Zabortegi kutsakorrak itxi

Zero zabor mugimendukoek askotan jardun dugu errausketaz, hondakinei irtenbiderik eman ez, eta kalte larriak eragiten dituela salatzeko. Askotan ahaztu egiten zaigu zerora eraman nahi dugun horren, zaborraren, gaur egungo helmuga zabortegiak direla. Hauetara, egunez egun, gaikako bilketa eraginkorrik ez daukaten herrietatik, materia organikoarekin nahastutako milaka tona zabor heltzen dira usteltzera.

Zero zabor eredu batean, errausketak lekurik ez daukan bezala, zabortegi kutsakor eta kirastunek ere ez daukate lekurik, eta lehenbailehen, gaikako bilketa eraginkorra herrialde osora zabaldu behar dela aldarrikatzen dugu. Hondakinen kudeaketan ardurak dituztenei, hori gauzatu eta zabortegiak ixteko eskaera egiten diegu, eta era berean, oposizioan daudenei, arduraz jokatu eta oztopoak jarri beharrean neurri hoiek hartzen lagundu dezaten.

Zabortegietaz ari garenez, hauei buruz ondorengoak jakin behar direla irizten diogu.

Ohiko zabortegiak:

Ohiko zabortegiak, gehiago ala gutxiago, denok ezagutzen ditugu. A8an, San Marko ondotik autoz pasatzean, usain berezi batek gogorarazten digu gure gizarteak alfonbrapean gordetzen saiatu den hori hor dagoela oraindik, usteldu eta arazoak sortzen. Berdin, Lapatx, Sasieta edo Urtetako zabortegien ingurutan.

Ohiko zabortegietan, hondakin atal guztiak nahasita uzten dira, makina bat arazo sortuaz. Balioa daukaten lehengaiak estali eta hondatzen dira. Kiratsa da lehenik somatzen dugun ondorioa, milaka tona materia organiko usteltzen uzten baitira bertan ongarria egiteko erabili beharrean. Baina horrekin batera beste hainbat kalte eragiten dituzte zabortegi hauek. Berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dituzte, metanoa kasu. Plagak ere izaten dira halako zabortegien inguruan. Arratoiak, kaioak, xomorroak… Bertan usteltzen ari den zabor guzti horrek lixibatuak eragiten ditu. Hau da, zaborra deskonposatu ahala sortzen diren likido kutsakorrak lurrean barrena iragazten dira, lurrak eta lur azpitik doazen errekak kutsatuz. Utzikeriaren eta arduragabeziaren ikur dira zabortegi hauek.

Errausketaren zabortegiak:

Jendeari kontrakoa sinetsiarazten saiatzen badira ere, erraustegiak ez du magiarik egiten. Ez du zaborra desagertu arazten. Hiru zabortegi behar ditu errausketak:

  1. Atmosfera, eta ondorioz, gure gorputzak.
  2. Errauts toxikoentzako zabortegi berezia. Erretakoaren %5 inguru filtroetan geratzen da. Oso toxikoa da eta tratamendu berezia behar du. Zemento blokeetan atxiki eta segurtasun neurri bereziak dituzten zabortegietara eraman behar dira ingurumenera zabaldu ez daitezen. Errauts toxiko hauek garraiatu beharrak, istripu baten arriskua dakar. Horrek bakarrik urtean 2.500.000 €-ko gastua eragingo luke Gipuzkoan, Carlos Ormazabal errausketaren bultzatzaileak aitortuta.
  3. Eskorientzako zabortegia. Erretakoaren %25 inguru. Hauek erre ondoren labean geratzen dira. Kutsakorrak dira eta zabortegi berezia behar dute. Gipuzkoako Goierriko eskualdean dagoen Mutiloako zabortegira eramatea aurrikusten dituzte.

Gipuzkoan, errauts toxiko eta eskoriak urtean 90.000 tona izatea aurrikusita dago.

Zero zabor ereduak ez al du zabortegirik behar?


Zero zabor ereduak, izenak dion bezala zaborrik ez sortzea du helburu. Horretarako hobekuntza etengabea ezinbestekoa da. Horrek ondorengoa eskatzen du.

  • Azken helburura bidean, murriztu, berrerabili eta birziklatzeko aplikatutako neurriek ekidin ezin izan duten errefusaren osaketaren azterketa egitea. Horrek ikerketa zentru bat eskatzen du, material hori zergatik iritsi den aztertu eta konponbide posibleak proposatzeko. Italiako zero zabor sarean dagoen Capannorik daukan zentruaren modukoa behar da. Ulertezina da, hondakinekin daukagun arazoaren tamaina ezagututa, honen inguruan I+G lerrorik ez irekitzea.
  • Errefusategia: Gaikako bilketa eraginkorra egin bada, atez atekoarekin lortzen den %80tik gorakoa bezalakoa, geratzen den errefusa gutxitzeaz gain, bada garrantzi handikoa den ezaugarri bat. Errefusa horren izaerak ez dauka zer ikusirik zabor nahasiarekin. Ez dauka apenas, paperik, plastikorik, aluminiorik, beirarik, eta garrantzitsuena dena, ez dauka apenas materia organikorik. Horrek, errefusa hori tratatzeko aukera berriak sortzen ditu. Posible da tratamendu mekaniko baten bidez geratzen diren arrasto birziklagarriak berreskuratzea. Eduki dezakeen materia organiko apur horrek arazorik eman ez dezan, egonkortzeko tratamendu bat eman ahal zaio aireztatuz. Horrekin errefusa egonkortua lor daiteke. Errefusa egonkortu hori errefusategi batean utzi daiteke, ez baitu ez kiratsik ez isuri kutsakorrik eragiten.

Zero zabor eredu batean, ez dago lekurik ohiko zabortegientzat, ezta errausketarentzat ere. Kutsakorra ez den irtenbide bakarra zaborrik ez sortzea da, eta hori lortze bidean, etengabeko hobekuntza praktikatuz, politika aktiboak aplikatu behar dira.

Horregatik, GZZk gaikako bilketa eraginkorra orokortu, dauden zabortegiak itxi, eta errausketa baztertuko duen zero zabor programa bat eskatzen du Gipuzkoarentzat.

www.gipuzkoazz.com

gipuzkoazz@gmail.com

hondakinak, ingurumena

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude