Walt Disney Culinary Center

pacoibanez

Euskaldun atipikoa da Paco Ibáñez, konplexurik gabea, argi eta garbi hitz egiteko arazorik ez duena. Mediterraneo aldean bizi izanak emango zion askatasun hori beharbada. Bejondeiola.

Gure elite bertokoak eta euskara aipatu ditu Ibáñez -ek Noticias taldeko egunkarietan eskainitako elkarrizketan. Kasu honetan goi mailako sukaldariez ari zen, baina berdin-berdin balio du “goi mailako” beste edozein gremiotarako ere, guztietan salbuespen bakanak izan badiren arren.
Horrela zioen:

“Duintasunari, kulturari, sentimenduei eta elkartasunari dagokion guztia ezabatu nahi dute eta robotak eraiki, Walt Disney gizartea.
Eta jende guztia ingelesez mintzatzen ikusteak, sukaldari handiekin gertatzen den bezala, izutu egiten nau. Euren eskolari Basque Culinary Center deitzeko duintasun gutxi behar da! Alu halakoak!Oso sukaldari onak izango dira, baina ez naiz sekula euren jatetxeetara joango.
Eta gehien asaldatzen nauena da Donostian boterean dauden abertzaleek, kontu honetan  ezer esan ez izana.  Ez dute kulturarik edo zer gertatzen zaie? Zer da iraultza beraientzat? Kulturalki erreakzionatu beharra dago,…Abertzaleak dira jende horiek?
Euskarak lotsa ematen die, ala?

 Harrituta eta haserre ageri da Ibañez, eta arrazoirik ez zaio falta.

Kike Amonarrizek ere, harridura azpimarratzen du bere blog estreinatu berrian:

“Harrigarria horixe baita; nola lortu duen euskarak XXI. mendera iristea! Hiztun kopuru mugatua, joan den mendea arte inolako onarpen ofizialik gabe eta bertako agintari eta pertsona ikasiek mespretxatua… ”

Salbuespenak beti izan dira, zorionez, Euskal Herriko eliteen artean, baina joera nagusia espainierari men egitekoa da eta izan da, baita elite abertzaleetan ere.
Orain gainera, ingelesa gehitu diote konplexuetan oinarritutako jokabide horri, ustezko kosmopolitismoaren ordez,  kosmopaletismoa praktikatzen dutelarik. Horra Bilbao Exhibition Centre, Basque Center for Neuroscience, Basque Centre for Climate Change, Donostia International Physics Centre, eta abar luze bat. Esan gabe doa, Athletic Club Bilbao edota Real Sociedad de Fútbol, soka berekoak direla.

33 pentsamendu “Walt Disney Culinary Center”-ri buruz

  • Carrefour berriz euskararen alde. Buzoneatutako azken publizitate orrietan: “Izakinak kanpora!” Gaztelaniaz aldiz “!Stocks fuera!”

  • Nire adostasun osoa Pacorekin. Ehuneko ehunean arrazoi daukala iruditzen zait. Eta futbolari buruz esaten duenaz, beste hainbeste. Holako ahotsak behar ditu, hainbeste ardi otzanen artean.

  • Carrefour chapeldún! 2013-01-15 09:49

    Carrefour, Eroski, Netto, Alcampo, Leclerq, eta enparauak “euskararen aldeko” etengabeko lanean dihardute. Adibide gorentzat joko nuke Olaberriako Carrefour (baina beste guztiak ere, antzerako): bezeroen artean euskara gehiago entzun ohi da espainiera baino; alabaina, Carrefourrek erronkari sendo eutsiz, euskarari ez dio gerrarik ematen, kanposantuko bakea baizik. Olaberriako Carrefour erraldoian apenas errotulu bat edo beste aurkituko duzu euskaraz, produktu guztien izenak espainieraz, kutxetan euskaraz nork dakien eta nork ez asma zank, etxera bifalytzen duten publizitatea espainiera hutsez (azala kenduta, lixtoak…). Goierriko bihotzean aizue. Con dos c…
    Baina lasai. Seguru nago geure agintari abertzaleek, Olaberriakoek, GFAkoek eta Jaurlaritzakoek neurriak hartzekotan daudela, egunotako edozeinetan.

    • oso ondo dago instituzioei honelako eskaerak egitea; baina 1)- instituzioek badaukate, adibidez, Carrefourreko kontratazio politikan eragiterik? eta 2)- iraultza norberarengandik hasten dela jakinda, esan al diozu ezer Carrefourreko norbaiti? kexarik jarri duzu? zergatik erosten duzu Carrefourren? Kutxazainak direla eta, beste gauza bat ahazten zaiguna: bezeroak beti daki euskaraz. Honekin guztiarekin esan nahi dut, mota honetako saltokietan eragiteko efektiboagoa dela bezeroen jarrera, instituzioen politika baino. Nahiz eta, aitortzen dudan instituzioetatik ahal dena egin beharko litzatekeela. Bazen lege bat, azken jaurlaritzako gobernuak bertan behera utzitakoa, zioena saltoki handietan aukera bermatu behar zela… Baina betetzen ez zen kasuetan ez zen ezer egiten, nik dakidala. Bide hori landu daiteke, baina ea behingoz euskaldunok ikasten dugun behar den lekuan kexatzen.

      • Carrefour chapeldún! 2013-01-15 10:16

        Ez dut Carrefourren erosten apenas. Oso-oso gutxitan.
        Idatzi nien behin. Erantzunaren zain nago oraindik.
        Herri sumisoa da gurea, asimilatua. Bezero euskaldun arruntak ez du kutxazain erdalduna molestatu nahi, ezta inguruko bezero erdaldunak ere. Besteak beste, erdaldun askok erantzun zakar askoak ematen iaioak direlako, eta jendeak bakean erosi eta bakean etxera joan nahi duelako.
        Agintariak horretarako daude, agintzeko, arautzeko, jokabide komunak ezartzeko. Edo nola uste duzu ailegatu garela guztiok espainieradin zintzo-otzanak izatera ba?

        • Ados, agintariak horretarako daude, eta ojala gehiago egingo balute euskararen alde. Baina, diozun bezala euskaldun sumiso asko dago: kutxazainari euskaraz egin eta gaizki sentitu besteagatik, eta erdaraz egin eta gaizki sentitu norberagatik… alegia, beti gaizki sentitzen. Diodana da horrelakoetan errazena boterean dagoenari egoera alda dezan eskatzea dela, eta niri iruditzen zait norberak egin behar duela ahalegina sumisio egoera batetik jarrera proaktibo batetara pasatzeko.

          • Carrefour chapeldún! 2013-01-15 10:35

            Noronek praktikatzen dut aspaldi diozun hori, baina konturatu naiz, euskaldun asimilatu askori ez diola grazia handiegirik egiten proaktibotarron ekimenak. Horregatik uste dut, agintari eta elite abertzaleek oro har, jarreraz aldarazi behar ditugula, bestela jai dugu eta. Euskaldun arruntak guztia dauka kontra euskaraz egin nahi badu, eta alde espainieraz jardun nahi badu. Horregatik makurtzen dira gehienak. Babesik apenas aurkitzen dutelako. Bizitzaren beste edozein arlotan bezala. Eta euskaldun arruntok, aginterik ez dugunok, ez daukagu egoerak aldarazteko gaitasun oso mugatua baizik. Agintari abertzaleek, herririk txikieneko alkaterik xumeenetik hasita, tresna indartsuak dauzkate eskura, egoera aldarazteko. Adibidez, Olaberriako alkate eta zinegotziek Carrefourreko arduradunei bixita egin eta euskaldunak aintzat har dezan eskatzeak, ez duzu uste nire gutun galduak baino askoz eragin handiagoa izango lukeela?
            Edota alkate horrek herritar ardituei gutun bat bidaliko balie euskara erabil dezaten eskatuz, ez zaizu iruditzen akuilu izango litzatekeela arditu askorentzako?

          • Lehengo galderari, bai. Bigarrenarekin zalantzak dauzkat. Instituzioek asko egin dezaketela argi daukat, batez ere, herritarroi zerbitzua eskaintzen diguten enpresei dagokionez. Gainera, jarrera proaktiboa daukan batek honelako eskaerak egitea oso ondo ikusten det. Nire kezka bikoitza da: bata, diozun euskaldun asimilatu horien erreakzioa instituzioetatik etor daitezkeen ekimenei. GFAren hainbat ekimen nola demonizatu diren ikusi besterik ez dago. Bestea, euskaldun asimilatu ez, baina sumisoek instituzioei eskatzea bera proaktiboago izateko gauza ez delako. Gainerakoan guztiz ados zurekin.

  • Gora Paco Ibañez eta berak bezala pentsatzen duten guztiak!!! Gogoan dut oraindik, eta gaizkitzen naiz oroitzen naizen aldiro, EAJk hauteskundeetan erabili zuen leloetako bat: “I am Basque”. Zer-nolako mina sentitu nuen telebistan ikusi nuenean. Oraindik ere ez dut ulertzen norentzat zen mezu hori. Hemen, Nafarroan, egunero hamaika lagun ikusten ditut, beren eguneroko lana bete eta gero, euskaltegira joaten sekulako esfortzua eginda, gero horrelakoak ikusteko gure inguruan. Benetan, lotsa emangarria!

  • Fermin Galparsoro 2013-01-15 10:04

    Nik ere eskertuko neuke esparru ezberdinetako euskal eliteak gure herriaren alde gehiago egitea. Futbol jokalariak adibidez, espainiar selekzioari ezetz esateak, askatasunaren berreskurapenari asko lagunduko lioke. Baina, ulertzen dot pausu hori iñork ez emotea, ez idazle, ez kirolari, ez sukaldari, ez enpresariek… pasusu hori emoten dauanak egurra besterik ez bait dau jasoko. Eta hori indar gabeko herri bat garelako gertatzen da. Azken 40 urteotan egindako politikak, herri honek euki dauan indarra desagertzera daroa eta gainera askok ARO BARRI baten gagozala esateko lotsa daukie. Herri bezela desagerpenerea eramango gaituen aro berria da hau.
    Askatusenera bideratutako estrategia global bat sortu beharrean gagoz eta orduan bai, orduan, euskal eliteak bere indarrak metatuko ditu estrategia horren inguruan. Momentu horretan, 115.000 pertsonek egindako presoen aldeko manifa bat bitarteko bat izango da eta ez helburu. Eta orduan bai, orduan, euskal herritarron edozein ekintzak etsaiak beldurtuko dauz, askatasuna gertu egongo bait da.
    Egun hori heldu harte 115.000 pertsonen manifa batek erantzun hau eukiko dau:
    http://www.laprovincia.es/espana/2013/01/14/interior-vuelve-descartar-negociacion-eta/508596.html?utm_source=rss

  • Bittor Hidalgo - Donostia 2013-01-15 10:54

    Niri iruditzen zait, gure artean -euskaldunon artean- zabaldu nahi den anti-inglesismo honek, nahita edo nahi gabe, konturatu edo ez, espainolari baino ez diola mesede egiten. Eta horretaz jabetu behar dugula. Hemen (hegoaldean) gure etsaia espainola da, iparraldean frantsesa bezala. Ez ingelesa. Ingelesa espainolek dakusate, sentitzen dute, etsai, eta frantsesek. Ingelesak kendu dielako aurreko mendeetan frantsesak eta espainolak munduan izan duten nagusitasuna. Guretzat ordea ez da horrela. Gure etsaia espainola eta frantsesa dira, eta ingelesa erabili dezakegu espainolak eta frantsesak gure artean lortu duten ezinbestekotasuna ahultzeko. Munduko hizkuntza gaur ingelesa delako, eta ingelesa jakinda dagoeneko ez ditugulako ez frantsesa eta ez espainola behar mundua ezagutzeko azken mendeetan gertatu zaigun bezala. Hitz egin dezakegu honetaz lasaiago. Urtzi Urrutikoetxeak ere orain egun batzuk idazten zuen hala moduz ‘31 eskutik’ webgunean interesgarri (nahiz JJ Agirrek bere erantzunean hemen aipatzen den Paco bera aipatuz -ez Pako sikiera- ez duen hala ulertzen), eta Paco Ibañezen kasuari erreparatuko diot.

    Itzainek eman dizkigu Paco Ibañez Gorostidiren hitzak euskarara oso txukun itzulita. Baina gure Pacok espainolez egin ditu bere hitzak, eta hala jasotzen dira “Nos quieren robar la dignidad, la cultura, los sentimientos y la solidaridad” izen ponpoxo daraman elkarrizketan:

    Todo lo referido a la dignidad, a la cultura, los sentimientos y la solidaridad. Lo quieren borrar y construir robots, la sociedad Walt Disney. Y que todo el mundo hable inglés es algo que me horripila, como sucede en el caso de los grandes cocineros vascos. ¿Cómo tienen tan poca dignidad para llamar a su escuela Basque Culinary Center? ¡La madre que los parió! … Esta gente son unos vende patrias. Cocinarán muy bien pero nunca iré a comer a sus negocios. Y lo que más me molesta es que los abertzales que están en el poder en Donostia no han levantado la voz en este asunto. ¿No tienen cultura o qué les pasa? ¿Qué es la revolución para ellos? ¡Hay que reaccionar culturalmente, ¿qué tiene de abertzale esta gente? ¿Es que les da vergüenza el euskera?

    Baina dirudienez guztiz logiko eta gizalegezko deritzo berak guri bihotz betean egitea espainolarekin ingelesari egiten utzi nahi ez dion hori guztiz areagotua.

    Paco Ibañez kantari espainola da -ikusi ere bere webgune ofiziala; soilik espainolez (castellano esaten du, hori bai) eta frantsesez-, Valentzian jaioa, aita hangoa, eta 6 urteetatik 14etara-edo Adunan bizitakoa, ama euskaldun eta lau anai-arrebekin. Amarekin orduan euskaraz egiten omen zuten. Eta ordutik batez ere bere lotura euskalduna. Gero jada Parisen hazi eta bizitakoa 1990ra arte edo. Ondoren egonaldiren bat ere egin bide du Adunan -euskara zer edo zer berreskuratu nahian edo-, 1994an Bartzelonan kokatu arte.
    Baina (wikipedia euskaraz) «Ibañezen lan nagusia Espainiako poeta handien poemak musikatzea izan da: Lorcaren, Góngoraren, Cernudaren, Albertiren, Hernándezen, Blas de Oteroren eta abarren poemak musikatu ditu, eta hainbat tokitan abestu, Parisko Olympian besteak beste. Brassensen poemak ere itzuli eta kantatu ditu. // Euskal kantuen bertsioak argitaratu ditu, eta Euskal Herriko abeslari eta intelektualekin lotura estua izan du beti. 1999an Imanol Larzabal, Joxan Goikoetxea, Joserra Senperena eta Txema Garcés musikarien laguntzaz osatutako Oroitzen diskoa kaleratu zuen. Disko horretan, umetan Adunako Apakintza baserrian emandako urteetan ikasitako eta abestutako euskal kantuak bildu zituen.» Hemen aipatu gabea bada ere, honi erantsi behar poeta hispano-amerikarrekin egin duen lan itzel bertsua.
    Itzain, diozun bezala «Euskal Herriko eliteen artean […] joera nagusia espainierari men egitekoa da eta izan da, baita elite abertzaleetan ere.» Eta badirudi horretan jarraitzen dugula -ez dakit gu ‘elite’ garen, baina bai ‘espainierari men egitekoak’ nonbait, Paco Ibañez gure artean loriatuaz, zeinen lana gure artean batez ere hizkuntza espainola zabaltzea den eta izan den, eta nahiz eta ikusmolde akrata ezkertiar batetik, Lola Floresek egin bezala, Van Goghen Belarrimotzak …
    Eta orain gainera Paco Ibañezi lotzen gatzaizkio espainolen eta frantsesen ingelesaren aurkako gurutzadan «kosmopolitismoaren ordez, ‘kosmopaletismo espainola’ zabaltzen duelarik. Horra bere: España de hoy de siempre. Góngora, Lorca. Ilustrazioa: Salvador Dalí. / España de hoy de siempre 2./ Los unos por los otros. Ilustrazioak: Antonio Saura. / The Fantastic Carmela Sings Latin American Folklore with Paco Ibáñez and His Orchestra. (Ingelesez! Horreur! -beste garai batzuk bide ziren-) / Paco Ibáñez interpreta a Pablo Neruda. / A flor de tiempo. / Paco Ibáñez canta a Brassens / Por una canción. / A galopar. Rafael Albertirekin batera grabatuta / Paco Ibáñez canta a José Agustín Goytisolo. / Fue ayer. / Paco Ibáñez canta a los poetas andaluces. / Paco Ibáñez canta a los poetas latinoamericanos.

    Ez gaitzatela engaina espainolek eta frantsesek. Ingelesaren aurkako borroka berea da (eta munduko beste herri askorena). Baina gurea espainolaren eta frantsesaren aurkakoa da, eta horretarako, espainolaren eta frantsesaren gure arteko ahalguztiduntasuna ahultzeko lagun izan badezakegu ingelesa, hemen, erabili egingo dugu. Eta bestela, geure buruaren kontra ari gara, eta espainola eta frantsesa indartzen.

    • Ez nago zurekin ados Bittor. Batetik, Paco (edo Pako, edo nahi duzun bezala) Ibañezen hitzak kontestutik atera dituzu. Ez du, kasu honetan behintzat, espainieraren etsaitzat jo ingelesa. Ezta euskararen etsaitzat ere. Elite kosmop… batzuen jokabidea salatu du, eta ni neu behintzat, guztiz ados nago salaketa horrekin.
      Eta Paco Ibañez alde batera utzita, ez dut uste frantsesera eta espainiera gure etsaiak direnik (komeni ere, ez zaigu-eta komeni) eta are gutxiago ingelesari helduta euskarari inongo mesederik egingo diogunik.

      • Carrefour chapeldún! 2013-01-15 11:48

        Barka, hatzamarrak salto egin dit…
        Ingeleszaleenak erdaldun elebakarrak dira. Horrekin egiten diote izkin euskarari, honek “ez baitu ezertarako balio”.
        Hortxe dago gakoa hain zuzen, euskarari balioa eta erabilgarritasuna ematean. Hori ez da lortzen ingelesari hauspoa emanda, euskarari emanda baizik.
        Gure etsaiak dira kosmopaletismoa, abertzale askoren hipokresia, unionista gehienen euskararekiko erdeinua, euskaldun askoren otzantasuna, sumisioa…
        Gure etsaiak dira Carrefour, Alcampo, Mercadona, Netto… Eroski (bai, Eroski ere bai), La Caixa, BBVA, Santander, Banco Polular, Repsol, BP, Avia… Iberdrola, Telefonica, Vodafone, eta abar luze luze bat, eta horien guztien zerbitzura dauden politikari unionistak eta abertzale otzanak. Euskarak behar du hauspoa, ez ingelesak.

      • Bittor Hidalgo - Donostia 2013-01-15 11:57

        Diozu Paco (edo Pako, edo nahi duzun bezala) Ibañezen hitzak kontestutik atera ditudala, baina ez. Zuk atera dituzu testuingurutik euskaraz eman dizkiguzunean. Paco, espainolez ari zaigu guri, euskaldunoi, ingelesaren kontra (eta teorian euskararen alde), baina praktikan espainola zabalduz. Espainolen ‘mamu’ ingeles teorikoa gure artean ere zabaldu nahian, bide batez ahaztuz, ahaztaraziz, gure ‘mamu’ praktiko eta benetako espainola.
        Badakit ez gaudela ados, eta hau goian ere ulertu duzula nire aurreko mezuan, baina zer diozu, esaterako, URTZI URRUTIKOETXEAk antzera diosenez (lehen esteka ezarri det, baina erantzunean nonbait galdu egiten da, hemen harenen helbidea: http://31eskutik.com/2012/12/27/elebakartasunaren-aberastasuna/#comments zuk jada ezagun izango dituzun arren)? Niri gustatuko litzaidake eztabaida zabaltzea kontu honetan (eta ez hainbeste aurreko erantzunak ibili diren eremuan).

        Ondo izan

        Bittor

        (hitz egitea beti delakoan sanoa, eta batez ere ados ez gaudenean, ze bestela…)

        • Iruditzen zaizu ingelesa indartuz gaztelera ta frantsesera ahuldu eta horrekin, euskara indartuko dela? apustu OSO arriskutsua iruditzen zait niri. Beste kontu bat da, diskurtso mailan, hizkuntza ahularen defentsan espainol ta frantsesen sintonia bideratzea… beraiek ere biktima bihurturik, gure egoera hobeto ulertuko duelakoan. Baina, mmm.

  • Nik ere pentsatzen dut ingelesa euskararen aurka erabiltzen hasi direla. Izen ponpoxo horiek (Basque kakazaharring center guztiak) espainieraz jartzea gaizki ikusita legoke, politikoki ez litzateke zuzena eta kontrako jarrera piztuko luke, euskaltzale hiperhisterizatu andana baikabiltza bazterrak nahasten, Bada, ingelesez jarri eta kito, euskaltzaleak neutralizatuta. Ingelesa euskararen aurka erabiltzen dela argi ikusten da Nafarroan, non irakaskuntzan ildo ingelesak zabaldu baitituzte D ereduaren igoerari aurre egiteko.
    Kasu pertsonal bat ere aipatuko dut:
    Santomas egunean Madrildar bat ingelesez hasi zitzaidan. 25 urte inguruko tabernari donostiarrari galdetu nion ea ez zion lotsarik ematen euskaraz ez jakitea, eta ea ez zen ohartzen espainiera inposatzen ari zitzaidala. Madrildarrak aldamenetik entzun eta ingelesez hasi zitzaidan, euskaldun paleto hau nabarmen utziko zuelakoan. Gainera, ingelesez esaten zidan berak txinera bazekiela, gehiago balio zuela txineraz jakiteak euskaraz baino, eta bar, bar, bar. Niri interesgarria iruditu zitzaidan, eta nire sagardotegi-ingelesarekin txineraz jakitearen harridura azaldu eta irakasteko eskatu nion, hizkuntzak jakitea aberasgarria dela argudiatuz. Jakina, txineraz ez zuen ideia izpirik ere.
    Horrez gain, esan nahi dut espainiera eta frantsesa ez direla gure etsai. Nola izango dira hizkuntza batzuk gure etsai? Euskaldunon etsai dira EH-n espainiera eta frantsesa (eta agian ingelesa eta txinera, edo alemaniera…) besterik ez jakinda eta erdara inposatzen digutenak.
    Ados nago giltza gure esku dagoela, Urkok dioen bezala, baina, Carrefourrek arrazoi du esaten duenean agintariengandik babes handiago izango bagenu jendeak ez zuela gaizki pasatuko euskara egin behar duen bakoitzean eta eroso sentituko litzatekeela euskaraz. Agintariek hori egiten ez duen bitartean, oinezkook bi lan dauzkagu: euskaraz bizitza gozatzea eta agintariak mugiaraztea.

    • Enekok idatzitako erantzuna goitik behera sinatuko nuke.
      Eta Bittorren eskaerari erantzunez:
      “Hori esanda, bai, elebitasuna kalterako da, diglosia modernoa ezkutatzen duelako” dio Urtzi Urrutikoetxeak.
      Kontua da oso elebidun partziala dela gurea, gutxiengoarena eta menpekoa. Besterik da unionisten umore bitxia; horren arabera “gure gizartea elebiduna da”, “gure hizkuntza eskubideak babestuta daude” edota “euskararen geografiak, giza-geografiak ez du mugarik”.

      “Espainolaren indar erabatekoa ez du ezerk urratzen gaur-gaurkoz, ez da egia gazteek hiru hizkuntza dakizkitela, ingelesaren ezagutza negargarria da oraindik ere. Are gehiago, barneratuta daukagu ingelesak hirugarren hizkuntza izan behar duela, garrantzitsua da baina espainola gureago”
      Ados Urtzirekin. Eta negargarria izaten jarraituko duela iruditzen zait, formazio mailarik altuenak eskuratzen dituztenen artean izan ezik. Dena dela ez dut uste horien artean ere, ingelesak espainierari tarterik jango dionik jardun akademikotik edo profesionaletik at.
      Arazoa baiona, ez dira erdarak (arazo horrekin bizitzera kondenatua gaude, edonola ere). Arazoa da erdarei zein leku ematen diegun eta euskarari zein (zirrikitu).
      Arazoa da, Euskal Herriko eliteko sukaldari, kirolari, injeniari, abokatu, mediku, politikari, eta nahiduzunari gehien-gehienek erdaraz jarduten dutela ia beti.
      Bestalde, alde guztietako abertzale gehienek Espainiera eta frantsesa “gure” egin izana, kalterako ez ezik, ridikulua ere iruditzen zait. Batez ere, espainiarrak eta frantsesak euskara lurperatzeko ahalegin bizian jarraitzen dutelarik.

      “Euskararen arriskua, higadura, espainoletik dator. Frantsesek babesten dute frantsesa ingelesetik, baina ez digu ardura espainolak etengabe gure adierazmoldeak elbarritzea”
      Ados Urtzirekin.

      “Behetik gora bakarrik eginda, alferrik gabiltza, euskarak ez du espainola ordezkatuko. Baina ingelesa zinez zabaltzen bada, agian, lor liteke hegemonia hori apurtzea, presioa behetik bezala goitik eginda”
      Hemen ez. Ezin dut ados egon.
      Gauza batean bai. “Behetik gora bakarrik eginda, alferrik gabiltza” esaten duenean arrazoi du. Botere gehiago edo gutxiago duten abertzaleen laguntzarik ez badugu, jai dugu.
      Baina euskarak ez du espainola ordezkatuko. Are gutxiago frantsesa. Ez ditzagun geure buruak engaina. Erriberan edo Iruñerrian, Enkarterrietan, Ezkerraldean, Bilbon, Gasteizen eta Arabako Errioxan… edota Altsasun, Irunen edo Agurainen… euskararentzat arnasguneak lortzea izan behar du helburu bat, eta beste helburu bat izan behar du egun oraindik euskara bizi-bizirik dagoen lekuak, euskara hegemoniko eta nagusi bilakaraztea.
      Ahal dugun (ahal, eta ez nahi baina ezin dugun) leku guztietan, erdarei eman behar genieke, unionistek eta euren laguntzaileek euskarari eman dioten lekua, hau da, bigarren maila, betegarri, okasioetarako makulu. Geuk ez ditugu desagerrarazi nahi, erabilgarri zaizkigu eta. Unionistak dira (oro har) gurea desagerrarazi nahi luketenak. Hori bai, Gara, Deia-Noticias eta alderdi abertzaleak ez dira “gehiegi” laguntzen ari langintza horretan…

      Azken pasartearen ingurukoak beste post batean doaz, merezi du eta.

      • Urtzik esana: “Euskarak soilik ez du atzeraraziko gaztelania, baina ingelesak badu horretarako indarrik. Eta boteretsuen borroka horietako zirrikituak oso interesgarri zaizkigu hizkuntza txikiei. Immigrazioa apustu gisa har liteke berreuskalduntzerako, lehendik ere immigrante asko izan diren lekuetan, orain artekoek ez badute ikasi, iristen diren berriei pizgarriak eman euskalduntzeko. Euskalduna euskal herritarra dela aitortzeko burujabetza baino ez da behar, euskarak herritartasuna dakarrela alegia”.
        Ingelesak gaztelania atzerarazi dezan zain bagaude, gauden lasai…
        Boteretsuen arteko borroka horretan oso litekeena da, ingelesari aurre egiteko aitzakia baliatuz, euskara behin betiko desagerrarazteko neurriak areagotzea, bai unionistek, bai Jacobinistek ere.
        Nik uste dut euskaldunok zirrikitutatik, itzaletik, armairutik eta amaren gonapetik irten eta harro agertzeko garaia dugula, bestela akabo.
        Inmigrazioarekikoak pixka bat urduriarazten nau. Aurretik etorritako gehienek ez dute ikasi, ez dute euskara “eurena” egiteko ahaleginik egin. Asko jota seme-alabak matrikulatu dituzte euskarazko ereduetan, eta ez da gutxi, zeren Espainiar agintariek buruetan txertarazi zien mezua oso bestelakoa baitzen. Horiekin, horiek gurera hurbiltzeko lana daukagu pendiente oraindik. Ezin dugu urteotan etortzen ari direnen harrera prestatzen hasi, aurrekoena alde batera utzita, zenbait herritan gertatzen ari den bezala.
        Edonola ere, egun datozenen etorkinentzako pizgarririk onena, euskara integraziorako tresna gisa saltzea litzateke, baina noski, esaldi polit hori edukiz bete behar da lehenengo, zeren eta harrera erdaraz egiten badiegu, herri euskaldunenetan ere gertatzen ari den bezala, integratuak (edo desintegratuak) geu izango baikara, orain artean gertatu bezala.

        • Bittor Hidalgo - Donostia 2013-01-17 00:00

          Eskerrik asko Itzain, Urtziren artikuluari heltzeagatik. Nik uste det kontu horien eztabaidak arras merezi duela, eta jarraitu beharko dugula.

          Ondo izan

          Bittor

  • Orain urtebe bainoago Andu Lertxundik zutabe (edo laukitxo) gogoangarria eskaini zien Basque Culinary Center tankerako izen ponpoxei:

    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-09-29/005/001/kanpolarrosak.htm
    Eta hurrengo astean horren harira Xabier Etxanizek beste hau:

    http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-10-06/040/002/spanish_culinary_center.htm

    Jean-Louis Calvet hizkuntzalariak munduko hizkuntzen egoeraren berri aski modu grafikoan eman zuen 2001ean “Linguistique et colonialisme: Petit traité de glottophagie” liburuaren berrargitalpenerako atondu zuen hitzaurrean. Liburua 1974an kaleratu zuen lehendabizikoz, eta pena da euskaratu ez izana. Calvetek, bada, grabitazio-eredu batez baliatzen da: egun munduan planeta nagusi bat daukagu munduan, beste planeta guztiak bere orbitan birarazten dituena: ingelesa, “langue hypercentrale” Calveten hitzetan. Ingeles-hiztunek elebakartasunerako joera nabarmena daukate. Ondoren hamar bat hizkuntza ditugu, ingelesaren inguruan bira eginez bigarren ardatza osatzen dutenak -“langues supercentrales” esaten die Calvetek-, hala nola espainiera, frantsesa, arabiera, hindia, txinera etab. Hizkuntza hauen hiztunek, bigarren edo hirugarren hizkuntzan ikastekotan, ingelesa eta / edo haien maila bereko beste hizkuntza bat ikasi ohi dute. Bigarren ardatz horren inguruan, aldiz, 200/300 bat hizkuntzak bira egiten dute -“langues centrales”-; azkenik, hizkuntza zentralon inguruko laugarren ardatz batean “langues périphériques” direlakoak dabiltza, mehatxatuenak. Zoritxarrez, Calvetek ez du esaten zein hizkunzta dauden hiru eta laugarren ardatz horietan, baina ez da oso zaila asmatzen zein litezkeen. Adibidez, neerlandera hirugarren ardatzekoa litzateke, eta Herbereetako iparraldean hala-hola bizirauten duen frisoiera, berriz, laugarrenekoa. Kasuistika nahiko zabala da, noski, eta berez laugarren mailakoa den hizkuntza batek -Estatu Batuetan hitz egiten den nabajoak, kasu- “lehen ardatzaren” inguruan bira egiten duen zuzenean.

    Euskarari dagokionez, nire ustez esan genezake laugarren mailakoa dela argi eta garbi -nahiz eta hirugarren ardatzaren gainean salto egin eta bigarren ardatzeko gaztelania/frantsesaren inguruan bira egiten duen-, eta hirugarren ardatzekoa izateko aspirazioa duela. Euskaltzale askoren asmoak ildo horretatik joan dira eta doaz: Txillardegik, adibidez, esaten zuenean Europaren iparraldeko hizkuntza-eredua geure egin behar genuela.

    Azken batean, Calvetek dioenez, grabitazio-eredu hori aski abstaktua izanik hizkuntzen arteko harreman errealak gizabanako elebidunek -edo hirueledunek…- ezartzen dituzte, baina kontuz, zeren eta elebitasun-egoerak baitaude hierarkitzaturik, eta indar-erlazioek baldintzatuta. Esaterako, Maroko aldeko amazhig-arabiera hiztun elebidun batek amazhiga ohi dauka ama-hizkuntza, eta, zer-esanik ez, gaztelania-ingeles elebidunek gaztelania ama-hizkuntza daukate eskuarki.

    Nik Calveten hitzekin bat nator: hizkuntza-politiko orok eredu hori aintzat hartu beharko luke, gaitxotasunari aurre egiteko diagnosi zuzena behar delako:

    “Ingelesak, mundializazioaren hizkuntzak beronek, aniztasuna mehatxatzen du, baina erronka are eta zabalagoa da, munduko hizkuntza guztiak auzitan baitaude. Hizkuntza-talde handiak (arabiera, txinera, espainiera, frantsesa, malaiera, portugesera…) ardatz-hizkuntza den ingelesak menperatuta daude, edo menperatuak izateko zorian, baina haiek, aldiz, hizkuntza zentralen edota periferikoen menperatzaile dira. Eta mundu-sistema horretan esku-hartze saiakera orok bi norabide horiek aintzat hartu beharko lituzke”.

    Azalpena luze xamarra, baina gaztelania-ingelesa-euskara hirukotea eztabaidagai den honetan oso egokia irudi zait Calveten gogoeta.

  • Eztabaidaren enborra aparte utzi, eta adar bati helduko diot. Honako hitzez hasten da artikulua: “Euskaldun atipikoa da Paco Ibañez”. Bada, hori ez da zuzena. “Atipikoa” agian bai, hori ez dut zalantzan jarriko, baina “euskalduna”, Itzain lagun, ez da.
    Esan gabe doa: euskalduna euskara duena da. Ibañez jaunak euskararik baldin badu, ez gara oraindik konturatu. “Euskal herritarra” edo “euskotarra” izango da, akaso, herritartasun hori hautatu badu.
    Mintza gaitezen zehatz; are gehiago, ZuZeu bezalako hedabide euskaldunetan.
    Milesker zuen arreta eta lanagatik.

    • Nondik atera duzu euskaraz ez dakiela? Nik euskaraz hitz egiten eta kantatzen entzun diot. Ez da EGA bat, baina tira!

      • Ni ere Gonzalorekin bat nator… Euskaldun juxtukoa, baina tira… efektiboak behar ditugu, jejejej.
        Eta Euskal Herritarra ere ez denez, ba… Lizentzia bat zen, edonola ere.

        • Ados, ezjakina ni. Barka.
          “Euskaldun” hitzaren erabilera okerrarekin gogaituta, okerreko zuhaitzean egin dut txiza.

  • Interesgarria eztabaida. Hizkuntza haundi arten, gurea nola indartu ez da erronka makala.
    Euskaldunok, sufritu dugunaren ondoren, ikasi dugu hizkuntza bat nola ezartzen den. Bikain azaldu zuen Pako Aristik:
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-07-01/004/001/dilema_baten_aurrean.htm
    Har dezagun, berandu baino lehen, derrigorrezko politiken trena!

  • Pako Aristik taxuz dihardu hor. Hala ere, bestelako postulatuak bere egiten dituelarik -ez artikulu horretan, baina bai beste askotan-, ez dakit ba bide egokiena ote den zentzuzko hizkuntza-politika bat aurrera eramateko.

    Ñabardurak ñabardura, eta salbuespenak salbuespen, euskararen arazo historiko larria izan da maila agintarien atxikimendu eskasa -eta maiz, ageriko etsaigoa. “Novum nomen imposui, scilicet Victoria, que ante vocabatur Gasteiz” (“Izen berria ezarri diot, Victoria alegia, lehen Gasteiz deitzen zitzaionari”). Hitzok diktatu zituena -seguru aski erromantzez, nahiz eta eskribauak latinez jarri zituen- Nafarroako errege bat izan zen, Antso Jakituna, zehazki. Eta Gasteiz izena jendeen oroimenetik ezabatua izatera iritsi zen: “Aite joan da Bituriera / ama lepoan hartute. / Aite etorri da Biturietik / ama bidean galdute” dio Bizkaiko kanta zahar ezagun batek. Euskararekiko atxikimenduaren exkaxak sustrai sakonak ditu Euskal Herriko agintarietan, zoritxarrez. Gauza batzuetan, ez da oso zehatza esatea 500 urte daramatzagula estrategiarik gabe: askoz urte gehiago dira. Herrialde Katalanetan “Decretos de Nueva Planta” izeneko legeek gaztelania inposatu zuten katalanaren ordez administrazioaren hizkuntza gisa XVIII. mendeko bigarren hamarkadan. Euskal lurraldeetan ez zen halakorik egin, besteak beste bertako agintariak erdarari zeharo emanak baitzeuden Euskal Herrian ezer idazten hasi denez geroztik.

    Ni ez naiz nor ez Paco Ibañezi ez beste inori inongo euskaltasunik edo euskotartasunik emateko edo kentzeko. Azkean batean, bere biziaren gehiena Euskal Herritik kanpo eman du euskal kulturaz beste alorretan aritzen, baina euskarari atxikimendu handiagoa erakutsi dio euskara asko maite duela dioen beste askok baino.

    Kontu batzuetan, etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeak iraganeko Euskal Herriaren aurka borrokatzea dakar ezinbestez. Nik Paco Ibañezek esandakoari ñabardurak egingo nizkioke, baina sakonean bat nator haren hitzekin, “Basque Culinary Center” XXI. mendeko “Victoria” baino ez delako.

  • Agian, atzera egin beharko genuke eztabaidan zertaz ari garen jabetzeko. Euskaltzale guztiok, esango nuke, argi daukagu Euskal Herri independiente batean erdararen baten beharra izango dugula munduarekin harremana izateko. Elebitasuna guztientzat da ona eta desiragarria, baita hizkuntza handia (hedatua) dutenentzat ere. Hizkuntza txikia dutenentzat, ordea, ezinbeztekoa. Aukeran, gure kasuan ingelesa egokia omen da asmo horretarako: gaur egun, naziarteko hizkuntza nagusia da eta, batez ere, urrun zaigu geografikoki, nahikoa urrun, ba, zehaztutako eremutik atera eta kalea har dezan. Herri txiki askok hautu hori egin du; Herbeherek, kasu, eta horrela alemanierari aurre egin ahal izan dio. Gure kasuan, gaztelaniari eta frantsesari aurre egingo genioke. Teoria ona da eta ni ados egon ninteke. Baina, adi! Kontu bat da errezeta eta beste bat osagaiak. Osagaiak ezagunak ditugu, errezeta, nire ustez, honakoa:

    1) Lehendabizi, oilategian beste azeri bat sartu baino lehen, euskara indartu behar da, nazio hizkuntza izan behar du. Bestela, bi erderari aurre egin beharrean, hiru erderari aurre egin beharko diegu (neurri batean, orain ere horixe gertatzen da).

    2) Horretarako eta hurrengo urratsetarako, herri honetan hizkuntza politika zuzendu eta garatzeko erabateko askatasuna eduki behar dugu, hau da, independentzia politikoa.

    3) Euskara nazio hizkuntza izanda eta hizkuntza politikan erabakitzeko erabateko askatasuna edukita, erabakia hartu behar da frantsesa eta erdera baztertu eta ingelesari eremua zorrotz zehazteko.

    Egia da hizkuntza kontuetan urratsak oso lausoak direla: independenetzia iritsi artean (eta iritsi agbe ere), herri hau euskaldundu behar dugu, tresna kaskarrekin bada ere; eta, ingelesa etorkizuneko bigarren hizkuntza izateko ezagutza zabaltzea beharrezkoa da. Orokorrean eta euskara desagertuko balitz ere, ingelesez jakitea komenigarria da.

    Nolanahi ere, hau guztiau teoria da, etorkizunerako asmoa, gauzatzekotan gutako inork ikusiko ez duen errealitatea. Horregatik, urratsak nahastea erabateko akatsa da, lehen esan dudan bezala, oilategian beste azeri bat sartzea, inozokeria handiz elkar jango dutelakoan: agian bai, elkar jango dute, baina gu jan ondoren.

    Asmo onez beste eginda ordea, beste batzuek, asmo txarrez, ingelesaren aitzakia euskarari kalte egiteko erabiltzen dute. Horregatik eta, “modernoak” sentitu arren, Pernardo Amezketarrak ziria sartzen zien gizajoak baino ergelagoak direlako ere bai, txapela bekainetaraino sartzen dutenetakoak. “Basque Culinary Center” delakoak bi bekatuak biltzen ditu bere baitan: gaztelania “politikoki ez zuzena” eta euskara hutsaren hurrengoa izanda, onena ingelesez jartzea omen da; horrela, gainera, munduan kokatuko gaituzte, kontuan hartuko gaituzte. Nik dakidala, ordea, Arzakek, Berasategik, Adurizek eta abarrek ez zuten ingelesaren antzerkirik egin behar izan munduan lekua hartzeko.

    • Bat nator oro har zurekin, baina ohar bat egin nahi nuke: “independenetzia iritsi artean (eta iritsi agbe ere), herri hau euskaldundu behar dugu, tresna kaskarrekin bada ere” diozu. Bai, hala da, ez baitago beste erremediorik. Izan ere, Independentzia lortu arte zain bagaude, euskararenak (eta beraz, Euskal Herriarenak) egin du. Baina ez dauzkagu hain tresna kaskarrak ere. Udalek, Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak baliabideak eta tresna ugari dauzkate euskarari bultzada handi bat emateko, baina ez dira erabiltzen ari. Batzuek, nola erabili ez dakitelako, eta beste batzuek interes berezirik ez daukatelako, euskara ez dagoelako euren lehentasunen agendan, “oso-oso abertzaleak” izan arren.
      Beraz, independentziaren aldeko lanak egin eta batera, exijitu diezaiegun geure inguruko euskararen “maitaleei” koherentzia eta duintasuna. Bereziki erakundeetan dauden zinegotziei, alkateei, Foru Aldundietako eta Kaurlaritzako kargudunei… Tresnak egon badaudelako. Jendeak uste baino tresna eraginkorragoak gainera. Gure etsairik handienak ez baitira unionistak. Gure etsairik handienak utzikeria eta hipokresia baitira.

    • Egia da ingelesa erabili nahi dela euskarazko hezkuntza urardotzeko eta gaztelania berriz ere sarrarazteko. Gorka Landaburuk kritika hori egin zion jendaurrean Lopezen gobernuari. Eta nik dakidala, Gorka Landaburu ez da abertzalea. Guztiarekin, “moda” zabaldu egin da hizkuntza-auzirik ez daukaten beste erkidego batzuetara, hala nola Madril, non PPren gobernuaren izar distiratsuetako bat “ikastetxe elebidunak” dauzkagu. Errealitatea ez da hain distiratsua, ordea: irakasle franko behartuta dago ikasgaiak ingelesez hala-hola ematera. Surrealismo maila gorena Valentzian jo zuten, ordea, han bertako hizkuntza suntsitzeko gogoak eta neoliberalismo probintzianoak bat egiten dutelako; irakasleei aldi bereko interpretatzaile bat ezarri nahi zieten ikasgelan… Asmo horiek ageriago uzten dute errealitate gordin bat: Espainiako Erresumako agintarien ezgaitasun linguistiko lotsagarria. Gorteko miztoek diotenez, De Guindos ekonomia-ministro aukeratzearen arrazoi sendoena horixe izan zen, ingelesez ongi moldatzen direnen bakanetako bat dela sikiera.

      Orain gutxi suediar bati galdetu nion nola demontre moldatzen diren Suedian ingeles-maila inbidiagarri famatu hura lortzeko. Euskaldun batekin ezkondurik, emakume hark ingeles-klaseak ematen ditu ikastetxe pribatu batean, hain zuzen, baina gaztelaniaz oso ondo moldatzen da -Suedian bertan ikasita, gainera- eta euskara ikasteari ekin dio. Magisteritza edo ikasi zuenez, nahiko jantzita egongo bide da kontua ezagutzeko. Erantzunak pixka bat zapuztuta utzi ninduen, ordea, ez baitzidan “errezeta magikorik” eman. Baina bi gauza argi utzi zizkidan. Batetik, suediarrek nahiko barneratuta daukatela euren hizkuntzaren “txikitasuna”, hau da, herrialdetik kanpo ibiltzeko beste bat behar dutela: Suediatik kanpo suediera ez da beste inon hitz egiten, Finlandiako zenbait eskualdetan ez bada, nahiz eta norvegiarrekin hala-hola komunikatzen diren eta sarbidea ematen dien alemana edo beste edozein hizkuntza germaniar errazago ikasteko, ingelesa barne. Harrigarria, alabaina, beste kontu bat izan zen, argi utzi batzidan Suedian hezkuntzaren hizkuntza behikular nagusia suediera dela, eta hori lehen mailako hezkuntzan, bigarrenekoan eta unibertsitatean ere. Ingelesari eskaintzen zaizkion orduak ez dira hemen baino askoz gehiago, gainera. “Orduan…?”. Ba talde txikiak, lehentasuna komunikazioari ematea eta ez gramatika-ezagutzei… Haren ustez, gauzak bestela egingo balira, hezkuntza-sistema espainiarrean ingelesari eskaintzen zaizkion orduak nahiko izango lirateke oso maila erdiesteko.

      Bien bitartean, mundu zabalean badira “Suedia marka”ren bi izar, zeinetan suedierak rol garrantzitsua baitauka. Batetik, ditxosozko IKEA: han dago jendea, bere etxeko errepublika independentean pozik, “Folldal” ohean lo-kuluxka egin ondoren “Faktum Stat” sukaldean te bat prestatzen, “Färgrik” kikaratik hurrupatzeko… Utikan ingelesa! Bestetik, suediar literatura beltzaren itzelezko arrakasta. Emakume hura ez zaitzaidan ba kexatu hango literatura askoz aberatsagoa dela eta ez dela mugatzen polizia-istorioetera!

      • Menditarra, beste faktore bat ere badago, telebistan ematen dituzten filmei lotua. Artean gazte eta berde nintzelarik, duela 25 urte inguru, Suedian egin nuen egonalditxoa. Banuen gutun bidez ezagututako “lagun” bat eta bisitaldia egin nion uda batez. Huntaz eta hartaz jardun genuen, jakina, ni nire ingeles traketsarekin hala-hola; bera, bere ingeles bikainarekin primeran, nire etorri negargarriari egonarri miragarriz eutsiz. Hark esan zidanez, txiki-txikitatik zeuden Suedian film amerikarrak ingelesez ikustera ohituta; hau da, herrialde hartan ez zegoen doblajerik, ulertu nionez. Hala ba, ingelesa ondo “xurgatua” eta ondo etxekotua zeukaten txikitatik.

        • Izatez ere, bikoizketa sistematikoa Espainiako mania bat da -ez da herrialde bakarra ordea, Frantzian ere nahiko ohitura zabaldua dela uste baitut. Bitxiena da filme askoren izenburuekin gertatu dena: “The Eiger Sanction” jatorrizkoa “Licencia para matar” barregarria bihurtu zen, eta bart gauean TVE1an bota zuten “Vencedores o vencidos” harrigarria “Judgment at Nuremberg” neutroaren itzulpen faxistazalea izan zen…