Uxolei aurre egiteko, Alleri zainddu!

uxolAzaroko lehen asteburua Artibai ibaiari begira pasatu dugu ondarrutarrok. Bi egun jarraian atertu barik egin du euria, eta ibaia oso hazita jaitsi da. Askotan errepikatzen den fenomenoa da hau, oso normala gurea bezalako leku euritsuetan. Eta normalena halako egoertara egokituta egotea izango litzateke, behin eta berriro errepikatzen direlako.

Euskal Herriko ipar isurialdea oso menditsua da, eta herri gehienak ibaien ondoan daude eraikiak, hauek direlako leku zabalenak. Baina ibai ondoko lautada horiek sarritan ibaiak hazteko eta gainez egiteko espazioak izaten dira, eta herria hor eraikita, arazoak egoten dira ibaia hazten denean.

Ondarroa ere ibaiari irabazitako lurren gainean dago eraikia. Horregatik, Artibai hazita jaisten denean, libre geratzen zaizkion azken espazioetan egiten du gainez. Alleriko paduran, adibidez.

Etorkizunean ere erreka askotan haziko dela kontuan edukita, Alleri bezalako espazio zabalak zaindu eta gordetzea oso garrantzitsua da, ibaiak bertan egingo duelako gainez. Ostera, paduran etxeak eraikita, ibaiari espazio gehiago jango genioke, eta uxolen arazoa handitu egingo genuke.

Oraindik ere politikari eta erakunde batzuk Allerin etxeak egin behar direla esaten entzuteak larritu egiten gaitu. Ez dira konturatzen zelako balio estrategiko eta ekologikoa daukan padurak? Euren interes pertsonal eta politikoak herriaren interesen aurretik ipintzen dituzte?

Zaindu dezagun padura, etorkizunean ere uxolei aurre egiteko. Etxebizitzaren arazoari herrian bertan eman behar diogu irteera, hutsik dauden ehunka etxeak beteta, eta padura bakean lagata!