Urkullu, EAJ eta independentzia: Contradictio in terminis

Gaur bertako albistea da Iñigo Urkulluk independentziari buruz esan duena. Alegia, ezetz baina baietz, edo nahiago bada, baietz baina ezetz. Datorren legealdian aukera politiko guztietako ezkongaiekin dantzan egiteko prest dagoela esateko une berean egin ditu adierazpenok.

Eta ezinezkoa esan ahal izateko asmatu ditu moduak, izan ere “independentzia bai ala independentzia ez” eztabaida, “sinplistaegia” da bere irudikotz. Horregatik bota ditu honakoak:

  • “EAErentzat estatus politiko baten alde nago”, baina gainerako alderdi polikoen kontsentsuarekin (!).
  • “EAJk nahi duena nazio europarra da”, baina kasu “izan daiteke estaturik gabeko nazio bat”. Ondorioz, aski litzateke, europako instituzioetan ordezkaritza egoki batekin (?).
  • Izan ere “independentzia bai al ez planteamendu sinplista gainditzen duen arkitektura instituzionala asmatzeko garaia da, kontua ez baita Espainiatik kanpo hotz egiten duela, baizik eta Europatik kanpo egiten duela hotz” .
Baliteke independentzia bai ala ez sinplistegia izatea, baina, arraioa, kontzeptu zehatza da independentziarena berak proposatzen duen ke abstraktuaren aldean. Autodeterminazioarekin gertatzen den bezala, mundu guztiak erraz ulertzen dituen kontzeptu argiak dira, izan.
Ez dago zer eginik, ematen zuen Ibarretxe benetan saiatu zela burujabetasunaren kontuarekin EAJk beti erakutsi izan duen  indefinizioa pitzatzen, baina Urkullurekin jai dagoela dirudi eta berriro ere betiko “Bi Alderdi Jeltzaleak” aipatzen jarraitu beharko dugula etorkizunea ere: gipuzkoarrek hau, bizkaitarrek hura…
Izan ere, tradizio handia du EAJk -edonorekin dantzan egiteko gaitasun paregabearekin batera-, gauza bat eta guztiz kontrakoa esateko orduan ere.
Akordatu bestela gaur laurogei urte betetzen dituen Xabier Arzalluz Handiaz.  Argia astekariko bideo honen 6’45” unean esaten du, adibidez, “EAJ euskal estatua sortzeko jaio zen”, nahiz eta, berdin berdin esan dezakeen beste batean,  “Zertarako independentzia, azak jan beharrean ibiltzeko?”, esaterako.
Uste genuen Urkullu eta bere aholkulariak konturatuta egongo zirela politika era berriekin egiteko garaia iritsia zela, betikoan betikotzen ibili gabe. Baina, antza, burujabetasuna eta independentziaren kontu honetan, gustura dabiltza betiko ur uherretan igeri.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

4 pentsamendu “Urkullu, EAJ eta independentzia: Contradictio in terminis”-ri buruz

  • Informazio gehiago; iturburutik, bitartekorik gabe, interpretaziorik gabe:

    http://www.eaj-pnv.eu/agiriak/ebb1989ko-aberri-egunaren-manifestua_5666.html

  • Lukas Mateo 2012-08-24 15:58

    Eskerrik asko, Unaxitu, benetan interes handikoa zure estekak erakusten den dokumentua. Baten bati luzexka irudituko bazaio ere, guztiz argigarria EAJren politikagintzaz. hau, esaterako: “EAJk ez du uste epe motz edo ertainera euskal lur guztien batasun politikoa irits daitekeenik, ezta berezko oreka politikoa ere Espainiako eta Frantzietako estatuetatik kanpo. EAJk ez du uste autodeterminazio-eskubidea erabaki mailako ekintza publiko bakar batean erabiltzeko unea iritsi zaionik Euskadiri. Abertzale-kontzientzia ez baita oraindik gehiengoarena euskal herritarren artean.
    EAJk Euskal Herriaren burujabetza osoari inolaz ere uko egin gabe, autodeterminatzeko aldian aldiko ariketa jarraia bultzatzen du gaur egun, bere lurralde-batasunaren lorpena mailaz mailakoa eta demokratikoa izan dadin, hurrengo urteetan eusko abertzaletasunaren egitekoa geure herriaren sendotze politiko, ekonomiko eta kulturala gauzatzean datzalakoan.” Gauzak argi esaten direnean, ondo ulertzen da.

    • EAJ jartzen duen tokian, EHBildu jarri, eta berdin-berdin. Azken aldian Landa, Permach eta antzekoen ahotik iristen diren mezuak irakurrita, ezker abertzalea eta eskuin abertzalea toki berean daudela ematen du kontu horretan. Urriaren 21ean EHBilduri emango diot botoa, baina hortik aurrera ez badu independentziarako prozesu benetako bat zehazten, Eskozian egiten ari diren bezala, hurrengoetan etxean geratuko naiz.

  • Ainhoaletamendia 2012-08-24 16:35

    “Autodeterminazioarekin gertatzen den bezala, mundu guztiak erraz ulertzen dituen kontzeptu argiak dira, izan”

    Barkaidazu, baina nire ustez autodeterminazioaren esanahia herri honetan oso jende gutxik ulertzen du. Esan nahi zenuena autodeterminazioaz jende gehienak kontzeptu bera duela bada, ados. Gainontzean inolaz ere ez.

    Gure herrian, batez ere PNv eta azkenaldian ehBildu-ren siglapean aurkezten direnen erruz autodeterminazioa etsaien okupaziopean burutu beharreko erreferendum batekin lotzen du jendeak. Alegia, erabat oker.

    Zita argigarri bat:

    “Instituzionalista armadunek eta armagabeek exijitzen duten “erabakitzeko eskubidea” deiturikoa ez da herri guztien autodeterminazio-eskubidea —gauza bera esateko baina izen “argiago” batekin—, bere erabateko desustantzializazioa baizik. Herrien autodeterminaziorako nazioarteko eskubidearen sabotajea da, ­inperialismoaren errealitatearen ukazioa­, alferrikako ahaleginean, erregimen menderatzailearen onginahia eta homologazioa lortu nahi dituen proiektu onargarri, bateragarri, berreskuragarri eta asimilagarri bat “Estatua” deitzen duten horrentzat, hau da, kolaborazionistek eta konplizeek beraiena balitz bezala errekonozitzen duten Estatuarentzat. Ondorio praktikoak nekez puztu daitezke: jatorri ezezaguna, ilundua edo faltsutua duen eskubide bat ezin da estrategikoki prozesatu”