XVI. mendeko euskal baleazaleen itsasbidetik

Ternuko paraje urrunetaraino heldu ziren XVI. mendeko euskal arrantzaleak, balearen bila. 2017an bide bera egiteko egitasmoa aurkeztu berri dute, AEB-etan bizi de Iñaki Arizmendi beasaindarra bultzatzaile nagusi dela.

Baleazaleen itsasbideaXVI. Mendean euskal kostaldetik Ternurainoko bidea egiten zuten baleazaleak; 2.160 milia nautiko inguru St. John herriraino, bederatzi hilabete bitarteko espedizioetan. Saria, arriskuetatik onik ateraz gero, ez zen makala, balearen koipea oso gai estimatua baitzen merkataritzarako. Hiru hilabetetan hirurehun kupela bete balea koipe lortzera heldu bide ziren; dirutza garairako.

Euskal arrantzaleak XII-XIII. mendean hasi zuten zetazeoen arrantza, euskal balea ere deitzen duten sardako balearena, Kantauri itsasoan eta traineru txikietan; arpoi bidez -azkena 1901ean arrantzatu zuten, Benito Lertxundik ezagun egin zuen “Balearen bertsoak” kantuan kontatzen denez-. Eta itsas ugaztuna gure kostaldetik urrundu ahala, gero eta itsasbide luzeagoak egin zituzten beraien atzetik, Irlanda eta Islandia ingurura lehenengo, eta Ternua zein Labrador penintsula urrutira gero (migrazio bidea zuten zetazeoek); “euskaldunen itsasbidea” legez ezaguna ei den ibilbidea.

Baleazaleak Amerikara iritsi eta bost mende geroago, 250 bidaiari ingururentzako espedizio zientifiko kulturala prestatu dute itsaso artikoan, Ternuko San Joan hiritik (herrialdeko hiriburua, euskaldunek sortua) 2017ko ekainaren 15ean abiatu eta astebetez euskal arrantzaleen aztarnen peskizan joango dena, Fogo Island, Red Bay -UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu duen tokia, baleazaleak medio duen historia berezia dela-eta-, Port-aux-Basques eta Saint Pierre et Miquelon irletan zehar. Bidaiak Latonia Hartery doktorea, Robert Grenier eta Manu Izagirre ikerlariak izango ditu gidari. Azken hauek XVI. mendeko San Juan baleontzi urperatuaren bilaketan parte hartu zuen –Albaolan erreplika eraikitzen ari dira, Donostia 2016rako-.

Ez da honakoa baleazaleen itsasbidea berreskuratzen duen lehen espedizio modernoa. Ezaguna dugu, esaterako, 2006an Albaola Elkarteak antolatu zuena, “Apaizac Obeto”, dokumental batean jasoa baitago. Orduan XVI. mendeko traineruen erreplika erabili zuten baina, eta honakoan ontzi izotz-hausle bat, 137 metro luze eta 21 metro zabal den Ocean Endeavour ezin modernoagoa. Izan ere, zeharkatuko dituen parajeak irisgarritasun zailekoak dira. Bidaiak 1.900 euro inguru balioko ditu eta, aurrekontuak ematen ez badizu, azpiko bideoa ikustearekin konformatu beharko duzu. Finean itsasbidaiaren iragarkia ez den arren, zinez paisaia ederrak agertzen ditu.

 

 

Euskal jolas parkea, Quebec-en
Ternua eta Labrador-ek Quebec du mugakide, eta hemen ere bada euskaldunen aztarnak mendez mende gorde dituen beste toki bat, egun hegazti migratzaileen behatoki dena eta XVI. mendean balea ez ezik bakailaoa arrantzatzeko ere baliatu zutena. Gaur oraindik ugaria da bertan euskaldunen jarduerak utzitako ondare arkeologikoa, hurrengo bideotxoan frogatuko duzuenez. Honakoa ere iragarki bat dugu, kasu honetan irla parean den Trois Pistoles-en den abentura parkekoa, Le Parc de l´Aventure Basque en Amérique; baina hemen ere gure arbaso arrantzaleei buruz mintzo dira.