Zaharrak berri Donostiako autobus geltokian

Zaharrak berri. Batek daki, azken aldian, zenbat buelta eman ditudan Euskal Herriko autobus sarean barrena. Herri batekoa izan, beste batean bizi eta hirugarren batean ikasteak munduari garraio publikoetako leihatilatik begiratzea dakar. Orain arte etxetik autobus geltokira iristeko behar nituen 20 minutuez gain, ordu-laurden bat lehenago abiatu behar izaten nuen Amarako autobus geltoki zaharrean okerreko autobusa ez hartzeko ahalegina lasai egiteko: batetik bestera pantailei begira ibili, normalean autobus hori hartzen dutenei jarraitu, bizpahiru gidariri galdetu… Baina, azkenean, ireki dute, inauguratu dute, estreinatu dute Donostiako autobus geltoki berria. Aleluia!

Orain egun batzuk lagun batekin berriketan, konturatu ginen hainbat hausnarketa konpartitzen genituela, geltoki berriari dagokionean. Hemen doa barren-huste horren laburpentxo bat:

Zaharrak berriOhiko erabiltzaile garenok, gogo handiz hartu genuen azpiegitura, geltoki zaharraren egoera zinez tamalgarria zelako. Hara non sorpresa, irekiera egunean bertan, autobus bat hartzera joan eta eragozpen bat bestearen atzetik topatzean! Ez dago itxaroteko lekurik geltokian: azaleraren herena kafetegi batek okupatzen du eta nasek gainontzekoa; zain egoteko eserlekuak esku bakarrarekin kontatu daitezke eta –inozoa ni–, horren berririk duela gutxira arte ez banuen ere, eserlekuak indibidualki mugatuta daude, dirudienez, etxegabeek eroso lo egiteko lekurik topatu ez dezaten teilatupe publiko batean. Autobus iritsiera-irteera askoko orduetan, jende ilara luzeak sortzen direnez, geltokiko sarrerara doazen eskaileretarako igarobidea blokeatuta geratzen da. Asaldagarriena, dena den, irisgarritasunaren auzia izango da: bost nasa, soilik, gurpildun aulkiei egokituak; ala, behar bada, gidarien kexua: autobusentzat sarrera estua da eta batzuetan maniobratu egin behar dute. Guzti horri, kokapen geografikoa hiriaren zentrora aldatu dela gehitu behar zaio, bidai guztiak 5-10 minutu luzatu direla, alegia. Esaterako, duela urtebete, Donostia-Gasteiz bidairako ordubete eta hamar minutu behar ziren; orain, geltokia lekualdatuta eta A8a zapaltzen duten Lurraldebusen zerbitzu guztiek Zarautzen sartu beharra onetsi ondoren, ordubete eta hogeita bost minutu. Beste horrenbeste gertatzen da, noski, gainontzeko ibilbideekin.

Badirudi autobus geltoki berri ezin dotoreagoa kakaztea dela helburua, baina ez da hori. Izan ere, azken aldian sentsazioa daukat erabilgarritasunetik ihesi ponpositatea eta handinahia lortu nahi dituztela halako proiektuek.

autobusa, Donostia, Garraio publikoa

Zer duzu buruan “Zaharrak berri Donostiako autobus geltokian”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude