[Uztaritze iraultza garaian IV] Garat anaien hautaketa

Garat anaien hautaketa –

.

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

.

Apirilaren 19ko larunbatean Lapurdiko 35 parropien deputatuak Uztaritzen bildu ziren. Biltzarrean ez bezala, Apezeriaren eta Nobleziaren ordezkariak Asanbladan parte hartu zuten, nahiz aparte deliberatzen zuten[1].

Erraz irudika dezakegu asanbladak Herri tipi horretan sortu zukeen mugimendua. Deputatuak zaldiz jinak ziren seguraz ere, eta, logelak ostatuetan aurretik atxikiak zituzketen. Uhalderenea (oraiko Chokolatenea) eta Antzagazteluia Uztaritzeko jatetxe hoberenek labeak prestatu zituzketen. Lehenbizikoak berrehun pertsona baino gehiago espero zuen. Apezeriaren ordezkariei dagokienez, erretorbaitan errezibituak izan ziren Apezpikuaren gostuz. Mihi gaistoek ziotenez, Monseigneur Villeviellen asmoan, esku zabaltasun horren arrazoia zitakeen Apezeriaren bozak lortzea. Horrela izan bazen ere, ez zuen asmatu. Izan ere apaiz hautesleek haietariko bat nahiago izan baitzuten Saint Esteben apaiza, Ziburuko erretorea[2].

Garat anaien hautaketa
Dominique Joseph Garat

Bilkura hasi zen goizeko hamarretan San Bixintxo parropiako elizan, orduan Hilerriaren erdian zegoena. Bilkura burua zen 16 urteko Dominique Joachim Urtubiakoa, Lapurdiko Ezpatako Bailea, Garroko kondea. Lagundu behar zuen zuen Jean Baptiste De Hody ez baitzen etorri ahal izan, lotinant generalaren funtzioa hartuta Pierre Dithurbidek, abokatuen dekanoak, Joachin Urtubia lagundu zuen Pierre Harrietekin batera. Apezeria Bailearen eskuinean zegoen, Noblezia ezkerrean eta Heren Estatua aintzinean.

Estatu Orokorrera bidali behar ziren deputatuen izendatzea apirilaren 25ko bigarren bilkuran egin zen. Heren Estatuari dagokionez, zeukan Pariseko idazle[3]famaren gatik Dominique Joseph Garat kasik denek hautatua izan zen. Bestela pasatu zen bigarren deputatuarentzat. Izan ere, borroka luze baten buruan eta oso nekez Dominique Garatek Pierre Dithurbideri gaina hartu zion bere anaiaren eta Haramboure sindiku orokorraren sustenguari esker.

Orduan Azkaingo erretore zen Salbat Monho poeta sutsuak, lehiaketa horren berri eman zuen, koblari aprendiztzat jotzen duen Dithurbideren kontra Garaten aldea hartzen zuela ageriki.

«Bordeletik etorri den hitz-egile handiak

Ithurbideren alde mintzatu ziren guziak

Agertu den bezain sarri ditu ixil arazi

Eta lengoaia berri bat diote irakatsi[4]»

Errana izan da azpi jokoek eta saldukeriek errola gaitza izan zutela hauteskunde horretan. Errana izan da Orleaneko Dukearen taldeak urrea banatu zuela bailerri jakin zenbaitetan ideia berrien aldekoak irabazarazteko. Horrela izan ote zen Garat anaientzat? Egia da, haientzat ez zela aintzinetik irabazia. Izan ere, aspaldidanik sorlekuarekiko lokarri sentimentalak baizik.ez zitzaizkien gelditzen Dominique anai gehiena Uztaritzeko Bailerrira itzuli zen, behin ikusi eta Bordaleko burgesiak blokatzen zuela eta horrengatik Guyeneko Seneskalerrian[5]hautatua izaiteko bere posibilitateak zerotik urrengoak[6]zirela. Honek bazeukan bederen etxe bat Uztaritzen, Garatenea. Aldiz bere anai gazteenak Herrian ez zuen deusik ez, Urdiainseko etxaldea ez baitzuen 1809an baizik erosiko.

Hutsegite horrek Dithurbide hasarre utzi zuen. Biltzarrak kalte ordaintzat izendatu zuen sindiku orde Hiriart sindiku orokor berriarekin, Estatu Orokorretan ziren bi deputatuen gutun harremanetaz arduratzeko. Abuztuaren 4ko gauaz gero, Dithurbide bi arerioei mendekatuko zitzaien gutun garratz bat bidaliz. Izan ere, Biltzarretik jasotako aginduei desobedituz, besarkaden eta nigar malkoen erdian, Garat anaiek Lapurdiko pribilegioak sakrifikatu zituzten. 1789ko Irailaren bateko Biltzarraren Asanbladak adierazi zien parropien ordezkarien gaitzidura ahobatezkoa.

«Ezin dizuegu ezkutatu… idazten zien Dithurbidek, deputatu desleeialei… biltzarrean zuen destituzioa aipatua izan dela …  Asanbladari bere erabakia ken arazteko gure esperoa ez baduzue betetzen, ez dizuegu ezkutatuko ez dugula deus eginen zuen kontrako neurri umilgarri hura ekiditeko»

 

Biltzarreko azken bilera 1789eko azaroaren 18an (13.orrialdean)

Zer egin zezaketen Pirinioen oinetan galduta zegoen probintzia tipi baten protestek ? Izan ere, Asanblada Nazionalean Renneseko Parlamentuaren deputatuek arrazoi berarentzat ez zituzten jaso trufa eta ezaxolkeria baizik.

Pentsazazue! Pariseko egunkarian[7]egin zituen txostenetan Dominique Joseph Garat bera ez zen azkena izan Bretaniako eskaeren kontrako bere mespretxua agertzeko.

Alabainan, errealitatea agertu zitzaien biltzarkidei. 1789ko azaroaren 18an azken aldikotz bildu ziren ordurarteko Konstituzioa mantentzearen aldeko mandatua emaiteko, ez Pariseko deputatuei, baizik eta bere Sindikuari berari. Konstituzioaren mantentzea ez bazuen lortzen, bederen Lapurdi, batua izan dadien Nafarroa behera eta Zuberoarekin, departamendu berri horren batzarrak aldizka hiru Probintzietan eginen direlako baldintzarekin.

Halaere, bilkura berean parropien delegatuek beren patriotismoa erakutsi nahi izan zuten 400 libera urteko gailenduko zuten irabazien laurdenaren ordaintzea onhartuz. (1789ko urriaren 6ko Asanblada Nazionalaren dekretua). Urrats inportantea zen hura, zeren eta diru sakrifizio haundia baitzen populuaren parte haundi batentzat. Ondikotz, Erregimen zaharraren kuotaren sistematik jadanik urrundu ginen.


[1]Nobleziaren ordezkariak Purguko konpainaenean bildu ziren, Apezeriakoak parropiako elizan eta Heren Estatua Bailearen egoitzan.

[2]BC : hemen ere nabarmen agertzen da herritar batentzako preferentzia.

[3]BC : «homme de lettre parisien» testuan

[4]Pierre Lafitte : Poemes basques de salvat Monho. Ikas 1972.

[5]BC : Guyeneko edo Bordaleko ? zeren eta Baionan ere seneskal bat baitzen.

[6]Merkatarien munduak, Bordalen oroahaldunak, egozten zion beharbada esklaboen trafikoaren  kontrakoa agertu izana.(Lheritier «La fin de l’ancien regime a Bordeaux»  PUF)

[7]BC : «Le Journal de PARIS » testuan

Garat anaien hautaketa
Garat anaien hautaketa
Garat anaien hautaketa

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Uztaritze iraultza garaian IV] Garat anaien hautaketa”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-04-13 10:50

    Orai ez da nehorentzat erraz konprenitzea Herriko orduko demokrazia “zuzen”aren funtzionamendua.
    Ordre edo estatu bakoitzek egin zuten bere eskakizunen kahierra. Azken atalekoa Heren Estatukoarena zen eta nobleziakoa XE adiskide batek berrikitan erakutsi dit. Bertan ikusten da Noblezia pleinitzen zela ez zaukala parte hartzerik Lapurdiko kudeaketan eta horrek berresten du Frantziako erreinuan Lapurdi salbuespen bat zela zeinean kuseaketa Heren estatuaren esku bakarretan baitzegoen (Erreinuak inposaturiko mugen eta kontrolpean araiz)
    Atal honetan aldiz hiru estatuak edo ordeak dira Parisera bidali behar ziren deputatuak hautatzeko eskakizunen kahierra defendatzera.
    Ondikotz huts politiko larria egin zuten Garat anaiekin. Hauek herriko semeak izan arren ikasketa eta bizitza gatik era bat frantsestu ziren eta funtsean moztu Herriaren gandik.
    Pentsa zazue Dominique Joseph laster bilakatuko zela Estatu Frantziarraren barneko ministroa !
    Lapurdiko foruak defendatzeko bazela hoberik!