Vicent Partal: “Galtzeko gai gara, baina Espainiak ezin gaitu garaitu”

vicentpartal
Ez da berehalakoan urduritzen. Mundua ikusi duen kazetariaren patxadaz azaltzen du Vicent Partal (1960, Bétera, Valentzia) VilaWeb-eko zuzendariak, Kataluniako prozesua. Bezperan herrialdetik urrun zen Partal, Kurdistanen lanean, eta aitortzen  du ageriko zaion nekea. Horrek ez dio eragotzi erantzunak biribil eta irmo ematea, sarri sarri landu duen gaia baita. Argitaratu berri du A un Pam de la Independencia, 2006tik honako prozesuaren gakoak azalduz. “2014an erreferenduma egin egingo da”, dio seguru. Zalantzarik gabe, Vicent Partal da Kataluniako prozesua ulertzeko erreferente periodistikoetako bat. Milakak jarraitzen dituzte bere VilaWeb-eko editorialak, 26.000 jarraitzaile ditu @VPartal-ek, eta Euskal Herrian ezagunagoa da orain, Berrian Martxelo Otamendirekin batera idazten dituen artikulu motzen erruz.

Analista politiko eta kazetari lanaz gaindi, Partal ezaguna da Herrialde Katalanetan internetera egindako jauzi aitzandiarengatik. VilaWeb 1996an jaio zen, eta erredakzio lan profesionalari eta komunitate parte hartzaileari esker Kataluniako hedabideen panoraman ospe nabarmena lortu du. Sei urte dira kazetariek Raval auzoko eraikin zahar baten azpian dutela lanleku zabala eta argitsua. Erredakzioa funtzioa izateaz gain, merchandising independentistaren denda eta irakurleentzako bilera aretoa dute. VilaWeb-i eman dizkioten sariz jositako gela batean hartu nau Vicent Partal-ek. Hau amaitu bezain laster hasi da erredakzioan atzera eta aurrera. VilaWeb-en makina ez baita sekula gelditzen.

[Erantzun guztiak bideoan]

Uste duzu Kataluniako estatuaren bidea atzeraezina dela?

“Udazkena erabakiorra izango da,

Kontsulta Legea onartuko dutelako.

Ikusiko dugu nola

erantzuten duen estatuak”

Zein izan daiteke hurrengo inflexio puntua, epe motzean?

Mobilizazio une garrantzitsuak datoz: Camp Nou-ko kontzertua [ekainaren 29an] eta irailaren 11ko giza katea. Jendeari berrestuko dio gehiengo sozial zabala daukagula. Hedabide batzuetatik eta estatutik tematzen ari dira esanaz [2012ko] irailaren 11koa indartsua izan zela, baina dagoeneko pasa dela. Horregatik, tarteka marteka hori gezurtatu egin behar da, eta erakutsiez dugula atzera egin.

Udazkena erabakiorra izango da, Kontsulta Legea onartuko dutelako. Iikusiko dugu nola erantzuten duen estatuak. Generalitateak, Kontsulten Legea jarraituz, erreferendumarentzako baimena eskatuko du. Hori ukatu egingo dio Espainiak. Beraz, egiaren orduan aurkituko gara. Ea Kataluniako gobernuak erreferenduma 2014ko lehen sei hilabeteetarako deitzen duen, denok espero dugu hori, eta deitzekotan zer liskar mota gertatzen den estatuarekin. Hori saihestezina izango da. Ikusi beharko da nola egiten diogun aurre, eta nola sartzen dugun Europa prozesuaren  konponbidean.

Nahikoa erabakitasun ikusten al diozu Artur Mas presidenteari, galdeketa estatuaren baimenik gabe egiteko?

Galdera horrek ez du erantzunik. Helduko da eguna zeinetan Artur Masek erabaki beharko duen: zuri ala beltz. Berak bakarrik daki aurrera egiteko erabakia hartzeko gai izango den ala ez. Ni ez nau horrek kezkatzen. Garrantzitsuena da herritarrek irmo lortu nahi dutela galdeketa gertatzea. Artur Masek erabaki zuen hauteskundeak deitzea eta subiranotasun adierazpena egitea jendea kalera irten eta gero. Ez daukat zalantzarik: presidentea ez bada gai galdeketa deitzeko, herritarrak kalera irtengo dira eta presio egingo dute; presio hori eraginkorra dela ikusi da lehenago ere. Arazoa ez da Artur Mas, baizik eta herria segitzeko prest dagoen. Hala bada, aurkituko da bidea: Masekin edo Mas gabe.

“Europak erdibideko konponbidea

lortzeko eskatuko die

Espainiari eta Kataluniari”

Zein paper hartu behar luke Europar Batasunak prozesuan?

Denbora gutxian gauza askok egin dute aurrera Katalunian, horrek desorekak eta zalantzak ekarri ditu.

Tamainako aldaketa historikoa gertatzen denean normala da zalantzak sortzea, urratsak aurrera eta urratsak atzera egitea. Ez dut uste hau arazo serioa denik. Kazetari gisa  hainbat independentzia bizi izan ditut. Beti da berdina: euforia gorakadak, euforia jaitsierak, baina fase berri batean zaude, gorabeherak berriz, baina fase berri batean zaude… Independentzia ez da egun bat. Badugu joera pentsatzeko independentzia errege magoen gau izugarri bat izango dela. Lotara menpeko joan eta goizean independiente altxatu, eta kaleak opari kaxaz beteta. Hori ez da gertatzen. Independentzia ez da igartzen 10 urte pasa arte. Independentzia prozesu bat da, ibai moduko bat, une batean atzera begiratu eta ohartzen zara jada independientea zarela. Garrantzitsuena da Kataluniaren independentzia dagoeneko hasi dela. Ibaiaren jarioa hasi zen, irailaren 11n, subiranotasun adierazpen egunean, eta jarioan segitzen du. Ibaiak bihurguneak ditu, itzulinguruak ematen ditu… Jende askok presa handia du, baina inoiz egin ez den prozesu batean gaude. Gure herria ez da inoiz bide honetan izan, eta beraz normala da zalantzak, arazoak izatea, akatsak egitea. Ez bagenu akatsik egin ez ginateke katalanak izango.

2014an erreferenduma Eskozian egingo da seguru. Zein eragin izan dezake horrek gainontzeko estaturik gabeko nazioetan?

“Herritarrek barneratu dute

independentzia dela krisitik

berehala ateratzeko modua”

Agenda politiko honekin gutxi hitz egiten da Kataluniaren egoera ekonomiko larriari buruz. Estatua da konponbide bakarra?

Egoera oso larria da, baina nolabait katalanek ulertu dute independentzia dela krisiaren konponbidea. Herritarrek barneratu dute independentzia dela krisitik berehala ateratzeko modua. Hori gertatuko da, ez krisia bukatuko litzatekeelako, baizik eta espoliazio fiskala desagertuko delako. Orain ez ditugun tresnak izango genituzke krisiari aurre egiteko. Arazoa zein den? Kataluniako gobernuak austeritate politiken aldarria hartu zuen, eta nik uste orain horretaz damutu egin direla. Gizartea ikaragarri estresatuta dago, deuseztapenaren ertzean. Egoera oso larria da, baina horrek aldi berean prozesuan presioa eragiten du. Izan ere, gaur egun, Generalitatea ez da existitzen, desagertu egin da. Ez daukagu autonomia gisa gaitasun politikorik, sosik ez dugulako. Beraz, berdin du gobernuak egiten duena, ez baitago gehiagorako aukerarik. Independentziaren aurrean autonomia proposatzen duen Espainiak berak hil du autonomia. Horrek gobernuari presioa eragiten dio noski. Ederki asko dakite segitzen dugun bidetik, edo independentzia lortzen dela, edo Katalunia Diputazio Probintzial moduko bat besterik ez dela izango, ezta Foru Aldundi bat ere.

vicentpartal1

Esquerra inkestetan gora doa nabarmen eta CiU behera. Harritzen zaituzte inkestek?

Ez. Halere, El Periodicoren inkestak ez du lagin handia erabili, beraz zalantzagarria da.  Halere, begi bistakoa da kalean Esquerrak gora egingo duela eta CiUk behera. El Periodicon agertzen diren gorabehera zabal horiek beste kontu bat dira. Convergenciak bi arazo larri ditu. Batetik, austeritate politika, eta era berean ustelkeria kasuak. Eta, batez ere, arazo oso larria du CiUk sinesgarritasuna etengabe saboteatzen dion Duran i Lleidarekin. Ahoa irekitzen duen bakoitzean CiUko hautesle askok ERCri botoa ematea erabakitzen dute, tiroan asmatzeko. CiU barruan egoera oso larria da, batez ere Convergencia eta Duran i Lleidaren artean. Seguru nago Uniok ez duela Duranen atzetik egingo. Duranek ez du Unio apurtuko, bakarrik geratu daitekeelako. Duran i Lleidak Unioren kongresua irabazi du, baina alderdiaren oinarria erabat independentista da.  Duranek sinesgarritasuna kentzen dio CiUri. Horrek hauteskundeetan kaltea egiten dio. CiUren ekitaldietan jendeak Duran iraintzen du, txanponak botatzen dizkiote… Egoera arraroa da, eta jendeak igartzen du hori. ‘Ez dute botoa eman nahi tipo hau barruan duen alderdiari’. Duran kanporatzea da CiUk egin dezakeen onena, bere hauteskunde joera aldatuko luke. Gainera, Artur Mas presidentearen indar keinua litzateke.

“Prozesuaren gakoa duintasuna da:

kokoteraino gaude”

Asko azpimarratzen da Katalunian ” Madrilen ez gaituzte maite” mezua, Kataluniaren aurkako etengabeko irana. Mezu horrek gizartea busti du?

Zein paper jokatzen ari dira komunikabide nagusiak prozesuan?

Beti diot hedabideek oso gutxi inporta dutela prozesu soberanistetan. Bizi izan ditudan guztietan hedabideak guztiz kontra zeuden, eta azkenean independentzia heldu zen. Kazetariok ematen diegu garrantzia hedabideei. Bestela, azaldu diezadatela nola heldu garen honaino Katalunian. Denetarik dago. La Vanguardia gaur erdi-independentista da, gero espainolista, gero berriz independentista. Nik uste aldaketa horiek harreman gehiago dutela diruarekin irizpide ideologikoekin baino. Hain da masiboa aldarrikapena hedabideak ezin direla hortik asko urrundu. Batzuek oso ondo aprobetxatu dute egoera. El Punt Avuik, mezu argiki independentista batekin, Ara garaitu du. Ara orain dela bi urte azaldu zen gauza izugarria balitz bezala, baina porrot hutsa izan da. Ez du kokatzen jakin, non dagoen ikusi. Hedabideek ez dugu asko pintatzen, baita independentziaren alde gaudenok ere. Aldaketa erradikala internetek ekarri du, informazio era zabalago batekin.

“Abertzaleen arteko harremanetan, inoiz

baino okerrago zaudete Euskal Herrian”

Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa?

Eta Urkullu lehendakariak Kataluniarekiko duen jarrera?

Harriduraz. Lehendakariak hitzarmen fiskalaren gaiaren inguruan egindako adierazpenek asko harritu dituzte. Agerikoa da norbaitek sumatzen duela Kontzertu Ekonomikoa arriskuan dagoela. Ez zait gustatu sozialistek horrekin eraso egitea. Akatsa iruditzen zait, baina hori hor dago. Zabaldu da Euskal Herriko hitzarmen ekonomikoak erasotzeko atea. Erreakzio bat ekar lezake horrek euskal gizartean. Uste dut, beste edozeren gainetik, Espainiako nazionalismoa erabat arduragabea dela. Ez da gai bere jarreraren ondorioak neurtzeko segundu bat bera ere hartzeko.

 

catalunya, elkarrizketa, Katalunia, Vicent Partal, Vilaweb
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Vicent Partal: “Galtzeko gai gara, baina Espainiak ezin gaitu garaitu””-ri buruz

  • Seguru nago Uniok ez duela Duranen atzetik egingo. Duranek ez du Unio apurtuko, eta bakarrik geratu daiteke. Duran i Lleidak Unioren kongresua irabazi du, baina alderdiaren oinarria erabat independentista da. Beraz, Duranek nahiago du ez purtzea, inork ez lukeelako jarraituko. CiUren arazo handia da Duranek sinesgarritasuna kentzen diola, eta hori kaltea egiten ari zaio hauteskundeetan.

  • Independentziarako borroka guztiak ilusioetan besterik ez dira geratzen. Denbora galtze erraldoi bat besterik ez da. Bizikidetza hobeago bat lortu beharrean, independentziarako borroka alper honetan dihardugu eta urteak joan eta etorri ezertarako.

  • Umore fina Joxean! Zeinen ongi “elkarbizi” garen espainian, bere porkojoneseko espainierarekin, bere porkojoneseko piperpotoekin, bere pikoleto maitagarriekin, bere zezenketa nazionalekin, eta bere nazioarteko kosmopaletismoarekin…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude