XXI. mendeko kristautasuna estatu espainiarrean

XXI. mendeko kristautasuna estatu espainiarrean

  • Opioa herriaren erlijoa da orain. Ni-ni belaunaldia garela dionik bada. Eta bai, ni-niak gara: ni-nihilistak. Hondamendia baino ez dugu ikuskatzen aurrean, aldaketa posibilitaterik ez balego bezala. Ba ote dago ba?
  • Kapitala da kristautasun berria. PNV, PP eta CiU dira katolikoak. Liberal puruak dira protestanteak. PSOE eta ERC agnostiko-sinestunak dira, eta EH Bildu, IU eta Podemos, agnostiko-ateoak. Ateoak, marxista-leninistak, ez dira ageri. CUP eta Sortu, agian?

-Hi zer haiz: katolikoa ala protestantea?

-Ateoa.

-Baina ateo katolikoa ala ateo protestantea?

Oximorona da. Edo ez hainbeste. Su-etena Belfasten (Imanol Murua/Humberto Unzueta, 1996) liburuko pasarte bat da arestiko elkarrizketa. Testuinguruan kokatuz gero, Ipar Irlandaren independentziaren aldekoak lirateke “ateo katolikoak” eta Union Jack-en zaleak “ateo protestanteak”.

Mugimendu historiko gisa, XVI.mendean eliza katoliko-erromatarrarekin hautsi zuen ildo bezala uler daiteke protestantismoa. Martin Luther izan zen buru: Lutero. Eliza katoliko-erromatarraren autoritarismoa eta zurruntasuna salatu zuen berorrek, eta erreforma bat gauzatu kristautasunaren barruan. Ez dago inolako autoritaterik jainkoa baino: ez apaizik ez eta Aita Santua ere. Fededun guztiak dira norbere predikatzaile eta apaiz. Eliza instituzio burokratiko gisa errefusatu egin zuen, beraz, Lutherrek. Bibliaren irakurketa ere malgutu eginen dute protestanteek. Baina hori bai, interpretazio horiek bete egin behar dira. Ez dago bekatua egin osteko barkamena emango dizun konfesiorik. Fedean (zuzen jokatzean) dago salbazioa.

Katolizismoa, aldiz, sumisioan oinarrituta dago. Hierarkia-harremanak daude, boterea dago, autoritatea, eta men egin behar da. Jainkoaren hitza ordezkatzen dutenei obeditu. Hori bai, bekatua gauzatu arren, apaizari aitortuz gero salba zaitezke.

Egun, erlijioak apenas du ahotsik gure artean (gazteen artean, behintzat), baina instituzioekiko hierarkia-harremanak hor diraute, eta bizitzari zentzua emateko metafisikora apelatzen dutenak ere uste baino gehiago direla esango nuke: zorian-edo, halabeharrean-edo. Ezaguna da erlijioa herriaren opio gisa irudikatu zuela Karl Marxek behiala. XIX.mendean medikamentu –anestesiko- gisa erabiltzen zen opioa. Anestesia zen erlijioa herriarentzat, Marxen aburuz.

Egun, kaleko kontsumo-droga gisa ezagutzen dugu opioa. Eta beldur barik baieztatu daiteke estatu espainiarrean –gazteen artean, behintzat- askoz gehiago direla droga-kontsumitzaileak erlijiosoak baino. Opioa herriaren erlijioa da orain. Drogek burutzen dute anestesiko funtzioa. Ni-ni belaunaldia garela dionik bada. Eta bai, ni-niak gara: ni-nihilistak. Hondamendia baino ez dugu ikuskatzen aurrean, aldaketa posibilitaterik ez balego bezala. Ba ote dago ba?

Belfasteko Falls auzora joanez gero, euskaldun-ateo-katoliko gisa irudikatuko dituzte, seguruenik, independentistak. Ez da oximorona. Katolizismoak independentista esan nahi baitu haientzat, eta protestantismoak unionismoa. Ez dago jainkorik gaur egun gure inguruan. Edo bai: kapitala. Hori hala, katoliko, protestante, agnostiko eta ateoen sailkapen paralelo bat egin daitekeela uste dut.

Kapitalari zintzoki obeditu eta gaizki jokatu arren barkamen soil batekin salba daitezkeela uste dutenak dira katolikoak. PNV, CiU, eta PP.

Protestanteak, aldiz, liberalak lirateke. Sinesten dute jainkoan. Onartzen duten kapitala ente autoritario gisa, baina ordezkaritza albo batera uzten dute. Kapitalak agintzen du, ez gobernu interbentzionistak (jainkoak agintzen du, ez elizak). Egun, ez dago alderdi liberal puru adierazgarririk.

Agnostikoen barruan teismo-agnostikoa eta ateismo-agnostikoa aurkituko lirateke. Bietako inork ez dauka jainkoa existitzen den ziurtasunik, baina aurrenengoek badute fedea, eta bigarrengoek ez. Ziurtasunik ez dagoenez, baina, haustura edota defentsa ez da, inolaz ere erabatekoa. Sozialdemokratak dira aurrenak: ERC etaPSOE. Errebisionistak dira bigarrengoak: EH Bildu, IU eta Podemos.

Azkenik, ateoak leudeke, kapitalaren hegemonian sinesten ez dutenak. Kapitalismoaren aurka daudenak erabat. Kapitalismoa erreformatu baino suntsitu egin behar dela diotenak. Alternatiba eraiki. Marxistak edota anarko-komunistak, elkarren arerio izan arren. Nork ordezkatzen ei duen kapitalismoarekiko erabateko haustura? C´est le quid. CUPek eta Sortuk, agian?

(Jatorrizko testua Zirriborroak blogean)

XXI. mendeko kristautasuna estatu espainiarrean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude