XXI. mendeko zerbitzari pedantearen parabola

zerbitzari Halabeharrez hazi diren ume naif horien gomutak: hirugarrenManoloa izan nahi zuen etorkizuneko kirol-kazetari bikain hori kurrikuloak banatzen dabil Bilboko taberna-zulo guztietan. Eta abokatu izan nahi zuena zuzenbide-ikasle eternoa eta neoliberala da orain, bere -gurasoen- egoa asetzeko hamar mila euroko master bat ikasten

Ez da erraza egungo gazteek aurrean duten paradigma. Aurrera doaz. Ez da dudarik, erlojuko orratzek poker karten norabidean bira zirkularrak egiten dituzten heinean. Baina bi aldiz pentsatu gabe doaz aurrera. Erabaki prekario eta goiztiarren baitan. Aurrez markatutako galtzada bati jarraika. Jakingo balute bezala nora doazen. Pentsatuko balute bezala. Dena kontrolpean izango balute gisan. Aurrera doaz, hala, ezin delako egin atzera. Gustuan egingo luketen arren.

Txikitatik galdetzen zaie zer izan nahi duten. Jakingo balute bezala. Eta, ze ostia, sinetsi egin ere bai helduek. Txiki-txikitatik izan nahi zuen kazetari –egiazki?– /mediku/injineru/abokatu, adierazi ohi dute, harrotasun betean, egun egungo parametroen arabera bizitza profesional arrakastatsua bizi duten hankabikoen gurasoek. Ez da, bada, betidanik izan nahi zuen kale-garbitzaile/tornulari/langile –gordinean- gisakorik prentsa sentsazionalistako elkarrizketa-artikuluen goiburuetan.

Egoera sozioekonomikoa aldatu da, ordea, eta, egin egiten ez den arren, polito galdetuko nieke halabeharrez hazi diren ume naif horiei zer izan nahi duten; zer egin nahi duten bizitzeko, alegia. Gurasoen irribarrearen eguzkitan, orain dela hamar urte ingeniari izan nahi zuen neska hori langabezian dago germaniera-ikastaro merkeen bila. Hirugarren Manoloa izan nahi zuen etorkizuneko kirol-kazetari bikain hori –Espainiar Ligako talde guztien hamaikakoak buruz zekizkiena- kurrikuloak banatzen dabil Bilboko taberna-zulo guztietan. Eta abokatu izan nahi zuena zuzenbide-ikasle eternoa eta neoliberala da orain, bere gurasoen- egoa asetzeko hamar mila euroko master bat egiten dabilelarik; diploma horrek besteetatik bereiziko duelakoan.

Paradoxikoki, hezkuntza-sistema arrakastatsu bezain meritokratikoak aurretiaz bazterturiko horiek, anabasa baino eragiten ez zutenak, etorkizuneko merkatarien esku-lan alienatu potentzialak zirenak, dira lana aurkitu dutenak. Eta ze ostia, esku-lan alienatu bilakatuko ziren hiru laurdenak, baina ordu estra –meritokratikoak horiek ere- andana sartuz gero soldata duina irabazteko hasperen serioak dituzte. Eta gauza dezagun paradoxa bikoitz bat, horixe baita lehengo kazetari/injineru/mediku/abokatuek orain nahi dutena. Jornal bat. Bigarren mailako apetak zituzten ume imajinario horiek orain izan dezaketen soldata.

Eta gogoeta prekario hauen baitan ikasi beharrean tabernaren batean zerbitzari zergatik ez nagoen galdetzen diot neure buruari. Ikasteak esfortzu gehigarria esan nahi baitu. Esfortzu ekonomikoa eta burukoa. Eta erantzun lausoak baino ez ditut bueltan. Etengabeko oporren eta buruhauste konstanteen arteko hibridoa dira ikasketak. Hibrido defizitarioa, ordea. Ze ostia dela-ta nabil ikasten? bizitzeko. Beraz, martxa honetan, zortea lagun, zerbitzari jator-baina-pedante izateko. Gin-tonic-arekin batera Luhmannen sistema politiko autopoetikoaren inguruko iruzkin trakets bat nahi dunala, beraz.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

zerbitzari

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude