Urte garrantzitsua presoen auzirako

Urte garrantzitsua presoen auzirako –

Agus Hernan eta Nazario Oleaga, hurrenez hurren Foro Sozial iraunkorreko koordinatzailea eta abokatua, BERRIAn.


Aurrean dugun urte politikoa erabakigarria izango da indarkerien zikloaren hiru ondorioetako baten konponbiderako: presoen auzia. Eta hala da arlo horretan erantzukizun handiena duten bi eremuetan: Madrilen, non gobernua legegintzaldiko azken urtean sartu den eta zalantza handiak dauden ea gaur egun Kongresuan dauden gehiengoak errepikatu ahal izango ote diren; eta Gasteizen, non Jaurlaritza agintaldiaren erdian dagoen.

Batzuetan, zarata mediatikoak ez digu uzten gauzak ikuspegi egokiarekin aztertzen: nondik gatozen, zer aurreratu dugun eta norantz joan behar dugun. Ikus dezagun.

Urte garrantzitsua presoen auzirako

Aurrerapenak

Aurrera urratsak ulertzeko, atzera egin behar dugu 2018ko martxora arte, aurkeztu genituenean IV. Foro Sozialaren ondorioak Donostiako Aquariumean. Ondoren, esparru instituzionalean, politikoan, sindikalean eta baita EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin berarekin ere akordio zabalak eraikitzeko lanari ekin genion. Hala, 2018ko maiatzaren 15ean, ETA desegin ondoren, Konponbiderako premiazko Agenda definitu zen, eta haren bost puntuak gauzatzen joan dira ordutik.

Pedro Sanchezek Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketan, 2018ko ekainaren 18an, lan horren emaitzaren dimentsioa ikusi zen, nahiz eta, ondoren, hauteskundeen errepikapenak eta pandemiak moteldu egin zuten Agenda horren gauzatzea.

Ordutik, asko aurreratu da, baina oraindik lan asko dago egiteko. Lau arlotan egin da aurrera nabarmen: urruntze-politika; graduak aplikatzeko politika; espetxe-politika humanizatu egin da, zenbait esparrutan, hala nola isolamenduaren amaieran eta gaixotasun larriak dituzten presoen tratamenduan; eta, laugarrenik, espetxeen arloko eskumenak eskualdatu dira.

Halere, aurreratu ez den gai bat dago konponbiderako Agenda horretan: Europako beste estatu batzuetan bete diren zigorren metaketa. Gero itzuliko gara gai honetara.

Bestalde, luzaroan prozesua asko baldintzatu zuten bi gai konponbidean jarri dira: presoen harrerak eta kontakizunaren bataila. Madrilgo sektore mediatiko eta politiko bat eta biktimen elkarteren bat aipatutako aurrera urrats horiek geldiarazten saiatzen diren arren, , gai honetan eta Euskal Herrian, ez du ia ezer baldintzatzen.

Pixkanaka-pixkanaka, hainbat eragileren sukalde lan handiarekin, presoen auziaren konponbiderako markoa zehazten joan da: biktimen mina errespetatzea; baimenak eta hirugarren gradua; salbuespeneko politika osoa desegitea; EAEko eta Nafarroako kartzeletan zigorrak betetzea; eta Justizia Errestauratiboa, nahi dutenentzat adostua.

Zailtasunei dagokienez, aurreikusten genuen oztopo berriak agertuko zirela, baina aitortu behar dugu harritu egin gaituela Auzitegi Nazionalaren jarrerak, duela gutxi arte arazo ez ziren bi gairi oztopoak jarriz: 2. graduko baimenak eta 3. gradurako bilakaera.

 

Zereginak

Kurtso politiko hau funtsezkoa izango da konponbiderako definitu den markoa sendotzeko.

Madrili dagokionez, batez ere, hiru zeregin:

1.- Hurbilketak determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzea espero dugu, prozesu honekin aurten bertan amaitzeko.

2.- Auzitegi Nazionaleko zenbait epaileren eta haiek babesten dituen lobbyaren jarrera oztopatzailea. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi eredu desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: batetik, Auzitegi Nazionaleko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren % 91k babestua.

3.- Zigorren metaketari buruzko auzia: Gai horrek agendan leku bat egitea lortu du, eta Espainiako Gobernuak berak sartu du 7/2014 Legea 2022ko legegintza-egutegian. Beharrezkoa da Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako kondenen kasuan aplikatu beharreko irizpidea Europako araudi eta ebazpenetan ezarritakoa izatea.

Eusko Jaurlaritzari eta beste eragile batzuei dagokienez, zeregin nagusia da EAEn zigorra betetzen ari diren presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea. Zentzu horretan, Justizia Errestauratiboa Eusko Jaurlaritzaren 2022-2025 Estrategiaren zutabeetako bat izanik, orain arte egindako batzar-errestauratiboen esperientziatik ikasi behar da (azkena 2021-2022an Burgosko eta Logroñoko kartzeletan). Izan ere, inplikatutako alde guztien borondate politikoa egiaztatuta, bada garaia Justizia Errestauratiboaren politikaren oinarriak eta edukiak adosteko. Eta politika berri hori presoen esku utzi behar da, nahi duten guztiek erabil dezaten.

Nafarroan, berriz, arreta handiz jarraitzen ari gara Iruñeko espetxeko zuzendari berriak araudi arrunta ezartzeko adierazi duen borondatea. Ipar Euskal Herrian, Esnalen eta Paroten egoera hurbiletik jarraitzen ari gara eta irailaren 22an aldeko ebazpena espero dugu.

Eta beharrezkoa da oraindik indarrean dauden salbuespen-politikako neurriekin amaitzea: sakabanaketa, preso gaixoak eta 70 urtetik gorako pertsonak espetxean mantentzea, komunikazioen jazarpen sistematikoa eta postaren, deien eta bisiten murrizketak.

Era berean, uste dugu beharrezkoa dela oraindik konpondu gabe dauden bi gaitan aurrera egitea. Bata 7/2003 Legea da, 40 urteko kondenak erredentziorik gabe betetzera behartzen duena, eta bestea epaile naturalen berreskurapenaren gaia da, orain Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hartu baititu bere gain haien eginkizunak. Bi gai horiek konplexuak diren arren, akordioen bidez bidea ireki behar da.

Egoera honetara iristea posible izan da gizarte zibilaren lanari esker, bere adierazpen guztietan, eta baita EPPK-ren erabakiei eta alde anitzeko akordioei esker ere. Lan diskretu luze baten emaitza da, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial askoren artean adostasunak ehuntzearen ondorioa.

Zerumugan laino ilun batzuk agertu dira, egindako aurrerapenak arriskuan jar ditzaketenak. Beraz, eman beharreko pausoak are premiazkoagoak dira, atzera egiteko oso zaila izango den egoera bat finkatu behar baita.

Urte garrantzitsua presoen auzirako Urte garrantzitsua presoen auzirako Urte garrantzitsua presoen auzirako

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Urte garrantzitsua presoen auzirako”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude