Zaharrak berri

Zaharrak berri

Joan zen uztailaren 4an, sarreratxo bat idatzi nuen hemen bertan Realpolitik izenekoa. Euskal (eta espainiar) hauteskundeak baino lehenago zen hori eta bertan esaten nuen EAJk gainetik kendu behar zuela Espainiako Gobernuarekin negozioak egiteko beldurra, gero EAEko hauteskundeetan faktura pasatuko ziolakoan. Beste modura esanda, realpolitik deitzen den hori praktikan jartzeko tenorea iritsia zela, eta geure mesedetan ahal zuen guztia lortu eta Madrildik eskubete itzultzeko garaia zela. EAJ gai dela, gainera, halakorik egiteko, ohituta baitago edonorekin dantzan egitera, oraintsu sozialistekin berriz ere erakutsi duen moduan. Gainera, beste inori dantzarako kalabazarik eman gabe.

Zaharrak berri
El Coleccionistaren argazkia

Uste dut nire artikulu zaharrago batetik ez dudala sekula zatirik berriro ekarri, baina agian oraingoan merezi du, salbuespena baita nik politikagintza kontuetan zerbait asmatzea eta, harro ez bada, harroxko nago. Hara zer nioen uztailaren 4an:

Ni EAJko burkidea banintz, argi defendatuko nuke alderdian oraintxe bertako zeregina: falta direnĀ  eskuduntzen berreskurapenean eta, batez ere, presoen arazoaren konponketan eta hurbilketan jarriko nuke marra gorria. Irmoki eta kondizione horietatikĀ ez jaisteko baldintzarekin.

Beharrak hartara makurtuta popularrek onartuko balute, aurrerapauso ikaragarria litzateke guretzat betikotuta diruditen arazo horietan. Eta horiek lortuta, ez dut uste inork ezer leporatuko liokeenik EAJri urriko hauteskundeetan, Arnaldo Otegik berak ere aitortu baitzuen lehengoan gure ikastaroan eman zuen hitzaldian, presoen arazoa Ezker Abertzalearen lepo gainean jarritako zama dela eta nori ez zaio gustuko zama astunak arin diezazkioten.

Aipatu marra gorria gehiegizkoa balitz PPrentzat, ba antzarak ferratzera bidali eta hor konpon, Mari Anton.”

Erabakitzeko eskubidearen kontua aitatzea ahantzi zitzaidan, badakit ez dela txantxetakoa, ardatza dela. Horregatik, agian, hain zentrala delako guretzat, ez nuen aipatu, baina gogoan neukan txertatua, ezin baitzuen izan bestela. Gainerakoan, Urkulluri oraintsu esan dituenak entzunda, ez dirudi oso urruti ibilia naizenik nire aurretiazko juzkuetan. Tokan hasi beharko dut jokatzen hasi, klok eta klok egiteko erdiko txapan.

Zaharrak berri

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Zaharrak berri”-ri buruz

  • Bide hori betikoa da, eta ez du ezertarako balio. Begiratu Catalunyari, aurretik dauka ezetza. Estatuak ez gaitu inoiz onartuko. Beste guztia PNVk denbora irabazi eta gure asuntuak kudeatzen segitzeko maniobra baizik ez da. Zoritxarrez.