XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek eginiko emendakinak

XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek eginiko emendakinak –

Emendakinak egiteko epea luzatu den honetan, sindikatutik ekarpenak egin nahi ditugu, prozesu hau benetan parte-hartzailea izatea espero dugulako.

STEILASetik argi dugu dugun hezkuntza sistemak jauzi bat eman behar duela. Zoritxarrez, orain arte argitaratutakoari erreparatuz, badirudi helburu kontrajarriak ditugula, gure helburua Euskal Eskola Publikoari dagokion erdiguneko tokia ematea baita. Publikotasuna ardatz xedea izanik, zailtasunez izan ahalko da adostasunik ikastetxe itunduen patronalen mesederako, bi sare horien interesak kontrajarriak dira eta.

Publikotasunaren kontzeptua bihurritzeak etekin desberdin bat emango duelakoan, ikastetxe itunduei besterik ez die egiten mesede. Sare publikoa administrazioaren eskumen zuzeneko ikastetxe publikoek osatzen dute, hau da, titulartasun publikoa dutenek. Gaur egun, bi sareek (publikoak eta itundutako pribatuak) hezkuntza ekoizteko dituzten funtzioak, abiapuntu-egoerak, moduak eta baldintzak oso ezberdinak dira. Sare pribatuak proiektuen kontrola galtzea eta titulartasuna askatzea onartzen ez duen bitartean, dualtasunak iraungo du. Eta dualtasunak, hain zuzen ere, ekarri gaitu hezkuntza sistemaren egoera lazgarri honetara, gizarte kohesioaren kaltetan. Hezkuntza itun honek hori ulertu ezean, egun dugun arrakala soziala eta aukera desberdintasuna betikotzen jarraituko du. Horretarako ez da adostasunik behar.

Aurkezturiko dokumentuak zehaztasun falta handia du. Ezin dugu abiapuntutzat hartu, ez da inolaz ere programatikoa eta ez du neurri zuzentzaile zehatz bakar bat ere ezartzen. Errendimendu, bikaintasun eta etekinaren erretorika neoliberalean jorraturiko dokumentu literarioa da gehien bat. Ez dago, esate baterako, segregazioari aurre egiteko planifikazio estrategiko baten arrastorik. Gure helburua hori bideratzeko proposamenak egitea da. Hala ere, zaila da dokumentu xume honetan proposamenari behar duen zehaztasun guztia ematea. Dokumentua jorratu dutenen helburua hori balitz, eta noizbait hezkuntza batzordeak gure iritziari eta guk ordezkatzen ditugun langileei zilegitasuna ematea erabakiko balu, hurrengo atalak negoziatu eta zehazteko gogotsu egongo ginateke.

XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek eginiko emendakinak

Etorkizuneko hezkuntza itunak jaso beharrekoak

Dokumentuan bazterkeria edo segregazioarekin amaitzeko neurriak jarriko direla aipatzen da, baina ez du hori ekiditeko neurri zehatzik jasotzen. Edonola ere, hori da hein handi batean hezkuntzaren funtzioa: jatorrizko desberdintasunak konpentsatzeko tresna izatea, gizarte kohesiorako tresnarik eraginkorrena. Helburua hori bada, ezinezkoa dirudi hezkuntza sistema dualaren egiturak horretarako balio izatea, honek funtsean desberdindu eta segregatzen baitu. Gure hezkuntzaren arazorik larriena den segregazioa konpentsatu eta ekiditeko, eta gure herriaren behar lingustikoei erantzuteko ezinbestekoak diren hurrengo pausoak eman behar dira:

1. Publifikazio progresibo baterako markoa zehaztu behar da

  • Zerbitzu publikoa erdigunean jarri nahi bada, hau da, egituraz segregatzen duen sistema dual honekin amaitu nahi badugu, ikastetxeen titulartasun juridikoa moldatu behar da. Alferrikakoa da ariketa teorikoekin pribilegio estrukturalak zuritu nahi izatea. Titulartasun pribatua duen ikastetxe batek, publikoak ez bezala, autofinantzaketarako diru iturri ugari izan ditzake; kooperatibisten ekarpenak, dirua biltzeko jaiak, fundazioen aparteko diru-laguntzak, enpresa pribatuekiko akordioak, materialen salmenta…
  • Itundutako ikastetxe pribatuak Eusko Jaurlaritzako titulartasunpean integratzeko aukera emango dien marko legala ezarri behar da. Langile eta ikasleen babesa bermatuko lukeen eta bokazio publikoa duten eskola pribatuei benetan publiko egitea ahalbideratuko dien publifikazio-prozesua. Titulartasun moldaketa hori modu progresiboan emango denez, ikastetxe publikoak (azpiegitura eta baliabideei dagokienez) pribatuekiko aldeak murriztu eta hezkuntza zerbitzuen eskaintzan berdinduko dituen berariazko plan estrategiko bat behar du. Lehenik eta behin, ondorengo urratsak eman aurretik, egun titulartasun ezberdinetako hezkuntza zentroen artean dagoen lehia saihesteko.
  • Pribatizazioaren lehen pausoa den haur hezkuntzako 0-3 zikloak doakoa eta publikoa izan behar du. Hezkuntzan txertatu eta ondorengo hezkuntza-ibilbidea bermatuta izan behar du.

2. Itundutako ikastetxe pribatuen betebeharrak

  • Hezkuntza sistema publikoak, zerbitzu publiko gisa, ardatza izan behar du hezkuntza sisteman. Horretarako, bi sareen arteko konfluentzia dagoen bitartean, bi sareen jokamoldeetan parekatzea ahalbidetu beharko da.
  • Itundutako ikastetxeek langileen kontrataziorako sarbide garden, objektibo eta bakarra izan beharko dute, kontrolik gabeko kontratazio askatasuna eteteko. Sindikatuekin negoziatu beharreko sarbidea izango litzateke eta langile guztien gaitasun, formazio eta hizkuntza eskakizuna bermatuko litzateke, etorkizuneko publifikazio prozesuak erraztuz.
  • Itundutako ikastetxe pribatuen langile guztiak ordainketa eskuordetuan egongo dira.
  • Zuzendaritza taldeen hautaketa eta eginkizunak modu demokratikoan egin beharko dira, bi sareen organigrama eta eginkizunak berdinduz. Ikastetxeetako zuzendaritzak klaustroetako lankidetzatik eratu behar direla bermatzea ezinbestekoa da, txandakako karguak izango direnak. Era berean, partaidetza-, koordinazio didaktiko-, erabakitze- eta gobernu-organoek (eskola kontseilua, klaustroa, batzorde pedagogikoa…) araudi, eraketa, osaketa, funtzioak eta eskumen berberak izan beharko lituzkete. Horrek titularraren oraingo gehiengoa edota bestelako foro partikularrak desegitea dakar, eskola komunitatearen egiazko ordezkaritza, parte hartzea eta barne demokrazia zabalduz.
  • Gardentasuna: Ikastetxe pribatuek auditoria ekonomiko-publikoak pasatuko dituzte aldizka. Publikarekin parekatuta dagoen hezkuntza proiektuak eskaintzeko behar duten diru-laguntzen kopurua zein den jakiteko beharrezkoak dira auditoriak. Baita jasotako diru publikoaren erabilera egokia konprobatzeko eta kontzeptu berberengatik diru sarrera publiko gehigarriak jasotzen ez dituztela bermatzeko ere.
  • 293/1987 dekretuak debekatzen duen kuoten kobratzea etengo dela bermatu behar da. Horretarako araudia garatu behar da, kontrol neurriak ezarri, bai eta zigor araua ere. Paperetik errealitatera eraman behar da neurri hau eta betearazi.
  • 21/2009, 1/2018 eta 293/1987 dekretuak bete beharko dira bere osotasunean, eta ikasleen onarpenarekiko irregulartasunak behingoz eten: planifikatutakoaz gain matrikulatzea, baimen administratibo nahikorik gabe ituntzea, gelak ratioz gain betetzea, eskola mapa desorekatuko duen ituntzeko erabaki arbitrarioak…
  • Eskola ordu eskaintza publikakoarekin parekatuko da, hau da, 25 ordu HH eta LHn eta 30 DBHn. Jaso ahal izango duten funts publikoen zenbatekoa kalkulatzeko hortik gorako eskola-orduak ez dira aintzat hartuko.
  • Erlijio praktikarik ez da egingo eskola orduetan. Erlijioaren irakasgaia ezin da aitzakiatzat erabili inor eskolatik baztertzeko. Erlijioa ez da derrigorrezko ikasgaia, hautazkoa da eta hori horrela dela kontrolatuko da. Ezin izango da erlijiorik inposatu, eta familien nahiz ikasleen sinismen guztiak berdin errespetatuko dira, lege-baldintza eta eguneroko praktika berdinetan.
  • Konpromiso sozialik agertzen ez duten ikastetxe itunduen itunen berehalako etetea gauzatu beharko da.

3. Hezkuntzak gizarte kohesionatzaile gisa duen funtzioa erdigunean jarri

  • Ikastetxea aukeratzeko eskubide faltsuarekin amaitu behar da. Familia guztiek ez dute erabakitzeko ondasun kultural eta ekonomiko berbera. Guztionak ez diren eskubideak pribilegioak baino ez dira. Gobernuek guztion topagunea izango den hezkuntza publiko bakarra eta kalitatezkoa bermatu behar dute. Bestea subsidiarioa eta pribatua izan beharko da.
  • Planifikazioan publikoak izan beharko du ardatza. Ituna salbuespenezko kasuetan besterik ez da emango, eta betebeharrez baldintzatua: laikotasuna, doakotasun erreala, euskalduntzea, auditoria ekonomikoak eta publikoak, eskola eskaintza mugatua, eskaintza publikoaren osagarria eta funts publikoen bitartez ordaindutako langileen kontratazio sisteman sarbide bakar eta gardena.
  • Matrikulazio prozesu ez gardenak, irregularrak eta segregatzaileak ekiditeko administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko eta bakarra ezarri behar da eskualde, herri eta hiri guztietan.
  • Onarpen baremoa berdina izan beharko du ikastetxe guztientzat. Irizpideak objektiboak eta guztiontzat lorgarriak izango dira, eta inguruko komunitatearen kohesiorako eta inklusiorako bideratuko dira. Hortaz, ikastetxeen eskola kontseiluen puntua desagertuko da berdinketa egonez gero, ikasleak hautatzeko eta batzuek abantailak lortzeko erabiltzen delako nabarmen.
  • Ikasleen matrikulazio eta onarpenean, hau da, planifikazioan, publikoa ardatz izango da. Ikastetxe pribatuak sare publikoan ikaspostu nahikorik ez dagoenean besterik ez dira itunduko. Itundutako ikastetxe pribatuek, diru publikoz finantziatuta dauden heinean, betebehar publikoak ere izango dituzte.
  • Eskola mapa bakarra gauzatu behar da, hezkuntza zentroen ibilbide eta elkarren arteko harremana ondo zehaztuz.
  • Ikasle guztiek izan beharko dute (unibertsitatea barne) sare publikoan doan ikasteko eskubidea. Horretarako, ezinbestekoa da 0-3 zikloa ere eskola mapan txertatzea eta administrazioaren hezkuntza eskaintzaren plangintzaren parte izatea.
  • Eskola publikoan ere, hezkuntza eskubidea modu orekatu batean bermatzeko erabateko doakotasunerantz urratsak eman behar dira: materialak, eskolaz kanpoko jarduerak, jantokiak…

4. Logika merkantilista eta ikastetxeen arteko lehiakortasuna saihestu

Errealitate hurbileko egoerei ahalik eta erantzun egokiena emateko ikastetxeen autonomia onuragarria bada ere, ikastetxeen arteko desberdintasunak areagotu ditzake, hauen arteko lehiakortasuna handituz (baita sektore publikoan ere).

  • Berrikuntza pedagogikoak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aktibatuko dituzten esperientzia eta jarraibide egokiak bilatzera doaz. Eskola komunitateko bizikidetzan, inklusioan eta ikasleen garapen integralean onurak eskuratzea dute helburu. Edozein burutazio metodologiko ez da berrikuntza pedagogikoa. Tamalez askotan berrikuntza horiek bikaintasunaren “label” zehatz batzuk lortzera bideratu eta ikastetxeen arteko lehia logikan txertatu dira.
  • Berrikuntza eta bikaintasuna lortzeko, giza-baliabide eta baliabide material nahikoak eta egokiak behar dira ikastetxe guztietan, gehien behar duenari gehiago emanez. Administrazioak bere menpeko zentro publiko guztiak zaindu behar ditu, batez ere haien artean aldeak sor ez daitezen.
  • Baliabideak ezin dira ikastetxeen eskaera eta kontu emateari lotu. Horregatik, adosteko dagoen XXI. Mendeko Hezkuntzarako oinarriak dokumentuan garatzen ari diren (baina dagoeneko ikastetxeetan aplikatzen ari diren) kontratu- programak zalantzan jarri behar ditugu. Ezin da baliabideen hornikuntza ikastetxearen ekimen eta gaitasunarekin baldintzatu. Ikasleen beharrak izan behar dira irizpideak.
  • Zuzendaritza taldeak indartu behar dira, baliabide gehiago eta ordu gehiago emanez. Taldea bera da indartu beharrekoa, ardura kooperatiboa izan beharko luke, lankidetzan oinarritutakoa eta betikotu daitezkeen gerentzia-lidergo profesionalak saihestuz.

5. Hezkuntza Publikoa indartzeko langileen lan baldintzak hobetu

Hezkuntzaren kalitateaz hitz egitean berrikuntza pedagogikoaren mirariei erreparatzen zaie askotan, baina badago hezkuntza kalitatea hobetzeko egingarriak diren neurri zehatz asko. Horregatik guk argi dugu hezkuntza itun baten inguruan adostasuna lortu nahi badugu, langileen lan-baldintzen inguruko adostasunak ere beharko ditugula. Hau da, akordio bat egongo bada, ikastetxeen berrantolaketa baten eskutik iritsiko da. Langileen lan-baldintzen indartzearekin, ez dezagun ahaztu langileen eskubideak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi aurpegiak direla. Hemen hori lortzeko proposamen xume batzuk:

  • Konplexutasun maila altuko eta ISEK maila apaleko ikasleen %30eko kontzentrazioa baino handiagoa jasaten duten ikastetxeetarako plan bereziak martxan jarri behar dira. Inguru hurbileko errealitate sozialaren isla bihur daitezen eta desegrega daitezen.
  • Ikasle-irakasle eta taldeko ratioak jaitsi behar dira. Ulergaitza da osasun larrialdi egoeran ere ratioak moldatu ez izana. Ukaezina baita ratioen jaitsiera ikasle bakoitzarekiko dugun arreta denbora handitzen duela, eta ondorioz hezkuntza kalitatea.
  • Kalitatearen mesederako ere, langileen erretiroan aurrerapausoak eman behar dira. Plantilla gazteberritzeko plan bat behar dugu, langileen txandakatzea modu progresiboan ahalbidetzen duena, eta esperientziaren transmisioa ere posible egiten duena.
  • Langileen lan zama eta lan burokratikoa arindu behar da; tutoretza bikoitzak txertatuz, behar bereziak dituzten ikasleentzat baliabide gehiago emanez…
  • Ikastetxe batzuk besterik izango ez dituzten kontratu programa eta proiektuei loturiko hornikuntza baino, egungo errealitateak jartzen dizkigun erronkei aurre egiteko baliabide egonkorrak behar ditugu. Ezinbestekoa da ikastetxe guztietan aditua eta pedagogikoa den figura egonkorra izatea hainbat gai lantzeko. Esate baterako, hezkidetza, digitalizazioa edo euskalduntzea. Zuriketa morea alde batera uzteko garaia dugu hau, asmo onez beteriko adierazpen hutsetatik haratago, ikastetxeetan baliabide errealak jarri behar dira.

6. Euskara

Hezkuntza akordioak ausardia falta handia izan du adostasuna dugun eremuan ere. Euskarazko murgiltze ereduaren alde egiterakoan hankamotz gelditzen da, eta ez dio aurre egiten ISEI_IVEIren ebaluazio diagnostikoek atzemandako euskalduntze maila egokia lortzeko gure hezkuntza sistemak dituen behar eta erronkei. Euskara modu eraginkorrean orokortu ez eta marko hirueledunean sakontzen jarraitzen du.

STEILASen ustez, herri elebidun batean ez da benetako berdintasunik egongo biztanleek bi hizkuntza ofizialak ez dakizkiten bitartean. Euskararen ezagutza herrigintzaren zutabeetako bat da, eta kohesio sozialean elementu garrantzitsuena.

Hezkuntza sistemaren helburua ikasle euskaldunak lortzea izan beharko litzateke, euskaraz ongi komunikatuko diren haur eta gazteak. Eta horren aldeko pausoak eman behar dira, hezkuntza eremu formaletik eta ez-formaletik. Euskara testuinguru kulturalarekin irakatsi/ bizi behar da, zentzua izan dezan eta esperientzia aberatsa izan dadin.

  • Hizkuntza-ereduetatik haratago, euskararen murgiltze ereduan sakonduz joan behar da, euskarazko eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko.
  • Euskararen aldeko neurri eta konponbide orokorrez gain, tokian tokikoak topatu beharko zaizkio, eremu soziolinguistikoak kontuan izanda.
  • Euskararen hezkuntza-plazen kopuruek gora egin behar dute, ez bakarrik oinarrizko hezkuntzari begira, batxilergo eta lanbide heziketari begira ere.
  • Hezkuntza langile guztien euskalduntze eta trebatzearen aldeko programak bultzatu behar dira: liberazioak barne.
  • Hizkuntzen pedagogian sakondu behar da, hizkuntza erakutsi egin behar da. Gaur egun ez gaude elebitasun klasiko batean. Hortaz, Kultur eta hizkuntza aniztasunaren inguruko planteamendua behar dugu. Ikasleen hasierako hizkuntza baldintzak desberdinak dira euskararen ikaskuntzari begira.
  • Eremu eleanitz batean euskararen ikaskuntza arrakastatsua izateko baliabideak jarri behar ditu administrazioak: irakasleen formaziorako, taldekatze txikietan (eta ratio txikiagoetan) elkarrizketan oinarritutako metodologietarako, hizkuntza irakasteko programazioetarako eta materialetarako, hizkuntza planak gauzatu ahal izateko…
  • Euskararen erronka eskola segregazioa gainditzeko erronkaren eskutik doa. Euskarak nekez lortuko ditu ezagutza maila eta zabalkunde egokia ikasleak baztertzen dituen sistema batean.
  • Udal erakundeekiko lankidetza ezinbestekoa da: herri-mailan euskara sustatzeko eskolaz kanpoko programa sendoak, kirol- eta kultura-jarduerak, euskara ikasteko familiei (gurasoei) aukerak, herri mailako hizkuntza politika argiak eta ondoriozko esku-hartzeak…
  • Marko eleanitzetan sakontzeko aitzakiarekin, kontuz ibili behar dugu marko hiru eledunarekin. Hizkuntzei ematen zaien balio utilitarista eta ekonomizistari jarraikiz, euskararen irakaskuntza kaltetua atera daiteke, esate baterako, ingelesaren mesederako.

XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek