Urkijo luzerako gurekin (eta beste kontu batzuk)

UrquijoDagoeneko jakin behar zenuke ZuZeuko salabardoaren eginkizuna zein den. Ezin egunero azalpenak eman. Utzi galdera antzuak egiteari, eta irentsi gaurko aleak derrepente!

Iruñean Udaltzaingoak 22 eta 26 urte bitarteko 7 lagunen kontrako salaketa jarri du, erlijio askatasunaren kontrako delitu bat gauzatu dutelakoan. Pasa den apirilaren 17an, prozesio baten parodia egin eta aita santuaren argazkia zuen panpina erre omen zuten. XXI. mendeko kontuak, badakizue! Eskerrak Udaltzainak beti adi diren, nork babestuko lituzke bestela Eliza Katolikoaren eskubide horren zapalduak?

Cristobal Montoro Ogasun Ministroak ezezko borobila eman dio EAJren eskaerari. Urjkijo lan bikaina egiten ari dela argudiatuta, kargutik kentzeko asmorik ez dutela adierazi du. Ez dirudi euskalzale eta abertzaleentzako albiste ona denik, baina euskal hedabideen erredakzioek txanpainarekin ospatu omen dute. Ez da gutxiagorako: Egigurenekin batera, Urkijo da Euskal Herri osoan albiste eta titular gehien sortzen dituen politikaria.

Gipuzkoako Ogasunak iruzur egile handien zerrenda argitaratzen ahaleginduko da, Datuaren Babeserako Legeak horretarako zirrikiturik uzten badu. Horrek ere urrunduko ote ditu enpresari handiak Gipuzkoatik? Oraindik ez dute argitu burusoilak ilez bete eta kolpetik 30 kilo galtzeko iragarkiak egiten dituztenak ere zerrendan gehituko dituzten.

Gaizka Izagirrek film friki, arraro eta (ia) ulertezin sailkaezinen zerrenda egin du bere blogean. Ezin aproposagoa psikiatrikoan tokia noiz egingo dioten zain dauden horientzako. The Three of Live, Holy Motors, Teorema… gustu eta disgustu mota guztietarako modukoak!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.