Estreinaldiak: Urtarrilak 31

Estreinaldiak: Urtarrilak 31 –

Estreinaldiak: Urtarrilak 31

Estreinaldiak: Urtarrilak 31

.

Adú

Kameruneko sei urteko mutiko bat eta bere arreba nagusia hegazkin bateko sotoan sartzen saiatuko dira, Europara joateko asmoak bultzatuta. Handik nahiko gertu, ingurumen-aktibista batek letaginak falta zaizkion hildako elefante bat aurkitu du. Ezkutuko ehizaren aurka borrokatzeaz gain, Espainiatik etorri berri den alabaren arazoei egin beharko die aurre. Milaka kilometrotara, Melillan, guardia zibil talde bat hesiaren beste aldera salto egiten saiatzen ari diren subsahariarrak geldiarazten ari da. Gai berak josiko ditu filmean gurutzatuko dire hiru istorio hauek.

.

Underwater

Lurrikara izugarri baten ondorioz, itsaspeko instalazio batean uholdeak sortu dira eta tripulazioa harrapatuta geratu da. Bizirauteko modu bakarra, urrun dagoen abandonatutako petrolio-plataforma batera ihes egitea izango dute, itsas hondotik oinez joanda. Erronka fisikoa izateaz gain, berehala ohartuko dira itsasoko harrapakari mitikoak atzetik dituztela, ehizan.

William Eubank (The Signal, 2014) zuzendariaren film hau, H. P. Lovecraft autorearen kontakizun eta munstroetan dago oinarrituta.

.

Judy

1968ko neguan, The Wizard of Oz estreinatu eta hogeita hamar urtera, Judy Garland aktore eta abeslaria Londresera joango da kontzertu batzuk ematera. Nahiz eta ahotsarekin dituen arazoak aski ezagunak diren. sarrerak berehala salduko dira. Agertokira itzuliko denean, gaztetan ezagututako Hollywoodeko gizon maltzurrak datozkio burura. 47 urte dituela, betidanik izan dituen barneko arazoen aurka borrokatuko du, baina bere helburu nagusia familiarekin etxera itzuli eta bizitzaren oreka mantentzea da.

Renée Zellweger (Chicago, 2002) aktoreak filmean betetzen duen lana goraipatua eta saritua izan da, eta Oscar Sarietako Emakumezko aktore onenaren sarirako hautagai faboritoetako bat da.

.

Waves

Trey Edward Shults (It Comes at Night, 2017) zuzendari amerikarraren azken obra honetan, bi bikote gaztek helduatasunerako bidaiari ekingo diote, lehen aldiz maitemintzen direnen bidaia emozional batean zehar.

Kritikari askoren ustetan, familiarteko arazoak bikain islatzen ditu, eta 2019ko film hoberenetarikotzat jo dute.

.

Para toda la muerte

José Vicentek zortzi urte daramatza funtzionarioa izatearen ametsa bete nahian. Lana lortu bitartean, bere neska-lagunaren eta familiaren laguntza jasoko du. Halako batean, lanpostua eskuratu duela esango diote, baina arazo administratibo bat tarteko, azkenean, ordezkoa besterik ez omen da. Lanpostu iraunkorra eskuratu ahal izateko, plaza lortu duenaren bila hasiko da, eta hura akabatzen saiatuko da. Gai izango al da egitekoa betetzeko? Bera al da asmo hori duen bakarra?

.

Donne-moi des ailes

Christian antzara basatiak aztertzen dituen zientzialaria da. Bere seme nerabea bideo-jokoetan murgilduta dago beti, eta horrenbestez, ez du udara bere aitarekin igaro nahi. Egunak aurrera egin ahala. harremana estutzen joango da, eta eguneroko lanak partekatzen hasiko dira. Besteak beste, galzorian dagoen espezie bat salbatuko dute.

Benetako istorio batean oinarritutako pelikula honetan, Christianek eta bere semeak bat egin eta Europako zeruetan barrena bidaia liluragarria egingo dute hegazkin ultrarin baten laguntzarekin.

.

The Big Trip

Haurrei zuzendutako animaziozko film honetan, zikoina batek panda kume bat okerreko helbidera eramango du, eta horren ondorioz, hartz batek eta bere lagunek abentura ausart bati emango diote hasiera, panda txikia bere etxera itzuli eta  benetako familia ezagutu dezan. Lortuko ote dute zeregina behar bezala betetzea?

.

The Biggest Little Farm

2011an, John Chester dokumental-zuzendariak eta bere emazteak, Molly Chester sukaldari profesionalak, lanak utzi eta Los Angeleseko iparraldeko baserri batera joan ziren bizitzera. Aldaketa garrantzitsu honek eragindako ondorioak kontatzen dira filmean.

Ukitu ekologista duen dokumental hau John Chesterrek berak ekoiztu du, eta orokorrean, kritika positiboak jaso ditu, baita sari batzuk irabazi ere.

.

Eter

XX. mendearen hasieran, Errusiar Inperiotik kanpoko leku ezezagun batean, mediku batek emakumezko bat hilko du eter gaindosi baten ondorioz. Heriotz-zigorra saihestu ondoren, Siberian hasiko da lanean, eta eterra erabiliz, mina kontrolatu eta jendea manipulatu ahal izateko zientzia-esperimentuak egingo ditu. Krzysztof Zanussi zinemagile poloniar ezagunaren azkeneko filma da.

.

Quackerz

Orain dela urte asko, urrun dagoen irla batean, Eguzkiko Ahatea bizi zen. Hura ahate-taldea kanpoko etsaietatik babesteko gai zen, baina sorgin gaiztoak, Eguzkiko Ahatearen botereez ohartzean, berehala kendu zizkion. Gaur egun, ahateak lasai bizi dira eta enperadorea da kondaira egia dela dakien bakarra. Halako batean, ordea, elkartu egin beharko dira sorginaren aurka borrokatu ahal izateko.

.

Insumisas

1819an, Enrique Faber zirujau suitzarra Kubara joango da semearen bila, bere izebetako batek bahitu duela jakitean. Zoritxarrez, biak, semea eta izeba, esklabuen matxinada batean hil direla egiaztatuko du, kafe-soro baten hondakinen aurrean. Baracoan bizi da orain Enrique, eta azkar jabetuko da Kubako gizartearen konplexutasunarekin. Juana de Leónekin hiru urtez ezkonduta egon ondoren, bere benetako identitatea geratuko da agerian: Enrique, medikuntzan jardun ahal izateko, gizonez jantzi den emakume bat da. Espetxeratua izango da, eta epaiketa gogor bati  egin beharko dio aurre.

Euskal pantailaren gunea