[Venezuela 7] Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean

Venezuela –

[Venezuela 7]

Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean

 

venezuelaBehetik eraikitako Estatu komunal bat sortzeak kolokan jartzen du guztiz Estatu kapitalistaren egitura. Aurretik esperientzia batzuk bazeuden ere, Chávezi aitortu behar zaio epe luzerako ikuspegi eraldatzaile eta ausarti honen aldeko apustu estrategikoa, Estatu burgesaren egiturak erabiliz Estatu hori bera gainditzea ezinezkoa dela egiaztatuta. Hasieratik marxismoak Estatuaren aferari arreta jarri badio ere, ez dago esperientzia arrakastatsurik sozialismoa eraikitzeko behin Estatu burgesaren aginte politikoa lortuta bere eremu eta logiketan arituz. Kontrakoa bai. Izan ere, Estatu burgesak eskaintzen dituen bideak erabiliz sozialismoa eraikitze-saiakera gehiegi odolez ito dituzte. Horregatik, Venezuelan irekitzeko bide berri hau, Estatu komunalaren eraikuntza, erronka originala suposatzen zuen.

Chávezek 2006an planteatu zuen Estatu komunalaren eraikitzeko beharra, txikitik handira, eta handik gutxira komunetarako ministerio bat sortu zen eta oinarrizko egiturak hasi ziren sortzen. Antolaketari dagokionez, auzo eta herri mailan kontseilu komunalak daude, gutxienez 150 familiaz osatuta egon behar direnak. Bigarren maila batean komunak daude, gutxienez 5 kontseilu komunal barnebiltzen dutenak. Gaur egun, Venezuelan 3.000 bat komuna daude erregistratuta, batzuk oso aktiboak eta beste batzuk nahiko “nominalak” (erregistratuta bai, baina benetako funtzionamendurik gabe), haien presentzia oso heterogenea izanda Venezuelako lurraldean. Komunen elkartzetik hiri komunalak sortzen dira, hiri klasikoaren eredutik askoz haratago doazenak. Hiri komunalak gaur egungo antolaketa admnistratibotik gain daude. Esaterako, udal edo estatu ezberdinetan kokatuta dauden komunak barnebil ditzakete. Hiri komunalek azpiegitura konplexuagoa daukate baita eskumen gehiago ere, milizia batailioi bat izatea, adibidez. Edozein kasutan, egituraketa komunalaren garapenak oso hiri komunal gutxi eratzea ahalbidetu du oraindik. Garapen beste fase batean, hiri komunal guztiak batuta Estatu komunala osatuko litzateke, egitura instituzional berriaz osatuta. Egitura hauen guztien osaketa eta funtzioak 2009-2012. urteetan argitaratutako hainbat legeetan zehaztuta daude: mpcomunas.gob.ve/2017/01/leyes.

Tartea badago ere (historikoa, geografikoa, sozioekonomikoa…), asmo honek sobieten eredua jasotzen du neurri handi batean. Proiektu erraldoi honek jendarte berri baten antolaketaren osagai ezberdinak barnebiltzen ditu: ekoizpena, ekoizteko baliabideen (lurra barne) jabegoa, erlazio ekonomikoak, parte-hartzea eta erabakitzeko prozedura, segurtasuna, autodefentsa… Planteamentu honek herriaren protagonismoan eta ahalduntzean jartzen du gakoa. Boterearen gaia da gakoa, Leninek Estatua eta Iraultza idazkian oso ondo azaldu zuenez. Estatu komunala osatzeak Estatuaren eredu kapitalista gainditzea suposatuko luke, nazioarteko kapitalismoaren aurkako borrokan jauritiki zuzen bat izanda (edozein kasutan, ezinbestez beste herri batzuekin batera garatu beharreko borroka, inperialismoaren kontrako nazioarteko fronte zabal batean kokatuta).

venezuela

Chavismoaren lehenego hamarkadak (1999-2008) gehiengoaren bizi baldintzak asko hobetu zituen, ideario eta imajinario kolektiboa irauli zuen eta herri antolatzea eta parte-hartzea nabari piztu zuen. Ordea, inertziak, heredatutako bizioak, kontrol-falta eta ustelkeria-kultura aldatzea ez da urte gutxiko kontua. Hauei gehitu behar zaizkie aurretik aipatutako beste faktore “makro” batzuk: dibertsifikatu gabeko ekonomia (petroliokiko guztiz dependientea), ekonomia informalaren garrantzia, ezberdintasun sozial handiak baita kanpoko erasoak ere. Horren guztiaren ondorioz, Estatua modernizatzeko eta ekonomia dibertsifikatuago eta efizienteago izateko aukera galdu zen neurri handi batean. Etor zitezkeen garai txarrei berme gehiagorekin aurre egitea ahalbidetuko lukeena, hain zuzen ere. Solasaldietan venezolar batzuek aitortzen dutenez, gaur egun pairatzen duten blokeo kriminalaren efektuak eramangarriagoak izango lirateke oparotasun urteak hobeto kudeatu izatekotan.

Milurtekoaren lehen hamarkada amaieran sistema komunala eraikitzeko erronkak zama hori gainean izan arren, prozesua indartsu hasi zen, herri sektore handi bat mobilizatuz. Hala ere, laster hasi ziren gauzak okertzen prozesu luze horretan. Chávez 2013an fisikoki desagertzeak agerian utzi zuen Latinoamerikan hain ohikoa den “buruzagikeria”-rekiko dependentzia, bere gauza on eta txarrekin. Venezuelan zegoen Chávezekiko atxikimenduak bideratu zuen aldaketarekiko eta sozialismoarekiko atxikimendua populazioaren sektore zabal batean, eta bere diskurtso zein neurrien bidez herria politikoki formatu zuen; lehen inork egin ez zuen bezala. Ordea, prozesu baten norabidea pertsona baten eskuetan (edo buruan, hobeto esanda) egoteak ahultasun handia erakusten du aldi berean. Bere eztabaidaezinezko liderrik gabe, prozesu bolivartarra ahulduta geratu zen. Maduro presidentearen lehenengo pausoak ez ziren batere errazak izan. Hasteko, bere presidentziaren lehen urteetan egondako petrolioaren prezioaren jaitsiera handiak Estatuaren diru-sarrerak mugatu zituen era oso larrian. 2013tik 2017ra Venezuelako BPG % 36,9 jaitsi zen (bcv.org.ve/estadisticas/producto-interno-bruto). Aldi berean, prozesuarekin bukatzeko ofentsiba areagotu zen, barrutik zein, bereziki, kanpotik, Venezuelako egoera nabarmenki okerragotuz.

Ebidentea da testuinguru hau ez dela sistema komunala eraikitzeko momenturik aproposena. Izan ere, chavismoa hedatze fase batetik erresistentzia fase batera igaro zen, non kontu ideologiko eta sinbolokoez gain, arazoa askoz materialagoa zen, mota guztietako baliabideak lortzeko zailtasun handiekin. Alabaina, krisiek beraiek sortutako beharra eta tentsioa aldaketa kualitatiboak gauzatzeko pizgarriak izan daitezke. Baliabideak Estatutik ia dohainik eta jarraipen eta kontrol gutxirekin lortzen zirenean inefizientzia nahiko orokortua zegoen eremu askotan. Eskasiak, ordea, beste bideak asmatzera eramaten du derrigorrez. Are gehiago, proiektu chavistaren kontrako ofentsibaren erdian, efizientzia eta ekoizte hutsa borroka mota garrantzitsuenetariko bat dira.

Horrela ulertu dute komunero askok eta autogestionatzeko eta ahalduntzeko ahaleginak indartu dituzte. Lara eta Portuguesa estatuen artean dagoen El Maizal komunan argi daukate. Gaur egun Venezuelako emankorrenetakoa den komuna honetan 10 ekoizpen-unitate martxan daude (landare- zein animalia-ekoizpena eta elikagaien eta beste produktuen banaketari lotuta), non 103 komunerok egiten duten lan, hazien, lanabes eta diru faltari ozta-ozta baina aurre eginez. El Panal 2021 komunarekin koordinatuta, Caracaseko 23 de enero auzoraino bidaltzen dute haien ekoizpenaren zati bat, merkatu kapitalistatik at arituz. Erresistitzeko eta aurrera egiteko jarrera islatuta agertzen da, harro, El Maizal-en lursailaren sarrerako panelean, non Chávez komandanteak adierazitako “¡Comuna o nada!” letra handietan irakur daitekeen.

Saiakera batzuk porrotean bukatu arren, landa-oligarkiatik erasoak pairatu arren baita gobernuaren kargu batzuengandik oztopoak baino ez jaso arren, komuna batzuek urteetako eskarmentua daukate eta emaitza positiboak erakusten dituzte. Herria antolatuta eta baliabideak erraztuta, herritik herrira ekoiztea eta bitarteko enpresa pribaturik gabe produktu asko helaraztea posiblea dela erakusten dute. Inurri-lanaren bidez herri boterea eraikitzen ari dira, sozialismo komunitariorako pauso praktikoak emanez eta Venezuelak jasaten duen gerra hibridoaren ondorioei aurre eginez, osasun eta elikadura arloetan nagusiki. Alderdi materialak ez ezik, alderdi mentalak ere eraldatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Komunero asko kontziente dira beren eguneroko borroka etorkizuneko Estatu komunalaren enbrioia dela.

 

[Venezuela]

     0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
  8. Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen
venezuela

venezuela

venezuela

venezuela

Internazionalista. EHUko irakaslea