Urtaroen arteko trantsizioa

Urtaroen arteko trantsizioa –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alea agerkarian.

Urtaroen arteko trantsizioaTxikitan ikasi genuen lau urtarotan banatzen dela urtea, Lurraren eta Eguzkiaren arteko posizioek finkatzen dutela egunaren eta gauaren iraupena, eta ekinozioek eta solstizioek markatzen dutela urtaroen hasiera eta bukaera. Dena dela, hemen, gure Gasteiz honetan, lau urtaro baino bi besterik ez daudela esango nuke: udaberri-uda eta udazken-negua. Beraz, urtaroen arteko lau trantsizio izan beharrean bi dira gasteiztarrok urtero iragaten ditugunak: udazken-negutik udaberri-udara doana, eta udaberri-udatik udazken-negura eramaten gaituena. Bestalde, trantsizioak ez dira egun batetik bestera bat-batean gertatzen. Aurten, adibidez, ia hilabete bat iraun du udaberri-udatik udazken-negura iragateak, urrian izan dugun eguraldia udazkenekoa baino udaberrikoa izan delako.

Bitxia da ikustea, jantzietan zein oinetakoetan, nola egokitzen den jendea eguraldiaren aldaketei trantsizio aldietan. Hiru mugimendu mota bereziko nituzke nik egokitzapen horretan: denborari aurreratu nahi dutenena, ezer aldatu gabe eroso sentitzen direnena, eta, azkenik, batzuetan uda eta besteetan negua, trantsizioa egiten dutenena.

Lehenengo taldea modaren munduak eta modaren jarraitzaileek osatzen dute. Negu gorrian udaberria da Corte Ingles dendetan urteetan entzun dugun publizitate leloa da adibiderik adierazgarriena. Elurra kaleetan eta, denborari denbora irabazi nahian, udaberrirako jantziak dendaz denda nobedadeak ikustera eta probatzera bultzatuta dabiltzanak dira mugimendu honetako partaideak. Eta, moda jarraitzaileekin batera, garaiari aurreratzen direnak sar daitezke ere talde honetan, hau da, lehenengo euriak edo egun freskotxoak datozenean, uda amaitutzat jo, udako jantziak armairuan gorde eta negukoak ipiniko dituztenak. Eguraldiak hobera egin arren ez dute neguko arropa kenduko, urtaroaren aldaketa ez baitago Eguzkiaren eta Lurraren posizioen menpe, beraiek eta beraien armairuak baitira egutegiaren jaun eta jabe.

Justu kontrako joera azalduko dute bigarren taldekoek. Zortzi graduko tenperatura kalean, euri zaparradak, eta hara non doan gure gizona praka motzekin eta txankletak jantzita Zeledon eguna balitz, putzuz putzu saltoka, ondoko okindegira eguneroko ogia erostera. Nork dio uda joan dela, bada? Bai zera, uda ez da amaitu. Siberia-Gasteiz baino, Gasteiz tropikala. Uda da gozatzeko urtarorik oparoena eta, astronomiak erakusten digunaren aurka, ez da uda amaitu, eta, beraz, luza dezagun uda!

Eta, azkenez, armairuak ondo maneiatzen dakitenek osatuko dute hirugarren mugimendua. Iragate garaiak dira eta eguraldiaren aurreikuspenak agintzen du zer jantzi etxetik ateratzerakoan: udako gona edo neguko prakak, txinalak edo zapatak. Neguko zein udako arropak gordetzen dituzten armairuak zabalik, helduko da trantsizioaren amaiera eta berarekin batera negua. Orduan izango da udako arropen armairua ixteko momentu egokia. Bitartean, eguraldiaren iragarpenaren zain egotea izango da aproposena.

Urriaren bukaeran eta azaroaren lehenengo egunetan aukera izan dut kale berean hiru mota hauetako gasteiztarrak ikusteko: negu gorrian bagina bezala jantzitako emakumea, Santiago eguna balitz bezala praka motzetan eta txankletetan gizona, eta bezperan eguraldiaren iragarpena ikusi duen emakume zentzuzkoa. Ez dira asko lehenengo taldekoak, gutxitxoago bigarrenekoak, gehienak eguraldiaren iragarpenaren jarraitzaileak baitira. Hala ere, asteak aurrera egin ahala, hasierako jantzien kolore eta aniztasuna galtzen joango da hautemanezin mugimendu geldoari esker, non, astiro astiro, bigarren taldekoek lehenbizi, hirugarrenekoak gero, lehenengo taldera pasatuko diren: negu gorria heldu den seinale. Eta gasteiztarrok neguko jantzi eta oinetakoekin Siberia-Gasteizen euria, gero eta gutxiago hiria zuritzen duen elurra, izotza eta hotza pairatzeko prest azalduko gara. Akabo jantzien kolore aniztasuna eta arropen mota ugaritasuna: orain bai, negu neguan gaude.

Urtaroen arteko trantsizioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.