Ut sementem feceris, ita metes

http://alteretaego.wordpress.com

25_mahatsondoa
Argazkia: Mahatsondoa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/04/22
Latitudea: 42º 29,668´ N
Longitudea: 2º 37,469´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Tokina AT-X Pro SD 12-24mm F4 (IF) DX
Distantzia fokala: 14mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 150 ISO
Flasha: Metz 58, 1/64ra (eskuinean)

Alter dixit.

Nork esan du latina hizkuntza hila denik? Uste hori duenen bat balego, barkatu, baina erratuta dabil. Gutxienez, Adolfo Suarez presidenteak Fisika Kuantikoa euskaraz irakastea ezinezkoa zeneko perla bota zuenean bezain erratuta. Eta adibide eta guzti plazaratu nahi dut nire teoria.

Si vis pacem, para bellum. Hala pentsatu genuen, behintzat, lagun-koadrilan bodega baterako txangoa prestatu genuen hartan. Lagunen arteko adiskidetasuna eta aisia uztartzeko xedearekin, Errioxar lurraldeen Errekonkista bat antolatu genuen behin, Kastro eta Salou geureak baitira dagoeneko.

Veni, vidi, vici. Hori zen geneukan asmoa: egun batez Euskal Herriko mugak kilometro batzuk haratagoraino eramatea, gure arteko aldarte ona sustatzea aitzakiatzat hartuz. Edo alderantziz, auskalo.

Dente lupus, cornu taurus petit. Gure arma, aldiz, bakarra bezain indartsua zen: egarria. Errioxa aukeratzeko beste arrazoietako bat, bertan zain geneukan edabe magiko gozoa ase arteraino dastatzea baitzen, noski. Eta hala ekin genion neurrigabekeriazko kiribilari: herri desberdin bitan txikiteo bana, bodegarako bisitaren osteko oturuntza eta zurruta eta, bukatzeko, gaueko txikiteoa.

Gladiator in arena consilium capit. Gaua aurrera joan ahala, adiskidetasuna sendotuz zihoan heinean, bakoitza bere plan pertsonalak nola bideratu asmatu nahian ere bazebilen. Gainera, ordura arteko edabea ere atzean utzita genuen eta beste edalontzi batzuetan edaten diren bestelakoei ireki genizkion ateak, aurrekoak baino garestiagoak, gehienak, baina proaktiboagoak.

Occasio aegre offertur, facile amittitur. Ez nion bada, nik, nireari horren erraz alde egiten utziko. Ez daukat oso argi nola, baina hala suertatu zen: egun osoko tabernarik iluneneko txokorik ilunenean geunden laurok. Nire lagunak taberna bi zeramatzan, jada, betaurrekodun neska limurtu nahian; niri, aldiz, oso atsegina iruditu zitzaidan beste neska.

Vos vestros servate, meos mihi linquite mores. Baflearen eta tabako makinaren arteko tartea ikusi bezain laster hasi zen nire plana forma hartzen. Neska konturatu ere ez zen egin, edo agian bai, baina astiro-astiro bertarantz mugitu ginen biok, beste bien arrastoa galduz gindoazen bitartean. Behin unea iritsita, atarikoak beste baterako utzi, eta ahalik eta argien azaldu nion neskari zein zen gau hartarako pentsatuta neukan plana.

Fortuna audaces iuvat. Alea iacta est. Kasinoko erruleta nire zenbakian geratuz gero, buruko mina baino zerbait gehiago eramango nuen bueltako autobusean: lagunei ezkutatzeko inolako asmorik ez nuen tonto irribarrea. Serva me, servabo te. Tabernako musika ere mututu egin zuten, nire belarrietan behintzat, neskak bueltatu zizkidan hitzek. Hiru ordu beranduago, autobusean elkartu ginenean, esaldi bakarra errepikatzen nien behin eta berriz lagunei, tonto irribarrea ezpainetan: scio me nihil scire.

Adolfo Suarezek euskarak, Fisika Kuantikorako barik, ligatzeko ez zuela balio esan izan balu, agian, arrazoia eman beharrean egongo nintzateke. Baina hor zeuden Vegezio, Julio Zesar, Horazio, Seneka, Publio Siro, Petrarka, Virgilio, Menandro, Petronio eta Sokrates, ni sorosteko. Eskerrak, oraindik, latina bizirik dagoen…

Ego dixi.