[Uztaritze Iraultza Garaian XXVIII] Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatua

Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatua –

[Uztaritze Iraultza Garaian XXVIII] Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatuaAlabainan, Parisen, gertakariak larritu ziren. Direktorioko hiru kide hasarre ziren hauteskundeek asanbladetara ereman baitzuten bakea inposatu eta emigratuen kontrako gehiegikeria gelditu nahi zuen deputatu gehiengo bat. Horrengatik, armadak lagunduta, hiru horiek Estatu kolpe bat egin zuten 1797ko irailaren 4an. Ezeztatu zuten hauteskundeen parte handi bat, Guyanara igorri zituzten 53 deputatu, andana bat apez eta ustezko monarkista. Deuseztatu zuten Robespierren erortzetik beragertu zen prentsaren libertatea.

Berri hauek jakitean, Herriko kontseiluak gobernu berriaren aldarrikapena euskarara itzularazi zuen eta afixatu, esaldi hau geitzen zuela:

«espero dugu inharrosaldi baketsu hau inharrosaldi mota guzitako azkena izanen dela, eta, III.urteko Konstituzio honek lasaiki indarrean iraunen duela bere printzipio zintzo guziekin»

Garat laster konturatuko zen zein erratzen zen.

Izan ere, 1797ko urriaren 4an, erraiten zuen:

«Berriki emigratu zerrenda bat erakutsia izan zait zeinean iirakurri baitut :Garat anai nausia, Bec d’Ambes, Floriac.

Nausi eta Floriac edo Florac, hitz hauek, etxalde tipi bat baitaukat izen hortako Bordele ondoko udalerri tipi batean, ez naute dudatzera uzten ni naizela hor aipu. Depatamenduko Administrazioari aurkikuntza hau iragarri berri diot, eta, ohartaraziz II.urteko frimairian emigratutzat jotzen nauen idatzi horren zozokeria, denek dakizuelarik garai hartan Montaubanen preso nintzela… beraz joanen naiz Espainako Udalerri hurbil batera, lankide maite zuetarik hurbilenera; eta galdatzen dizuet horretarako pasaporte bat… eta gure erregistroetan hau guzia apuntatzeko»

Lagun maiteak, espero dut gure urruntzea ez dela luzea izanen Baionan eman dizkidaten lehen informazioen araberan. Izan ere, dakizuen bezala, ene anaiari igorri nizkion Konstituzio Asanbladaz geroztik Uztaritzen egon naizela frogatzeko behar diren dokumentu guziak. Berriro Idatzi berri diot gai huni buruz. Ez banaiz makur laster igorriko dit Direktorioaren ezeztatze erabaki bat»

Herriko Kontseiluak pasaportea segituan egin zion. Dominique Garat hunela aurkezten zuen:

«63 urte inguru, arpegi obalo eta mehea, pikota orbainez titatua, sudur ertaina, aho ertaina, begi gris ilunak, bekain beltzak, 5 oin eta 4 hazbeteko neurria»

[Uztaritze Iraultza Garaian XXVIII] Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatuaDominique Garatek ez zuen alferretan deitu bere anaia, Zaharren kontseiluko1 kide zen garai hartan. Gutik egin zuen ez baitzen Kontseilu lehendakari izendatua izan gobernutik baztertuak izan ziren Carnot eta Barthelemy ordezteko. Talleyranden adiskidea ere bazen. 1792an, harekin misio diplomatiko bat egin zuen Londresen. Estatu kolpearen karietarat, eta Madame de Stael, Garaten beste adiskide baten maniobrei esker Talleyrand guztiahalduna bilakatu zen Kanpo harremanen saila2 jasoz. Hunek zuen 1797ko azaroaren 20an Dominique Garat bere kezketarik libratu, gutun hau idazten ziolarik:

«zure berriak jasotzen ditut, Garat adiskidea, ezin dizut erran zer plazerra egiten dizkidaten. Badakizu zure izena daukan guziak interes haundi bat jasotzen duela ene partetik; eta beti gogoratuko dut esker onezko sendimendu batekin, gure Konstituzio asanbladaren garaian, zure ganik jaso nituen adiskedetasunezko markak. Ene babesleku urrunetik, zeinean ene sekuritateaz kasik ahalge bainintzan zu aldiz danjer izigarrien artean ikusten zintudalarik, ez zaitut ez instant bat ere bistatik galdu. Ene itzultzerakoan, ez nuen pentsatuko alainan, Iraultzatikako arriskuak sofritzen ahalko zinituela oraindik. Beharrik ikasi berria dut Fructidoren 19ko legearen aplikazioa gelditzen dela zure onerako. Ez eiki zen zuretako egina. Nabarmen da ez duzula deus ikusteko emigratuekin. Zure anaiak erran dit Politziaren sailburuak esleitu berri zizula zaintza3 deitzen dena. Zure izena nahikoa izan da zailtasun guziak baztertzeko eta ez zaitut, nahiko nuen bezala, den mendren ere lagundu ahal izan. Garat adiskidea gozazazu berriro zure lasaitasuna. Ken araz zazu zure izena, sekulan minuta bat ere, egon behar ez zen zerrenda horretatik eta beti izan behar zinen bezala, egon zaite pozik. Fida zaite guziz ene atximendu adeitsuari 4»

1798ko primaderan zehar, Herriko Kontseiluko bilaldien parte haundi bat bi ardura inportantei dedikatuak ziren, hau da, Patenteaz pleinitzen ziren artesau anitzek egindako petizioen azterketari eta Administrazioak noizbat emigratu izana akusatu zituen biztanleen petizioen azterketari

Horrelakoa zen adibidez, Mokopeitako premu zen Marie Dornaletchen senarra Pierre Dihinxaren kasua. Herritar horrek teilagintza bat zeukan Madrideko inguruetan eta erregularki urtero itzultzen zen Uztaritzera hilabete bat pasatzera. 1793an, bada, borrokaldiak zirela eta Espainan blokatua gertatu zen. Emigratutzat joa izan zen eta bere etxea kasik hartua izan zitzaion nahiz eta bere emaztearena izan.

Herriko etxeak bermatu behar izan zuen Andre de Haitzek ez zuela sekulan Udalerria utzi, salbu araiz haren presoaldiaren denboran. Istorio horren karietara, badugu Andreren deskripzioa: 

«46 urtekoa, 5 oin eta 6 hatzbete neurrikoa, arpegi biribil, sudurra zabal, kopeta has, begiak urdin, aho ertain, kokotsa piska bat aintzina»

Bernard «Amerikanoa» izengoitiko bere anaiari dagokionez, 1793ko irailaren 5an Bagneresen hil zen. Garai hartan, egonleku hura ehunka susmagarriren elgarretaratze tokia bilakatu zen. Babesleku prekario bat bertan aurkitu zuten denek urak hartzen zituztelako estakuruan5.

1 BC «  conseil des anciens » testuan

2 BC » portefeuille des affaires etrangeres » testuan.

3 BC « ce qu’on appelle une surveillance » testuan.

4 MD :Fructidoreko legeak ez zuen Garat bakarrik hunkitu, Pierre Harriet 1795an biziki nekez bere izena emigratuen zerrendatik ken araztea behin behingotz lortu zuena Nafarrora errefugiatu behar izan zuen berriro. Bere etxea errekisiziotik errekuperatu ahal izan zuen bakarrik 1800an.( Archives nationales F5749, jadanik aipatutako 44 iturria)

5MD : Bernard de Haitzi dagokionez, emaiten du Bagneresko egonaldia osasun oso txar batek justifikatua zela. .Santo Domingotik sartu zenetik bertan egin zituen hainbat denboraldi. Han 1791ko abuztuaren 28an Cap francaisko solaskide bati idazten zion Konstituzioaren dekretua zuriak eta kolorekoak igual egiten zituena kezkatzen zuela.« ondorio txar eta kezkagarriak, seguraz ere, beldurtzekoak dira. Zirkonztantzia zinez delikatu haauetan,espero dut koloniaren zentzu onak erabakiko duela politika kontrako dekretu horren publizitatea geratzea » eta berari buruz geitzen zuen « badu 15 egun Saint Sauveuren nagoela, ene osasunean den mendreneko hoberik ikusi gabe, alderantziz ene iritsieran baino txarragoa da » ( collect part)

Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatua

Fructidor geroko errepresioa. 1797an, Garat mehatxatua

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua