Urkulluren tenorea

Patxi Lopez gobernuan jarri zenean, bazen esaten zuenik ongi etorriko zitzaiola hori EAJri. Krisi handiegi eta konponezinaren kudeaketa ez zutela beraien gain hartu beharko jeltzaleek. Eta hiru urte t’erdian Jaurlaritzako kargu eta onuretatik jeltzaleak urrundurik egotea gogorra egingo bazitzaien ere, esango nuke gutxi edo asko asmatu egin zutela baieztapen hura egin zutenek.

Gainera, nago PSE-EEren gobernupeko garaiok bizi izan ditugunok, ez dugula apur batean ahantziko Patxi Lopezek erakutsi duen lohikeria ikaragarria, Partidu Popularrarekin sekula ez zela ezkonduko esatetik, harexen eskutik agintzera eraman zuena, benetako transbertsalitaterako aukera oro hamarkada batzuetarako suntsituz. Besteak beste.

Baina lotsamangarria izan bazen abiapuntua, are okerragoa izan zen garapena. Bere gobernuak eginiko hankasartze guztiak aipatzen ibili gabe, oroit ditzagun euren txikian gizon honen ezpala erakusten duten batzuk, Vanity Faireko azal hura,  denon artean ordaindu dizkiogun euskarako klaseak, edo Aiete garaiko treneko bidai hura, gure konponbidearen erdigunetik milaka kilometrotara… Lotsagorritzeko modukoak.

Gogorrena da aurretiaz begiratuta, ez zuela zertan kalterako izan behar Lopezen etorrerak. EAJren politikagintza baino zerbait aurrerakoiagoa itxaron baitzitekeen sozialistengandik, baina bai zera, Ibarretxeren nostalgia sentitu genuen askok egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Azken finean, euskal herritarrok behar genuen politikagintzaren antipodetan egon izan da Lopez, eta berarekin gorteko izan direnak ere bai. Salbuespen apurrak salbuespen.

Orain Urkullu dator eta itxura batean langile traza hartuta, gainera. Ez dio inork ukatuko zortzi sailburuko gobernua antolatzeak damaion efikazia tankera. Ikusi egin behar, hala ere, lan gehitxo ez ote zaien pilatuko sailburuei, hainbeste hankatako aulkien gainean ipurdi bakarrarekin eserita, baina, zalantzarik gabe, jendearekin sintonizatu du hartutako lehen erabakiaren “nordikotasunak”. Ikusi egin behar politika berria egiteko bide danimarkar edo islandiar horri eutsiko dion, ala EAJren aparatotzarrak eta santa eskean etorriko zaizkion ingurukoak hartuko duten bera ere menpean. Hobe bai ez balitz hala.

Alabaina, direnak eta ez direnak adierazteko eta kitatzeko ordurako aukera bikaina egin du Josu Erkorekarekin. Orain arte erakutsitakoaren arabera, hizlari aparta eta errekurtsoz betea izateaz gain, EAJren baitan idazten dakien apurretakoa ere bera baita, nola euskaraz, hala erdaraz. Hitzak ez zaizkio faltako, bederen, bermiotarrari.

Gainerako sailburuek ere, nola esango nuke inor mindu gabe, oso gureak izateko itxura dute. Azalagatik, Arrasateko Kooperatibetako ekintzaileak izan zitezkeen edo Tekniker edo horrelako zerbaitekoak ere bai. Goi mailako langileak izan arren, primeran irudika ditzakezu txorizo ogitarteko bat jaten Gorbeiako mendietan edo Urbiako zelaietan, Rodolfo Ares antzeko leku batean irudika ezinezkoa den bezala.

Egia da, halaber, Urkulluk dena esan arren, ez duela deus zehaztu oraingoz. Hitz potoloak dira ekonomia, bakegintza eta estatus politiko berria,  letra larriz baino, txikiz idatzi beharrekoak dira horiek guztiak… Horretarako ederki egin beharko du dantzan batarekin eta besterekin segun eta zein den unean-unean dantzatu beharreko  pieza.

Izanak izan, eta betiereko ezkortasunaren gainetik, aitor dut poz moduko batek naukala irabazita egunotan. Urkulluk badaki bera aurretik joan ezean, ezingo diogula besteok ondoren segitu eta aurretik joan behar du, beraz. Hala ere, ez dago jakiterik zer gertatuko den, baina “dana lanbrotute ikusten dot” hartatik,  laino beltz batzuk apartatu balira bezala ikusten da oraintxe bertako paisaia eta itxaropen poxin bat ere ari zait ernetzen erraietan, aspaldiko partez.

…………………………..

(Espero dezagun gauzak sekula ez asmatzeko dudan abildade ikaragarri honek behingoagatik ez funtzionatzea)

Jaurlaritza, lehendakaria, urkullu
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)