Zaharrak berri

http://alteretaego.wordpress.com

31_azkar bizizArgazkia: Azkar biziz
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840px (3:2)
Sortze data: 2013/02/21
Latitudea: 43º 19,418´ N
Longitudea: 1º 58,772´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 88mm
Irekidura: f4,5
Esposizio denbora: 1,6?
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Bizitzea tokatu zaigun latitudeetatik errazegi gutxiesten ditugu zaharrak gurtzeko edo, are gehiago, eurei kasu egiteko ohitura duten beheragoko gizarteak. Guk, latitude hauetan, hurbilen geratzen zaigun gasolindegian uzten ditugu gureak, ahaztuta, posible denean.

Eta errazegi egiten dugu, baita, obra bat erosi eta bere eboluzioa kontrolatzeko aitzakian denbora betetzen duten agureen txistea. Askoz modernoagoak gara, oraindik, James Dean zenaren esaldia lelotzat hartuz, azkar bizi eta hilotz ederra uztea balore bezala saltzen dugunean.

Dena dugu eskura, informazioa eta jakintza barne, baina geroz eta ezjakinagoak gara. Eta dena pazientzia apur bat bilatzeko astirik hartzen ez dugulako. Antzerako egoeretan historian zehar eman diren konponbideei gehiago erreparatuko bagenio… Baina gure zaharrek, antza, ez dute gure arretarik merezi. Geurera ekarri edo zaharren egoitza batera eramateko erabakia hartu beharra heltzen zaigunean ere, hautua konpondu beharreko arazo bihurtzen dugu.

Ezerk aurrera egin badu azken mendean, hori teknologiaren mundua izan da. Eta argazkilaritza bera ez da aurrerapen horretatik at geratu. Bai, hasieran ez genituen gure argazki kamera analogikoak digitalengatik aldatu nahi. Orain, aldiz, ez dakigu analogikoa non gorde genuen. Zenbat amuma dabiltza kexu, behin eta berriz, erosi berri duten album polit hori iloben argazkiekin betetzeko adina materialik ez diegula ematen eta.

Gainera, era digitalean sartu ginenetik, modan jarri dira time lapse delakoak edo esposizio luzeko argazkiak. Bide berriak arakatzeko nahian, noski, ez da nahikoa jada unea harrapatzea; denbora bera da orain gure artxiboetan harrapatuta eduki nahi duguna. Hori ez al da bada, azken finean, txisteko agureek obren eboluzioarekin egin nahi zutena? Gu, ostera, pozarren eurei burla eginez…

Bada, honek guztiak, Francisco Aita Santuaren izendapenarekin batera, gogoeta bat ekarri dit burura. Batzuei beste batzuei baino gutxiago gustatuko zaien arren, Elizak beti jakin izan du bere artaldea nola ondo gobernatu. Eta, badaezpada, inoiz ez du 60 urtetik beherako gidaririk aukeratu, azken boladan behintzat.

Gaur egun bizi dugun egoerari erreparatuz, eta ez dut krisi hitza erabili nahi, besteak beste, gezurra delako, argudio sinplea bezain biribila da bizi duguna agintariek sortua dela. Eta agintean, amaitzear dauden zenbait adibide salbu, politikariak daude, gehientsuenetan. Nork maneiatzen dituen beste baterako utzi beharreko kontua da.

Hona hemen, hortaz, nire proposamena: 65 urtetik beherako politikaririk ez litzateke onartu behar hauteskunde-zerrendetan. Ederra bota duzu! esango du, agian, batek baino gehiagok baina, ondo pentsatzen jarriz gero, ez da funsgabeko proposamena. 20 urterekin politikan sartzen denak bizi osoa du, inoren lepotik, bere patrikak ondo betetzeko. 65 urterekin sartzen denak, kasurik onenean, 35 baino ez!

Gainera, ziurrenik, orduan hasiko lirateke erretiroko adina 70 urtera urreratu ordez 60tik hurbilago jartzen. Zaude ziur!

Ego dixi.