Uztailak 7, San Fermin – Flashback

Uztailak 7, San Fermin – Flashback –

…Uztailak 7 San Fermin! Heldu da festa eguna, zahar eta gazteek desiratua…! Horrelako zerbait izan zitekeen aurtengo Sanferminen kantuaren leloa, berts(i)o librean. Aldiz, jai izango dugu aurten. Zezenak gabe Zomorroaren legea nagusi (C19), dena baldintzatu, eta bertan behera geratu entzierroa, festak. Ez da lehendabiziko aldia izango. Hala gertatu zen autoritatearen interbentzioz 1978an, German Rodriguezi heriotza emanez eta egurra banatuz. Aukera bat ote da aurtengo Sanferminak urriaren 10era atzeratzea, 1591 arte izan ziren bezala? Segur aski ez du aukera horrek aldeko asko izango, eguraldia eta lan kontuak ez ditugu lagun, baina beharbada abuztuaren 15era?

COVID-19az bestela, Sanferminek zomorro mikroskopikoak eta izurriak ezagutu dituzte lehenago; 1565-66an horregatik itxita/konfinatuta egon zen Iruñea izurri beltzaren agerraldian, baita 1597ko izurriaren agerraldiaz ere (Monteanok azken aldian Nafarroarako ikertutako gaia). Zezenak ez zituzten karriketan barrena askatuko urte horietako Sanferminetan, halaxe pentsa daiteke, baina nafarren zaletasuna ikusita, auskalo. Luze baino lehen, libratu egin ziren zomorro beltz horren ausikiaz, baina beste zomorro klase bat ere heldu zitzaien garaitsu horretan, Sanferminak betiko aldatu zituena.

Uztailak 7, San Fermin - Flashback1588an, Bernardo Sandoval gaztelar beneditarra hautatu zuten espainiar agintariek Iruñeko apezpiku; ibilbide luze eta oparoa izan zuen hurrengo urteetan. 1608an, 1609-1613ko sorgin ehizaren bezperan, Filipe III.aren erresumetako Inkisidore Nagusi bihurtu zen. Bernardoren agintaldi inkisitorialaz, Espainiako Historiaren Errege Akademiak lasaitu egiten gaitu: “Ejerció el oficio con rectitud y prudencia” (ez nahastu Sandoval Bernardo hau urte hauetako beste Iruñeko apezpiku espainiar batekin, Prudencio, “historialaria”!).

1591n, Bernardo Sandovalek Trentoko arau arrotzak Iruñeko elizbarrutian ezartzeko sinodoa antolatu zuen euskaldunen hiri buruzagian, nafar erakundeak, bereziki Erresumako Gorteak, subiranotasuna eta foruen indar osoa berreskuratzeko lehia eta tentsio bizian sartuta zeuden une batean. Filipe II.a espainiar erregeak Aragoiri eraso militarra egin zion urte horretan Antonio Perezen afera zela tarteko (Perezek Nafarroa-Biarnon, Pauen, hartu zuen aterpe), euskal kostaldean haserrea eta matxinada giroa zebilen, eta monasterioetatik monje nafarren kontrako diskriminazioaren albisteak heltzen ziren, “beren nazioa dela kausa”.

Bada, sinodo horren arauak idazten ari zirela, albistea heldu omen zitzaion Sandovali Iruñeko Errejimenduak (Udalak) hiriko zaindariaren urriko festen data aldatu nahi zuela, “eguraldi txarra dela eta”, hori dio haren idazkiak. Gaztelar agintari horri, orduan, iruditu zitzaion ongi zegokeela San Fermin zaindariaren festa uztailera pasatzea.

Uztailak 7, San Fermin - FlashbackApezpiku espainiarrak adierazi zuen azoka egiten zela uztail hasieran eta horregatik erabaki zuela data horretara aldatzea. Espainiar kazetak irakurtzera, uztailaren 7a hautatzeko arrazoia horixe da, edo zeharka aditzera ematen dute bat zetorrela “uno de enero, dos de febrero, tres de marzo…” zenbaketarekin, edo besterik gabe, eguraldi oneko egunak direla, eta horregatik. Efemerideak, hala ere, ez dira ahaztekoak, eta Asisko Urmenetak jarri du hizpidea, Sugarren mende (2020). Bada, uztailaren 7a zen, 1515ekoa, eta Fernando Iruzurtiak edo Katolikoak, nork esaten duen, erabaki zuen Nafarroako Erresuma (1512ko inbasioaren ondoren) Gaztelako Koroari lotzeko Gaztelako Gorteek hilabete lehenago hartutako akordioa berrestea eta hari lege-indarra ematea. Ospakizun izan bedi, ongi iltzatua gera dadin oroimen kolektiboan.

Hurrengoa zigorra. 1591ko sinodoan agindu zen zezenen aurrean lasterka egitea debekatzea, euskaldunek, oro har, eta nafarrek, bereziki, bere-berea zuten ohitura. Sumina gehiago bizitu zen elizbarrutian. Sorgin ehizetako iruditerian akerrak zebiltzan jada, baina zezenetan herritarrak ezin ziren lasterkatu. Sorgin gehiegi ez ote ziren ordurako eta, giroa ikusita, apezpiku gaztelarrak hauxe erabaki zuen: onar bekizkie, bada, zezen lasterketak laikoei, baina inola ere ez apaizei eta elizjendeari, aurrerantzean. Badakigu ere, Floristan Imizkozek dixit (2000), Filipe II.a espainiar erregearen Nafarroa Garaiko bisorraiak 1592an agindu zuela Iruñeko Errejimendu osoa atxilotzeko, urtebete lehenago Sanferminen data aldatzea eskatu zuen berbera; atxiloketa hori uztailaren 13an gertatu zen (“Gaixoa ni…”). Espainiako erregeak hautatu Iruñeko apezpikua geratzeko etorri zen, baina zezen lasterketek jarraitzen dute artean ere, eta uztailaren 7ko ospakizunek ere bai. “… uztailak 7, San Fermin! Ta-tara-tara-tara taratatata-taratatata!”.

Uztailak 7, San Fermin – Flashback

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

3 pentsamendu “Uztailak 7, San Fermin – Flashback”-ri buruz

  • Josu naberan 2021-07-10 16:36

    Gauza bitxi bar SAN FERMIN izenari buruz,
    Elizak SANNTUTU aurretik zeta esan nahi zuen,
    SARFERMIN
    SARA.IBER.BEHE.EN
    pradera (SARA) de RIVERA SUREÑA
    (IBER.BEHE.EN)

    ERRIBERA BARRENEKO

  • Peru_Gabiriko 2021-07-10 17:38

    Mila esker aportazio honengatik, Josu. Denboraren joanean hobetuz zoaz zeu ere, Erriberako ardoa bezala.
    Larramendi oso atzean utzi duzu oraingoan.

  • Antton Erkizia 2021-07-10 22:52

    Serioski ari zara, Josu?
    Nondik atera duzu:
    SARA-IBER-BEHE-EN > SARFERMIN > SAN FERMIN?

    Jakingo duzu bada “FIRMIN” izena nahiko ohikoa zela latinezko onomastikan…Jakingo ez duzu bada !! Eta diozu IBER-BEHE-tik >FERMIN?

    Hain zait sinesgaitza proposatzen diguzuna…emaiguzu daturen bat…