Usteez

Atzo, dagoeneko, jaso genituen lehenbiziko zurrumurruak. Dirudienez, eraso sexista bat izan zen igandean Nafarroa Oinez-en. Horrelakoetan ohi denez, batean eta bestean informazio handirik ez, eta hurrengo egunean Nafarroako egunkari salduenetako batek eman ohi ditu datu zehatzagoak. LerroburuakĀ irakurtzen hasi, eta zalantza anitz etorri dira nire burura: gehienek, zuhurtziaren alde egin, eta erasoa ustez gertatu dela esan dute.

Oraingoz esku artean dudan informazioaren arabera, igandean neska bat artatu behar izan zuten Nafarroa Oinez-eko laugarren guneko osasun puntuan, eta erasoen aurkako protokoloa martxan jarri zuten. Foruzaingoari deitu, eta haiek arduratu ziren aferaz. Ustezko erasotzaile bat ere bada, adinez txikikoa bera ere, eta Noticias egunkariak dio atxilotu egin dutela.

Egiaren aitortzeko, gertakariak konfirmatu arte, ustezkoak dira. Baina dirudienez, aski informazio bada eraso hitza koarentenatik ateratzeko. Eraso bat egon zen. Ez dakitĀ nolakoa, eta ez dakit deliturik izan denetz. Baina pertsona bat artatu behar izan dute. Zalantza gehien sortu didan lerroburuak dio pertsona bat atxilotu dutela ustezko eraso batengatik. Ustezko eraso batez baino, ez luke ustezko erasotzaile bati buruz hitz egin beharko? Izan ere, sexu erasoen kontuan asko dira erasoak de facto zalantzan jartzen dituzten herritarrak. Usteen arazoa ez al da erdiak ustel direlako sentsazioa?

Usteez

Usteez

nafarroa oinez, sexu erasoa, ustezkoak
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

8 pentsamendu “Usteez”-ri buruz

  • Kaixo Iker.

    Zorrotz jarriz gero, ez da egia eraso bat egon zela jakina dela ere. Baizik eta neska batek artatu beharra izan zuela. Epaile batek esan beharko luke erasoa egon den.
    Eta nik alderantzizkoa esango nuke. Hedabideetan, eraso sexisten (eta beste eraso mota askoren) informazioa frogatutzat ematen da. Eta ematen duen sentsazioa da egia dela gertatu izana eta errugabetasun-presuntzioa zapaltzen da behin eta berriz: “Gizon bat atxilotu dute emaztea jotzeagatik” eta horrelakoak. Nahiz eta balizko erasotzailea, oraingoz, anonimoa izan.

    Gainera, ez dira berdinak eraso sexista guztiak. Ez da berdina ipurdia ikutu izana eta labana batez ziztatua izana. Egia da, adibidez, lehenengo kasuan, errazegi, neskaren esajerazioa dela etab. esaten dela. Bigarren adibidean zailagoa egiten da.

    Berdina ez den bezala ere, salaketa bat ez sinestea eta gertatu izanda ere hainbesterako ez dela esatea, bilatu egin duela esatea… Ez dira gauza bera.

    Hala ere, hemen ere dena ez da txuria ala beltza. “Erasoa gertatzen da emakumeak erasotua sentitzen dela esaten badu” eta horrelako zorakeriek paranoiara garamatzate. Salaketa bat zalantzan jartzea ustezko biktimaren pertsonalitateari lotua izan daiteke, adibidez lagunen/ezagunen artean. Bestalde, ezezagunen artean, hedabideetan… ustezkotzat hartzeak ez du esan nahi ez zaiola sinesten, baizik eta errugabeek ordaintzea edota gertaera faltsuak salatzea ekidin nahi dela. Justiziaren osasunerako. Hamaika arrazoi egon daitezke salaketa faltsu bat egiteko, salaketa mota guztietan.

    Nire ustez, zuhurtziak bi aldetatik beharko luke. Alde batetik, erasotzailearen (ia beti gizona) errugabetasun-presuntzioa babesteko eta bestetik, gertaera faltsu bat salatzeko baliabiderik ez emateko. Errugabetasun-presuntzioa zapaltzeak ez baitie faborerik egiten ez benetako biktimei ezta benetako errugabeei ere.

    (Hau idatzi bitartean irakurri dut gurasoek esandakoa. Horrela ere, idatzitakoari eusten diot)

  • Iker Tubia

    Barkatu, baina erasoa egon da, epaileak esaten duena esanda ere. Eraso bat egon da. Beste kontu bat da zer motatakoa den, eta hori delitua denetz. Azken hori da epaileak erabaki dezakeen bakarra.

    Gainerakoari ez diot erantzunen, ez diolako nik esandakoari erantzuten.

  • Beno. Nik zuk egindako galderei erantzun diedala uste dut. Idatzitakoa nire iritzia argudiatzeko erabili dut. Ez nuen erantzunik ere espero.

    “Ustezko eraso batez baino, ez luke ustezko erasotzaile bati buruz hitz egin beharko?” galdetzen duzu. Nire erantzuna da: nire ustez, ez. Edo bai. Tira, biak dira ustezkoak: erasoa eta erasotzailea.

    Azken finean, uste dut ustezko eraso sexista baten ustezko biktimari sinesgarritasun osoa ematen zaiola, sarritan.

    Eta hain ziur bazaude zergatik hasten duzu artikulua honela: “Dirudienez, eraso sexista bat izan zen igandean Nafarroa Oinez-en”. Gero “ustezko erasoa” ekidin beharko litzatekeen galdetzen duzu. Erasoa ziurtzat ematen baduzu soberan dago galdetzea, ezta? Eta hain ziur egonda ez dakit ere zergatik ez duzun erasoa egon dela ziurtatzen duen ebidentzia bakarra ere ematen.

    Beno, iruditu zait pertsonalki hartu duzula nire iruzkina (a ze tonua!). Ez dakit kazetaria zarelako den. Ez zihoan pertsonalki. Hedabideei buruz ari nintzen.

    PD: eta epailearen lana bada erasoa egon den ala ez ebaztea. Erasoa egon den, zein eraso mota eta zein den erasotzailea. Hau da, salaketa baten eta zantzu batzuen aurrean, ikertu eta zer gertatu den ebatzi. Erasorik egon ez dela ere ebatz dezake. Gogoratzen duzu Granadakoa?

  • Barkatu, Malagakoa.

  • Norbait gogoratzen al da 2013ko Txantreako jaietan gertatu zenaz?

  • Barkatu, baina biktima emakumea bada ez dago inozentzia presuntziorik. Biktima gizona bada, orduan bortxaketa agian gertatu da, agian ez:
    “Gaztelun ustez semea hil zuen gizonaren auziarekin jarraitzea erabaki du epaileak”

    http://www.berria.eus/paperekoa/5004710/012/003/2015-10-20/gaztelun_ustez_semea_hil_zuen_gizonaren_auziarekin_jarraitzea_erabaki_du_epaileak.htm

    Emakumeok patriarkatuaren biktima garenez beti diogu egia. Gizonezkoa denean bortxatua guri bost.

  • Berriak aski ongi tratatzen du gai hau. Hemen ere “”biktima”” gizona denez, delitua ustezkoa da:
    “Ustez erasoa jasan zuen ikaslearen aitak auzi kanonikoa berriro irekitzeko eskatu du”
    http://www.berria.eus/albisteak/115807/ustez_erasoa_jasan_zuen_ikaslearen_aitak_auzi_kanonikoa_berriro_irekitzeko_eskatu_du.htm

    Gizonak errudun. Emakumeak aingeruak gara.

  • Ez bakarrik hori. Dekalogo feministaren arabera, biktima emakumea bada, baina USTEZKO erasotzailea ere emakumea, delitua baliteke gertatu ez izana:

    “Errenterian egin zion ustez eraso 10 urteko neskatoari, larunbatean, eta igandean hil zen. Zuhurtzia eskatu du Gipuzkoako Epaitegiko buruak”

    http://www.berria.eus/paperekoa/1800/009/001/2015-09-08/epailearen_aurrera_eraman_dute_iloba_hiltzea_egotzitako_andrazkoa.htm

    Susmagarria baita emakume batek beste bat erasotzea. Horrelakoetan zuhur jokatu behar da ea ez ote den Patriarkatua gezurretan ari.

    Emakumeok errugabeak gara. Aingeruak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude