Urruña Urdazuriko guduan
Urruña Urdazuriko guduan –
Berrehun urte igaro dira Urdazuriko Gudua izan zenetik eta oroitzapenak arras ezabaturik iritsi dira gurera. Hori dela eta, Eneko Bidegainek biziki hitzaldi interesgarria eman zuen Urruñako Posta etxean 2013ko abenduaren 13an. Bidegainek ederki azaldu zuen Napoleonen gainbeheran Iparraldean gertatu zen bipiltze eta sarraskia, ezezagunak zitzaizkigun datuak emanez. Garai hartan Iparraldeko hiru lurraldeetan 160.000/180.000 biztanle inguru bizi ziren, eta Espainiatik eta Hegoaldetik ihesean etorri zirenean, 70.000 soldadu frantses inguru sartu ziren, baita beren emazteak eta haurrak, eta funtzionario ainitz ere. Zaldiak ere milaka zekartzaten. Soult mariskalak Baionatik defentsa antolatu zuen, eta aro txarra zela eta, Wellington jeneral ingelesaren agindupeko armada aliatua ez zen sei hilabetetan Gipuzkoatik eta Nafarroatik mugitu. Armada horretan baziren britainiarrak, espainolak eta portugaldarrak eta 100.000 soldadu inguruz osatua zen.
Sei hilabete horietan frantses armadak Iparraldea bipildu eta arpilatu zuen. Napoleonen soldaduak gaiztagin gisa aritu ziren eta euskaldunek horrela ikusten zituzten. Lapurdiko eta Baxenabarreko herrietan desmasiak egin zituzten, hemen zenbait etxe erre, han desegin, bertze toki batean hainbertze kinta belar ebatsi, balorezko bitxiak hartu, arto landak zaldien zangopean txikitu. Urruñako gaztelua ere ez zen salbatu frantsesen arpilatzetik, bertara sartu eta balore zuen guztia ostu baitzuten. Datu harrigarriak dokumentuetan oinarrituak.
1813ko urriaren 7an, Wellingtonen agindupeko armada aliatuak Bidasoa ibaia zeharkatu zuen Hendaiako aldean, Zubernoan, eta hortik Pausura berehala sartu eta Teilatu-baita (La Croix-des –Bouquets frantsesez deitua) gainetik barna igo ziren. Hendaiako, Pausuko eta Urruñako biztanle ainitzek Donibane Lohizunera eta Baionara ihes egin zuten, baita Landesetara ere, non arras baldintza txarretan bizi izan ziren, itzuli ahal izan zuten arte. Hilabete batez borroka-lerroa Sokorrin, Urruñan eta Urdazuri ibaiaren ertzetan egon zen. Azaroaren 10ean, Urdazuri ibaiaren inguruetako gatazka handia hasi zen. Aliatuak Axuria menditik, Zugarramurditik, Lizuniagako lepotik eta Larrungo magaletatik barna Lapurdira sartu ziren. Berehalaxe Sara hartu zuten, Senpere, Ezpeleta… ondoren. Teitatu-baitako lerroa zeharkatu zuten eta Urruñara sartu ziren. Orotara zazpi mila gizon inguru hil omen ziren borrokaldi hartan. Egun bereko gauean Soult mariskalak Donibane Lohizune biztanlez husteko agindu zuen.
Azaroaren 26an, Wellingtonen soldaduek Uztaritze eta Larresoro aldera agin zuten. Abenduaren 9an Kanbo, Itsasu, Uztaritze… hartu zituzten eta Errobi ibaiaren eskuin aldera iritsi ziren. Abenduaren 13an Mugerreko gatazka izan zen. 1814ko otsailaren 14an Heleta hartu zuten eta 23an Baiona inguratu eta hesitu egin zuten. Frantsesek Errobi ibaitik gora ihesi egin zuten. Hortik aitzina borrokak Euskal Herriko lurraldeetatik kanpo jarraitu zuen. Otsailaren 27an Orthez-eko gatazka izan zen, martxoaren 12an aliatuek Bordele hartu zuten eta apirilaren 11n Tolosa. Apirilaren 14an, Napoleonek abdikatu zuen eta honela gerla bukatu zen.
Frantses tropek, Lapurdin eta Baxenafarroan izan ziren sei hilabeteetan, egin zituzten era guztietako gehiegikeriak zirela-eta, ingelesak sartzean, herritarrek askatzailetzat, libratzaile gisa hartu zituzten. Ahatik, espainiarrek Wellingtonen aginduak ez zituzten bete izan eta hiltzen, arpilatzen eta osten segitu zuten, jeneral ingelesak Hegoaldera bidali zituen arte.
Eneko Bidegainek, gero, herriz herri, urtez urte heriotza-tasa ekarri zuen gogora 1813/1814 urteak konparatuz aintzineko eta ondoko urteekin. Erraiten ahal da 1814 hil tasa, normalean baino bikoitza dela eta milaka jende hil zela. Ingelesen okupazioko garaikoak dira, bai, baina frantses tropek egin basakerien ondorio. Adibidez Ezpeletan 1814an 25 hiltzetik 90era pasatzen gira, Itsasun 40tik 94ra, Saran 50etik 125era, Senperen 50etik 99ra, Urruñan 63tik 132ra, Azkainen 21etik 83ra, Donibane Lohizunen 76tik 243ra, Hendaian 9tik 18ra, Bidarten 22tik 64ra, Ziburun 32tik 140ra, Kanbon 22tik 140ra, Arbonan 8tik 38ra, Hatsun 10etik 28ra, Larresoron 17tik 33ra, Mugerren 33tik 76era, Hazparnen 90etik 254ra… eta Baionan 1811n 975 lagun hil ziren, hiru urte berantago, hau da, 1814. urtean 3274 lagun. Amaigabeko zerrenda honetako datuei jarraiki, argi eta garbi ikusten ahal dugu milaka direla Lapurdin eta Baxenafarroan hil zirenak. 4000 edo 4400 inguru kalkulatzen dugu gaur, hau da, orduan Iparralde osoan zegoen biztanleriaren %4a edo 5a. Eta Eneko Bidegainen galdea: zer pasatu zen? gosetea, izurritea?