Urtean behin, ez da nahikoa

Urtean behin, ez da nahikoa

Euskal selekzioak abenduaren 28an jokatuko du San Mamesen, Peruren aurka. Urteroko zita errepikatuko da, beraz, baina euskal jokalariek parean edukiko duten selekzioaren maila ez da jendeak espero zuena izango. Azken urteotako aurkari ‘apalen’ testigua hartuko du Peruk. Estonia, Tunisia eta Bolivia izan dira azkenak. Horiek guztiak selekzio historikoak dira, ibilbide luzea dutenak, baina urtean behin jokatzen duen eta partida hori ofizialtasuna aldarrikatzeko baliatzen duen selekzio batentzat, ez da aurkari aproposena. Ez behintzat, euskal jokalarien benetako maila neurtzeko.

Selekzio puska dugu, nire iritziz. Talde polita dugu mundu mailan lehiatzeko, eta gure jokalariak nazioarteko txapelketetara eramateko. Urteak joan urteak etorri, kirol alorrean geroz eta indartsuagoa ikusten dut Euskal selekzioa. Zelai erdian , adibidez, selekzio gutxik izango dute euskaldunen maila (Beñat, Arteta, Illarramendi, Alonso…). 2005, 2006 eta 2011ko porrotak salbu, gol festa nagusitu da betidanik San Mamesen. Egia da ere, etxean jokatzeak, San Mamesek zuen berotasun berezi horrekin, eta egunak dakarren motibazioarekin, errazagoa dela irabaztea. Baina berdin dio. Eurokopan edo Munduko Txapelketako atarikoak jokatzeko behintzat, nahikoa maila ikusten dut (eta espero bakarra ez izatea).

Euskal selekzioaren afera, baina, seko gelditu da. Badirudi ohitu egin garela urtean behin jokatzera. Ez dugu abenduko partidatik haratago inolako aldarrikapenik egiten. Porrota asimilatu dugu; selekzioaren ofizialtasuna utopia bat dela barneratu dugula dirudi, eta lagunartekoa ontzat ematen dugu. ‘Aurtengoz nahikoa’ esaten dugula dirudi. Gogoan dut, 90. hamarkadan antolatzen ziren partidetan, ilusio berezia zegoela (nahiz eta eskema berdina jarraitzen zuen). Baina jendeak ofizialtasunean sinesten zuen, eta San Mamesen ospatzen zen gol bakoitzak, ofizialtasunerako pauso bat zirudien. Azken urteotan, berriz, ilusio hori itzali egin dela sumatzen dut… Futbolean, egia da, zaila dela Euskal Herriak selekzio gisa lehiatzeko aukera izatea. Hori hala da, baina abenduan partida bat antolatzearekin bakarrik ez dut uste nahikoa egiten denik. 90. hamarkadako egituran geratu gara, ez dugu ez atzera ez aurrera egiten.

Horrexegatik uste dut, Euskal selekzioak edo ESAITek edo nik zer dakit nork, aldaketa bat behar duela. Egitura berritu egin behar dugu, herdoildu aurretik. Sakonki pentsatu eta honako galderak erantzun: Zer gara? Nora iritsi nahi dugu? Nola iritsi gaitezke? Orain arteko akatsak zuzendu, eta etorkizunera begira pauso berriak eman. Euskal selekzioa San Mamesetik gehiagotan atera, eta mundu zabalera ezagutzera eraman. Gure jokalari asko ezagutuko dituzte nazioartean, bai, baina horien elastikoaren helburua ziurrenik ez. Gure benetako nahia Euskal selekzio ofiziala edukitzea da, eta hori nazioartera plazaratu behar dugu. Iraganeko mekanismoek jada ez dute aurrera egiteko balio, eta berritzea ezinbestekoa zaigu, Txapelpunken abestiak zioen bezala, gure hamaika mutilak mundu guztiaren kontra jokatzen ikusi nahi baditugu behin eta berriro.

Urtean behin, ez da nahikoa

TALAIATIK