[Uztaritze iraultza garaian IX] Departamenduko Hauteskundeak (1790ko uztailaren 30a)

Departamenduko Hauteskundeak –

 

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

 

1790ko uztailaren 30ean, herritar aktiboen beste bilera bat egin zen Parropiako Elizan. Kantoineko[1] hautesleak ziren bildu, alegia, uztaritzekoak, arbonakoak, bilafrangakoak, eta, jatsukoak. Hautatu behar ziren bederatzi deputatu, zeinek Basses Pyrenees Departamenduko Kontseilu Orokorraren hautaketan parte hartu beharko baitzuten. Beheranzko ordenean, hauek bozkatuak izan ziren:

Departamenduko Hauteskundeak

  • Jean Martin Munduteguy, Beretterraenea.
  • Pierrre Dithurbide , abokatu, Martinenea.
  • Martin Dibarrart, abokatu eta auzapez, Hirigoina.
  • Jean Baptiste Hiriart, notario, Etchenika
  • Martin Hiriart, kirurgilari, Chemiaenia
  • Dominique Sorhaitz, abokatu, Sorhaitzenia
  • Pierre Marithurry Jatsukoa
  • Jean Dornaletche, Bilafrangako arkitektu
  • Pierre Doyhenart, Arbonako arkitektu

 

Auzitegiaren arazoa, 1790an. ( 24.orrialdean)

Aspaldi danik Uztaritzeko Auzategiren kontra ziren mehatxuak gauzatzen hasi ziren. 1790ko irailaren 11an, Herriko Kontseilua bildu zen Makeako Bizkondeak abuztuaren 22an igorritako gutun bat irakurtzeko. Gutunak, Distrikteko Auzitegia Baionan finkatzen zuen bezperan hartutako dekretu bat iragartzen zuen.

Behin eta berriro, Munduteguy jeiki zen eta, hitzaldi hau egin zien bere lagunei,:

«Asanblada Nazionalak ….ezin du txalotu baizik Herriko etxe honen ongi egin nahia, zeinak erakusten baitizko Distrikteko Auzitegia Baionan jartzeak edukiko lituzkeen desabantail larriak. Izan ere hauteman beharra dago:

  • Betidanik, Lapurdiko euskaldunek hemen izan zuten Justiziako Auzitegia, « Ezpatako Errege Bailegoa[2]» deitua. Bere jaiotza mendeetan galdua den arren, ageri da bederen existitzen zela zazpi edo zortzi mende Baionakoaren aurretik. Auzitegia aterbetzeko, Lapurtarrek, Distriktaren Hiriburu eta toki ezin zentralagoa den Uztaritze honetan, badaukate beraiek eraiki eta berrikitan gastu haundiz konponduriko batimendu zabal bat. Politika maila guzietan erabat arrotz zaien Baionak, ez du, den mendren parte hartu.gastu horietan. Batimendua erabilia zen Entzutegirako,[3] Presondegien Grefiertegirako, Lapurdiko Estatu hauen bulego eta bilkura aretorako. Batimendua distrikterako galdua izanen da ezbaitu interesik erosleentzat. Aldiz Baionako Seneskalaerriaren etxeak, momentuko hondatua denak, haunditze bat behar luke bere konpetentzia Baionako eremu soiletik zabal baledi Lapurdiko lurralde guzira. Ikuspuntu ekonomikotik gastu haundia izango litzateke distrikt oso pobre batentzat.
  • Baiona jadanik nasaiki hornitua dago, barne eta kanpoko komertzio aberats bat, hainbat erakunde Industri arlo jori honi eta beste batzuei doakionak, Hiri militarrez bezainbatean Kontsulatuen Gorte[4]bat, Amiraldegi[5]bat, Monetagintza[6]bat, Eskaleentzako Etxe[7]bat, hainbat Ospitale, Garnizio militar bat . Aldiz, denbora berean, Lapurdiko probintziak, inertzia haundienean eroriak, bere biztanleen kontsumoaren herena ere ekoitzen ez duenak, ez dauka ezer horrelakorik. Horrengatik, Printzipio Berriztatzailei[8]begira merezi luke Lapurdiri emaitea instituzio horietarik batzuk, eta, betidanik euki duen instituzio bakarra hari kentzea Iraultzaren ikusmoldearen kontrakoa izango litzateke.
  • Baionako biztanleen gehiengoa merkatari edo itsaskari izanki, ontasun higiezin bakartzat hiriko etxeak ukanki, nabarmen da Amiraldegiko Burtxako Auzitegiek eta Bakezko Jujearenak hartuko eta eginen dituztela bederen beren auzien bederatzi hamarrenak. Berriz, Lapurtarrek fortuna bakartzat beren lurrak ukanki, juridikzio arrunteko auziak baizik izanen dituzte…..pentsatzekoa da Asanblada Nazionalak ez duela justutzat joko 45000 lapurtar beren ohiko auzientzako igortzea jujeak bilatzera beti arrotz izan zaien 10 000 biztanleko hiri batera, zeinak ez duen oso guti baizik ohiko Auzitegi baten beharra.
  • Interes publikoarentzat, Auzitegi horren lekuz aldatzea biziki kaltegarria izan liteke. Izan ere, Espainiarekiko muga honen hurbiltasunean legearen beldurrak gelditzen ditu gaizkile kopuru haundi bat, zeinak sekuritatearentzat eta ohitura onentzat politzia zorrotz baten presentzia galdatzen baitu. Presentzia hori mantentzea  jadanik zaila bada erdigunetik urrun den toki batetik, oraindik ezinezkoagoa bilakatzen da aldizka hetsitako[9] hiri batetetik…
  • Baionako hiri karestian, gastuak emendatuko dira gure auzilari pobreentzat. Izan ere, Itzultzaile baten beharra izanen dute beren auzian parte hartuko duten funtzionari guziekin komunikatzeko, eta, arratsetan Baionako ateen hestearekin,[10] ahaide, lekuko eta aditu kopuru handi bat usu preso harrapatua izaiten da, aldiz, Uztaritzetik atera daitezkeelarik edozoin ordutan.
Departamenduko Hauteskundeak
Uztaritzeko elizako grabatua (Arg: Havang(nl))

Euskaldun gehienek frantsesa ez dute ez ulertzen ez eta mintzatzen. Aldiz Baiones gehienek ezdakite euskaraz. Jakinez denek ulerturiko eta mintzaturiko hizkuntza batekin, gaizki ulertze edo gaizki adierazte batek, arreta falta batek, edo, pasioak berak arriskuan jar litzaketeela herritarren fortuna, ohorea edo bizitza, zenbat aldiz gehiago oraindik arrisku larri horiek ez dira gertatuko Baionan euskaldunentzat. Akusatu batek egina zaion galdera gaizki ulertzen badu, edo, jujeak esabide konfusoak erabiltzen baditu, edo, itzultzaile merzenario batek ez badu ongi ulertzen, … zer bilakatuko ote da ordea herritar akusatua ?…Euskal hizkuntza da esapide eta esamolde berezienak dauzkana, gutienik imitatuak, beste hizkuntzenen gutienez idurikoak. Herri beraren biztanleek modu desberdinez hitz egiten dute, aurki baidaitezke bospasei elokuzio desberdinak forma alokutiboaren[11]gatik edo arau gramatikoaren gatik. Itzulpenaren fidelitatea jadanik hain zaila omen baldinda, nola, ikaratu gabe, entrega ditzakegu, eskualde oso bateko biztanleen fortuna, ohorea, eta, bizitza itzultzaile merzenario baten, ez dugu ez erranen onestasun mailari, baina bai ulermen gaitasunari ?

Nola bada, eskualde honen biztanleek abandonatuko lituzke lege zahar horiek, beraientzat eginak, beraientzat hain bereziki eginak, beren interesak sakrifikatu gabe ? Izan ere, emaiten diete berek hitz egiteko eskubidea, entzunak izaiteko eskubidea. Lege horiek erreklamatzen dituzte, haienak dira, Erreinuko legegileek haientzat eginak zituztelako, haiei emanak izan zitzaielako. Zin egin dute Konstituzioa mantentzea. Haientzat hain preziagarri diren Kontituzioneko lege horiek erreklamatu behar dituzte »

Bukatzeko, Munduteguyk galdegin zuen « Udaletxeak hautatu eta ordainduriko» deputatu bat igorria izan zedin Asanblada Nazionalera ikuspuntu hauek adieraztera, eta, Udaletxeari kontseilatu zion gastua ez urrikitzea aukera horren inportante batean.

Ezdakigu nor izan zen hautatua misioa betetzeko, bainan, badakigu asanblada Nazionalen erantzuna  ezezkoa izan zela.

Munduteguyk  beraz ikusi zuen defendatu zituen errebeindikazio guzien kale egitea :

Muga zergaren dispentsa, fiskalitate erregimen berezia, Euskal Departamendua, Auzitegia Uztaritzen mantentzea. ezezko horiek guziek ez zuten Iraultza alderako bere sinesmena[12] tipitu, iduriz  areagotu baizik.

Munduteguyk arraitzen zuen Prokuradore funtzioa zorrozki betetzen. 1790ko urriko 3an, Herriko kontseiluaren aurrean, oroitarazten zuen, 1780ko uztailaren 3ko dekretu  batek, Lapurdiko biztanle guziek galdeginak, agindu zuela ahuntz guzien desagerraztea. Alta hanbat Uztariztarrek  segitzen zuten ahuntz asko bazkaarazten udalerriko oihanetan haitzondo gazteen kaltetan. Oihanzainek hirurogei ta hamabi ahuntz harrapatu zituzten Apalagako partean, Senperetik Arbonarako bidearen mendebaldean. Galdegin zuen eta lortu ahuntzak salduak izan daitezen, eta, ahuntz buru bakoitzeko liberako  isuna inposatua izan zakiola jabeari, iragarriz ordutik goiti isuna berbera aplikatua izanen zela horren antzeko kasu guzietan.


[1] BC : Distriktaren hauteskunde subdibisioa.

[2] BC : «Baillage Royal d’Epee» testuan.

[3] BC : «Auditoire  testuan»

[4] BC : «Cours Consulaire» testuan.

[5] BC : « Amirauté» testuan

[6] BC : « Hotel des Monnaies » testuan

[7] BC : « Dépôt de mendicité » testuan.

[8] « Principes regénerateurs » testuan.

[9] BC : Iduriz, arratsero Baionako bortak hesten ziren

[10] BC : Berriro aipatzen du borten heste hura.

[11] BC« expressions en nom appellatifs » testuan ???

[12] BC Munduteguyren trahizio harrigarria  da garai horretako  enigma deitoragarriena. Gaitasun haundikoa zen, Lapurdiko erregimen berezia ulertu et defendatu zuen, eta, pasatu zen Iraultzalarien aldera krima larrienak burutzeraino.

Departamenduko Hauteskundeak
Departamenduko Hauteskundeak
Departamenduko Hauteskundeak

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

3 pentsamendu “[Uztaritze iraultza garaian IX] Departamenduko Hauteskundeak (1790ko uztailaren 30a)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-05-18 11:19

    Munduteguy zinez pertsonaia « enblemetikoa » da.
    Lapurdik, politika arloan eta ekonomia arloan galtzen ari denaren garrantziaz eta Herriaren ahuleziaz perfektuki jakitun da eta Lapurdiren defentsarako argumentu guziak aurkitzen badaki.
    Munduteguyren ibilbide politikoak pentsatzera emaiten dit :
    Datu asko ikasten dugu Herriko kontseiluaren egin zuen hitzaldi horretan.
    Alde batetik Baiona 10 000 biztanleko, instituzio administratiboz, militarrez eta ekonomikoz nasaiki hornituriko hiri potente bat eta bestetik 50000 biztanleko probintzia « pobre » bat, bakarrik zeuzkana foru zaharrek eman zizkioten biltzarra, auzitegia eta autonomia bezelako zerbait.
    Hortik ondoriozta dezakegu Iparralde osoak euki lezakeela orduan 120 000 bat biztanle inguru ; Nafarroa behera eta Zuberoa ez baitziren orai bezain jende hustuak izanen.
    Mundutegiren baitan ez da ikusten hiru probintzien arteko anaitasun politiko baten zantzurik eta are gutiago Gipuzkoarekiko bere portera kriminalak laster erakutsiko zuen bezala.
    Posibilitate bat da balitzateke populu oso oso tipietako ( 50 000 biztanle) eliteen psikologia berezi bat ( etsituagoa, itzulkorragoa, oportunistagoa, erosgarriagoa…)
    Horrek esplika lezake zergatik ainitzetan hain dezepzionagarria izan den nazio kontzientziaren mailan gure elitaren gutiz gehiena.
    Esplika lezake ere, parte batean behintzat, zein fite ahantzi ditugun iraultza garaian bildu ginituen tapalakoak.
    Kolonizazioa badagoela bai nahi dut, bainan kolonizazio guziek ez dituzte ondorio berberak, adibidez Algerian eta Euskal herrian…
    Tipienak, bera baino askoz fuerteagoa denaren aurrean, beste estrategiarik ezean, ez luke beharko nolazpait pairatu, onartu eta ahantzi biziraun nahi badu ?

  • Ohar hau Beñat: “Tipienak, bera baino askoz fuerteagoa denaren aurrean, beste estrategiarik ezean, ez luke beharko nolazpait pairatu, onartu eta ahantzi biziraun nahi badu ?” pragmatismoaren formulazio postmoderno bat izanen da. Eta, jakina, horri bide emanik, laster erabat asimilatuak ginateke frantses eta espainiar itsasoan.
    Nik nahiago duk pentsatu gure eliteek ez zutela ongi jokatu, errazenera makurtu zirela, beste elite batzuen menpera, eta kultur erresistentziak gehiago balio duela.
    Pragmatismo horretxek garamatza euskarari leku gehiago ez ematera. Euskaldun askotxok euskara eta euskararekin loturiko oro garatu gabe atxikitzen du, zabartzen du, lardaskatzen du, eta erdaraz zenbat eta trebeago orduan eta harroago bere buruaz eta ahaztuago euskararekin.
    Ez nago ados planteamendu honekin: “Historian gertatutakoa gertatu zen halaxe gertatu behar zuelako”. Nafarroako erresuma galtzea gisakoa izan zen, Gaztelako eta Aragoiko erresumak baturik indartsuagoak zirelako, eta gainerako gure historia oro ere, Lapurdikoa barne. Beste era batera joka zezaketen, eta guk ere beste era batera joka genezake. Hala pentsatu nahi dut.

  • Benat Castorene 2020-05-19 10:08

    Bainan , bainan , nora zoaz Patxi ?
    Lehenik ene galderarekin ez nintzen euskarari buruz ari partikulazki ez eta gehiago Herri guziari buruz baizik eta 50000 bizlanleko Lapurdi bezalako populu oso tiki baten psikologia eta portaera politikoari buruz bera baino 400 bider populutuago eta harmatuago nazio baten kontra. Gure arbasoen erresistentzia motza ikusita aurre aurre zeuden indarren arteko disproportzioaren eragin nabarmena azpimarratu nahi nuen haiekin nolazpait berbaketu beharrak bultzatua nintzan hain segur.
    Berriro probatzen dut hobe nukeela beharbada horrelako burutazio intimoak atxikitzea bidasoaz hunaindian.
    Kontsolatzen naiz pentsatuz bederen kitorik aprobetxatu dutala oraindik falta nuen kurtso magistral bat “pragmatismo”aren gainean.
    Halere milesker liburu honen itzulpena irakurtzen segitzea gatik, oraia ulertzeko datu bizi asko emaiten digu eta !