Xabier Olano Euskadi Irratian, (mute) salaketa

Xabier Olano Euskadi Irratian, (mute) salaketaMaiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetara begira, komunikabide publikoetan egin ohi dutenez, elkarrizketak egin dizkiete hautagaiei Euskadi Irratian, eta Xabier Olano izan zuten gonbidatu maiatzaren 15ean Faktoria saioan.

Elkarrizketan, EH Bilduk Gipuzkoako Aldundirako aurkeztu duen hautagaiak kontu larriak leporatu zizkion EAJ-ri, balio informatibo handikoak  izanagatik ere, albistegietan ezkutatu direnak. Horrela salatu du Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak (azpian irakurgai duzuen komunikatuaren bitartez).

Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluaren komunikatua:

Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak agerian utzi nahi luke, Xabier Olano EH Bilduko Gipuzkoako Aldundigaiak Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan joan den ostiralean (Maiatzak 15) egindako salaketaren harira Zuzendaritza honek hartu duen erabakia.

Hauteskunde kanpainako elkarrizketen tartean eta iruzur fiskalaren gaiari  lotuta,  Olanok  titular hauxe  eman zigun: “EAJren garaian, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa handiak ez ikuskatzeko agindua eman zuen”.

Salaketaren larritasuna ikusita Euskadi Irratiko hauteskunde blokean lekua egin behar zitzaiola iruditzen zaigu. Eguerdiko blokea itxita zegoela argudiatuz, eguerdian ez zen korte hori eman. Olanoren salaketa bi hitzetan aipatu zen, EAJren erantzuna gehituta. (EAJk gezurtatu egin zuen salaketa).

Aritz Agirre Albistegi Buruak esan zigun arratsaldeko hauteskunde blokean izango zuela tartea baina azkenean ez zen sartu. Xabier Olanok goizeko ekitaldian baserritarrei buruz emandako kortea hobetsi zen.

Euskadi Irratiko  erredaktoreek askotan sentitzen dute etsipena,  titularrak eta esklusibak emateko,  protagonistek gaztelerazko medioak aukeratzen dituztela ikusten dutenean. Ez dugu imaginatzen  beste komunikabide batean Xabier Olanok eman zuen pareko titularra eskuratu  eta hori oharkabean pasatzea.

Beraz, Zuzendaritzari eskatzen diogu EUSKADI IRRATIAN lortutako informazioei eta titularrei merezi duten lekua aitortzea.

.

Xabier Olanok Euskadi Irratian egindako salaketa (audioa eta transkripzioa):

.

Faktoria: Iruzur fiskala kezka iturri dira oro har administrazioarentzat. Zer neurri berri hartu behar dira, zure ustez, iruzurraren maila murrizteko?

Xabier Olano: Bata jada hartu dugu, hau da, baliabide gehiago jarri, pertsona gehiago jarri lanean; guk ikuskarien langile kopurua handitu egin dugu eta hori emaitzetan berehala ikusi da; eta bestea, langileei lanean uztea. Niretzat izugarrizko sorpresa atsegina izan da profesional oso onak daudela ogasunean, lana oso ondo egiten dutela eta lanean utziz gero emaitzak lortzen direla, baina zoritxarrez jaso ditugun datuak eta jaso ditugun informazioak dira aurreko legealdietan ez zitzaiela lanean uzten eta espreski esaten zitzaiela mesedez enpresa hau ez ikuskatu, beste hau ez eta beste hau ez.

Faktoria: Esan nahi duzu Gipuzkoako aurreko Aldundiak gaur egungo tekinikariei zuzeneko, espresuki, aginduak ematen zizkiela enpresa batzuen zenbakiak ez begiratzeko?

Xabier Olano: Bai, kasu batzuetan bai, kasu batzuetan nik badakit zenbait enpresa motetan eta SP-ak, nolabait aurten emaitzarik bikainenak eman dutenak, bere garaian esan zitzaiela SP-ak ez ikuskatzeko eta gainera SP-ei beraiei ere agindu zitzaiela zuok ez zaituztegu ikuskatuko, eta hori oso larria iruditzen zait.

Faktoria: Eta zer enpresa mailari buruz edo zer neurritako enpresei buruz ari gara hizketan?

Xabier Olano: Handiak, oso handiak, SP izateko gutxienez 3 milotik gorako kapitala behar da, enpresarik handienak izan dira behin eta berriz EAJ-ren mesedeak jaso izan dituztenak.

Faktoria: Eta zuek egin duzue salaketa hau egin behar den lekuan?

Xabier Olano: Bai, bai, guk egin dugun lehenengo gauza izan da teknikariak proposatu dizkiguten enpresa guztiak ikuskaritzan sartzea, denak, ni zuzendaria izan naizen bitartean ez da bat bakarra gelditu nire ezetzarengatik sartu gabe.

Xabier Olano Euskadi Irratian, (mute) salaketa

Xabier Olanori elkarrizketa osoa (Euskadi Irratiko Faktoria, maiatzak 15):

Afera hobeto ulertzeko, Faktoria saioak Xabier Olanori egindako elkarrizketa osoa ere erantsi diogu sarrerari (3.32-5.27 minutu bitartean dituzue entzungai EAJ-ri leporatu zizkionak); eta EH Bilduko hautagaiaren hitzek Goizak Gaur saioan izan zuten oihartzuna ezagutzeko, albistegia ere badakargu (22.45-23.21 minutu bitartean).

Iluntzean eguneko albiste nagusien laburpena egiten duen Mezularia saioan, bi ordutan, ez dugu Olanoren adierazpenik entzun, baina badaezpada hemen duzue esteka:

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/mezularia/2515408/3214074/mezularia-2015eko-maiatzak-15/

Salaketaren oihartzuna Goizak Gaur saioan (22.45-23.21):