Urkulluk Rajoyri aurkeztutako presoentzako plana filtratu dute

moncloa450 preso poliki-poliki kalean uzteko plana. Zigorraren hiru laurdenak betetako 120, prebentiboak 49, “odol-deliturik gabeko” 172 preso, Parot Doktrinako 71, “bergizarteratutako” 20…

“Diskrezioa” izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren aldarria. Rajoyrekin ETArik gabeko aroari buruz izan dituzten hizketaldien informaziorik ez du eman. Azken bilera uztailaren 15ean izan zuten, ordurako, Urkulluk publikoki aitortua zuen Rajoyk ez ziola kasurik egiten. Apirilaren 15ean aurkeztu zion ustezko plana Espainiako presidenteari.

Gaur, El Mundo egunkariak zabaldu duenak egiatasun aztarnarik badu, Urkulluren isiltasun zuhurra ere pikutara joan da. Ez dio Rajoyk kasurik egin, eta, gainera, baliteke esandako guztiak filtratu izana. Ez da giro izango Ajuria Eneako gelaren batean.

Lehendakariaren zerrendak 623 preso aitortzen zituen, 49 Espainiako espetxeetan eta 28 Frantziakoetan. Presoen hurbilketa bere baitan hartuko lukeen espetxe politikaren epe-luzerako malguketa proposatu zuen Urkulluk. 450 preso epe motz edo ertainean askatzeko baldintzak zeudela ebatzi zuen jeltzaleak.

El Mundoren arabera kasu desberdinen araberako sailkapena egin zuen: “birgizarteratutakoak 20, pultsera bidez kontrolatutako 10, Parot doktrinako 71, zigorren hiru laurdena betetako 120, prebentiboak 49, legez kanpoko erakundeeetako 30 (sumarioaren zain daudenak), “odol-deliturik gabeko” 172, eta azkenik, zigor luzeak eta “odol-delituak” dituzten 143. Azken hauek dira espetxea uzteko zailtasun handienak izango dituztenak. Izan ere, 40 urteko kartzela-zigorra betearazi diezaiekete.

Bistan denez, Rajoyk ez du presoen konponbidearen alde hatzik mugitu.

#TantazTanta

ETAren erabaki historikotik bi urte igaro direnean zipitzik ez da mugitu Espainiako gobernuak presoenganako duen jarrera. Europako Giza Eskubideen auzitegiak behartuta etorri behar izan da neurri arnas-emaile bat. Parot Doktrina baliogabetuta zabaldu den zirrikitua berehala ixteko lanetan ibili da jo eta su Rajoy. Ez hori bakarrik, Herrira-ren aurkako operazioarekin errepresio garai gogorrenetarako itzulerarekin mehatxatu zuen.

EAJk presoei urratsak emateko deia egin die, Espainiaren ezezko borobila dutenez gero. Urtarrilaren 11an Bilboko kaleek beste behin gainezka egingo dute, presoen eskubideak errespetatu daitezen.

El Mundo, espetxeak, politika, Rajoy, urkullu

2 pentsamendu “Urkulluk Rajoyri aurkeztutako presoentzako plana filtratu dute”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude