XXI. mendeko Donostia euskalduna – Bidea Marraztera Goaz

bidea marraztera goaz

«XXI. mendeko Donostia euskalduna – Bidea Marraztera Goaz» jardunaldiak antolatu ditu Donostiako BAGERA Euskaltzaleen Elkarteak datorren udaberriko 3 hilabeteetarako, martxotik ekaina bitartean, Donostiako euskaltzaleak berriro bildu eta berraktibatu nahian DONOSTIA EUSKALDUN XXI. MENDEAN helburuaren inguruan.

7 jardunaldi, hasteko, bakoitza abiatzaile dinamizatzaile bat edo batzuk izango dituena. Asmo berrian laguntzeko prest agertu diren donostiar aditu edo arituak, Donostiako euskal munduan esperientzia dutenak, beren soziolinguistika ezagupenenetatik Donostiako bideak marrazten lagundu diezaguketenak, gazte euskaltzaleak…. Hasierako 30-40 minutuetan hartuko dute hitza eta bere ikusmolde, iritzi edo proposamenak eskainiko, Donostiako euskaltzaleak, euskaldunak, gero eta ikusgarriago bihurtu gaitezen hirian.

Ondoren, eta saio bakoitzeko bi orduak bete arte, parte hartzaileen txanda izango da -BAGERAk moderatua-, asmoz, jardunaldien ekaineko bukaerarako ideia garbiagoa izan dezagun denon artean gure indarren, animoen eta aurrerako jardunbide posibleen inguruan.

Informazio zabalagoa  hemen BAGERAk emana JARDUNALDIEN inguruan, baita, kartelak eta esku-orriak ere.

Jardunaldi guztietarako bilduko gara San Telmo Museo berrituan, arratsaldeko 7etan, eta 9ak bitartean, saioz saio gure bidean aurrera egin nahian, programa eta egutegi honen airean:

  • Martxoak 14. Osteguna: Mikel Zalbide
  • Martxoak 21. Osteguna: Donostiako Piratak
  • Apirilak 16. Asteartea: Mari Jose Azurmendi
  • Apirilak 23. Asteartea: Lorea Agirre eta Igor Otxoa
  • Maiatzak 14. Asteartea: Joseba Alvarez
  • Maiatzak 21. Asteartea: Beñat Gaztelumendi, Asier Basurto
  • Ekainak 4. Asteartea: Ondorioen Word Kafea

Jardunaldietan parte hartzera deituak daude Donostiako euskaltzale guztiak, nagusiki jada euskaraz bizi garen eta bizi nahi dugun guztiak, eta oso bereziki gainera, Donostian jada euskaraz lan egin eta bizitza irabazten dugun guztiak, irakasle, itzultzaile, artista…, gazte, ikasle, langile, hiritar…, denon artean abiada prestua emateko XXI. mendeko ekinaldi berriei.

Ongi etorri

Hartu zure lekua

2 pentsamendu “XXI. mendeko Donostia euskalduna – Bidea Marraztera Goaz”-ri buruz