Urtetan euskararekin ere arduratsu

Urtetan euskararekin ere arduratsu –

Agerraldi garrantzitsua egin dute gaur goizean Zarautzen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zarauzko Udalak. Hedabideekin hitzordua zuten 11:00etan Urtetako zabortegian, hondakinak kudeatzeko Foru Aldundiaren Azpiegitura proposamena aurkezteko.

Iñaki Errazkin Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakaria, Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea izan dira hedabideen aurreko agerraldian.

Urtetan euskararekin ere arduratsu

Kontu garrantzitsuak izan dituzte hizpide. Besteak beste, Urtetako zabortegia 2014ko abenduaren amaieran itxiko dela iragarri dute, eta Lapatx eta Sasieta ondoren itxiko direla nabarmendu dute, 2015eko apirilean eta 2015eko abenduan, hurrenez hurren. Aurrerantzean hondakinen kudeaketarako Gipuzkoak izango dituen azpiegituren proposamena ere aurkeztu dute. Gaia garrantzitsua zen, eta horren isla da agerraldian esandakoa jasotzera azaldu den hedabide kopurua. Asko izan dira.

Hau aldez aurretik jakinda, hedabideen aurrean agertu diren lau erakundeak eta hauen ordezkariak, hizkuntza irizpide argiekin joan dira agerraldira: Zarautz herri euskalduna da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da, eta euskaraz bizi nahi dugun herritarrok bigarren mailan sentitu ez gaitezen hizkuntza irizpide ausartak onartuta ditu, 2013-2017 Erabilera Planaren baitan.

Beraz, irizpide horiei helduta, Zarautzen izan den agerraldian euskarari dagokion lekua ematea erabaki dute lau erakunde publikoek eta hauen izenean aritu diren ordezkariek. Euskara hutsean aritu dira hedabideen aurrean, eta Iñaki Errazkinek gazteleraz laburtu duen titular bat kenduta, gainerako agerraldi osoa euskaraz izan da, %99an.

Kazetarien galderei erantzuteko ordua heldu denean ere, euskaraz aritu dira. Haserretu egin dira hedabide batzuetako kazetariak, eta gazteleraz egiteko eskatu dute. Zarautzen, Urola Kostan eta Gipuzkoan ofiziala den hizkuntzaren aldeko hautua egin dute ordea orduan ere lau ordezkariek: euskaraz erantzun dituzte galderak, herritarrek ez ezik erakundeek ere euskaraz bizitzeko duten eskubideari helduta.

2014an Zarautzen egin den eta Gipuzkoa osoan sona izango duen agerraldi batean esandakoak biltzera euskararik ez dakiten kazetariak bidali dituzten hedabideek, etxean dute arazoa.Hausnartu dezatela zergatik ez diren gai profesionalen moduan aritzeko, bertako hizkuntza arrotza zaienean.

Zorionak, bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari, GHKri, Urola Kostako Udal Elkarteari eta Zarauzko Udalari, hondakinen kudeaketan arduraz eta emandako hitza betez bidea egiteagatik, eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuz espaloitik ez jaisteko erabakiari sendo eusteagatik.

(Jatorrizko ZuZarautzen)

POST SCRIPTUM:

Espero zen bezala, zenbait hedabide hasi dira bazterrak nahasten gaiarekin. Zenbaitek titularrera ere eraman du dagoeneko hizkuntza irizpideen kontua:

· El Mundo: “La Diputación de Gipuzkoa se niega a hablar en castellano y se encara con los medios por protestar”. 

· El País: “Errazkin ha rechazado en varias ocasiones responder a las preguntas que se le han formulado en castellano, lo que ha provocado la protesta de varios informadores”.

Urtetan euskararekin ere arduratsu

2 pentsamendu “Urtetan euskararekin ere arduratsu”-ri buruz

  • HIZKUNTZ DESOBEDIENTZIA: Konstituzioak jakin beharrekotzat duen hizkuntzan hitz egiteari uko egitea.

    Laster delitu izan liteke…

  • Benetako delitua, alproja horien aurrean burua makurtzea da. Biba Errazkin!