Utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da (Bernardo Atxaga, Errekaleorrez)

Utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da (Bernardo Atxaga, Errekaleorrez)

Bernardo Atxagak Errekaleor hartu zuen atzo ahotan, Euskadi Irratiko Faktorian egin zuen hitz hartzean.

Utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da (Bernardo Atxaga, Errekaleorrez)

Duela 3.000 bat urte Hesiodo filosofoak bost aro izan direla munduan idatzi zuen, bost garai. Urrezkoa, zilarrezkoa, brontzezkoa, erdi Jainkoena eta burdinazkoa, eta bera hain justu ere azkenekoan, burdinazkoan suertatu zela.

“Nahiago nuke aro honetan ez bizitzea”, dio Hesiodok. “Burdinazko aroa higuingarria da, miserian bizi dira gizakiak, lanak itota egunez, kezkaz beterik gauez. Ez dago justiziarik, ez dago berdintasunik, gaiztoak mendean hartzen du zintzoa, hitz gezurtiekin edo bortxaz”.

Horrela mintzatu zen Hesiodo duela hiru mila urte eta ordu ezkero menderik mende beti egon da haren hitzak berresan dituen norbait. Alde batera latza da, ez, zenbatek eta zenbatek izan duten Hesiodoren sentimendu bera, burdinazko aroan bizi zirela, urrezkotik oso urrun.

Utopiak, nik uste, sentipen edo kontzientzia horretatik erne ziren. Oinazea, pobrezia, injustizia, askatasun eza nozitzen zutenek; oinazearen, pobreziaren, injustiziaren eta askatasun ezaren burdina alegia, beste mundu bat desio zuten eta hortik, Grezia Zaharrean bertan, Platonen eskutik Atlantidari buruzko orriak, hortik XVI. mendean Tomas Mororen “Utopia”, inon ez dagoen irla; eta geroago ere, XIX. mendean, europarskok Ameriketara emigratu zutenean, hantxe erne ziren, Ameriketa hartan materialki herri berezi modura Arkadia, Eden, La Reunión… gune utopikoak.

Guztiek, esan nuen aurrekoan Mundu Zaharraren zama handia dela, frakasatu egin zuten. Kasu bat, Kaliforniako sekuoia parkean egondako The Kaweah Commonwealth kooperatibak, non gizon eta emakumeen arteko berdintasun erabatekoa zegoen, non soldatak ere parekatuta zeuden. Sei urte bakarrik iraun zuen, 1886tik 1892ra. Eta, entzun ezazue hau, kooperatibaren lurraldean zegoen sekuoiarraldoia, munduko zuhaitzik handienetakoa, beraiek Karl Marx izenez bataiatutakoa, General Sherman deitzen da gaur egun.

Jaio eta hil, erraustu eta piztu, utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da, eta azkeneko aldiz, nik dakidala, Gasteizen, Errekaleor auzoan. Gazteak dabiltza tartean eta normala da hala ibiltzea, gazte askorentzat burdinazkoak baitira urteok, eta etorkizuna ere burdinazkoa sumatzen baitute.

Okindegia jarri zuten gazteek abian, eta biblioteka; hitzaldiak eta kultur saioak antolatzen dituzte eta, batez ere, The Kaweah Commonwealth kooperatibakoek bezala, bizimodu beste bat eramaten saiatzen dira, alternatiboa, alegia.

Errekaleorren dabiltzan herri mugimenduen berri izateko nahikoa da joan den larunbateko manifestazioari begiratu bat ematea.

Dakizuenez, parentesi modura diot hau, argi elektrikoa moztu zion Iberdrolak auzoari Jaurlaritzaren aginduz eta Ertzantzaren laguntzarekin, modu bortitzean moztu ere. Eta Gasteizko alkate Urtaranek adierazi zuen auzoa eraitsi beharra zegoela, segurtasun arazo bategatik.

Errekaleorreko gazteei, ordea, ez zitzaien sinesgarri egin segurtasun arazoarena, eta sumindu egin ziren gainera, nola ez, argi mozketarekin. Hortik etorri zen manifestazioa, “Argi daukagu, Errekaleor bizirik” lemarekin.

Jakin, zutabeka antolatu zela manifestazioa. Zutabeak hiriaren puntu desberdinetatik abiatu ziren, eta Andra Mari Zuriaren plazan bildu. Hona hemen zutabeen izenak, hain zuzen ere Errekaleorren eragile diren herri mugimenduen seinale. Lurraren defentsa zutabea, Presoak borrokan herria bizirik zutabea, Feministak zutabea, Euskaltzaleak zutabea, Okupazioa eta autogestioa zutabea, Anarkistak, Gazte blokea, Langile mugimenduaren zutabea, Dibertsitate zutabea, Ikasle mugimenduaren zutabea eta Zutabe internazionalista. Banderak, zutabeak baino are ugariagoak ziren; gainera Bartzelonatik, Bizkaitik, Valentziatik, Madriletik eta beste hainbat tokitatik autobusetan etorritako jendea azaldu zen bertan. 8.000 pertsona, esan dute. Andre Mari Zuri plazatik Errekaleorrera joan ziren manifestariak, pare bat kilometro oinez; raperoen kantak traktore erremolkean, ttuntturroak, danborrak…

Errekaleorren eszenatoki bat zegoen prestatuta. Mikel Laboak Xabier Leteren letrarekin egindako kanta zabaldu zen airean, “Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai”. Kantaren gainetik tarteka auzoko ordezkari emakumezko gazteak bere utopiaren zutabeak errepikatu zituen, “euskara, feminismoa, lurraren defentsa”… Errekaleorren zeruan zikoina bat pasa zen hegan, eta luze gabe itzuli eta jiraka hasi. Fede egiten dut zikoina ez nuela nik jarri zeru hartan, gaurko nire zutabe honi bukaera polit bat emateko -gainera bukaera politak arriskutsuak dira, politegi bihurtzen baitira-. Egia da, han ibili zen zikoina, Errekaleorreko zeruan; ez dakit zergatik hurbildu zen auzora, bertan gelditzekotan beharbada. Izan ere, mundu hau burdinazkoa da zikoinentzat ere, eta ez da baztertu behar aukera, beraiek ere leku utopiko baten bila dabiltzala.

Utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da (Bernardo Atxaga, Errekaleorrez)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Utopiaren nahia behin eta berriro gauzatzen da (Bernardo Atxaga, Errekaleorrez)”-ri buruz

  • Errekaleorreko aniztasunak txunditua uzten nau. Atxaga jaunak ez al dio donaziorik eman? Ez al ditu bere etxe zabalaren ateak ireki bertan Errekaleorreko militanteok utopiaren plazeraz gozatu daitezen?