eta FFP2 maskaren zain daude oraindik ere eta bertako langileek ikasgelan kasu positiboa agertutakoan PCR proba egiteko eskubidea izan gabe jarraitzen dute.

Krisialdi egoeran gobernu biek txaloak eta murrizketak baino zerbait gehiago helaraz dezatela espero dugu, baita EAEko sailburu berriak eskatzen zuen irribarrea baino ekarpen hobea egin dezatela. Momentuz zenbakiak aldekoak dituztenean erraz asko zintzilikatzen dituzte dominak lepoan; egoerak okerrera egiten duenean aldiz hiritarrei kargu hartzen diete. Guzti horregatik STEILASek publiko egin nahi du exijentzietan eta eskubideen murrizketetan oinarrituriko politika hau onartezina iruditzen zaigula. Bereziki krisialdia ekiditeko baliabide materialak eta giza-baliabideak jarri ez direnean, lan eta eskola eremuan, eremu sozialean baino kutsatze gehiago gertatzen direla kontuan hartuta. Ezingo gara krisialdi honetatik atera erantzukizuna hiritarren esku soilik badago, zerbitzu publiko duinak bermatu eta guztion ongizateaz arduratzen diren gobernuak behar ditugu, egun inoiz baino gehiago.

Zain zaharraren usainak