Urdaileko mina

Goizean. Hamarrak aldera, bulegoan bakarrik, dei bat jaso dut. Mezu garrantzitsu bat bidali digute e-mail bidez, eraso sexista oso larria izan da Txantreako bestetan. Eseki egin dut, barruan ezinegona sumatu dut, oso sentsazio arraroa. Urdaileko mina. Nazka, nekea, amorrua… ez dakit zer izan den, baina gaizki sentitu naiz. Segidan hasi da txio jarioa, erasoak salatuz, beste eraso baten berri emanez ere. Bortxaketa. Gezi bat urdailean, itzuli dira sentimendu nahasi horiek. Iruñean izan da, besta gune batetik gertu. Ezin dut sinetsi. Edo bai, sinetsi dezaket. Noski sinetsi dezakedala. Nekea sentitu dut bat batean, eta urdaileko mina.

Atzo. Telesail txatxu bat ikusi nuen bart telebistan. Ez dakit izena, lehenbiziko aldia nuen. Kanpin batean hainbat familia bizi ziren, eta haien arteko ika-mikak ziren umorearen iturri. Gizonek emakumeak mespretxatu egiten zituzten, eta hauek haserre erantzun. Paintballean aritu zirela gizonak, eta emakumeei trufa egin zieten haiek ezin –omen– zutelako armarik erabili. Eta topikoari tira, sukaldea, garbiketa… betikoa. Orduan emakumeek erabaki zuten haien aurka egitea, baina oso txarrak izaki, gizon batek –nork bestela?– erakutsi zien gizonen aurka nola jokatu. Halaxe irabazi zieten gizonei, beste gizon bati esker. Eta iji eta aja, garbitzera eta sukaldera joateko, eta besteak amorraturik. Emakumeen amorrua zen txisteak elikatzen zituena, feminismoa irrigarri geratzen zena. Matxismoak, baina, ez du grazia zipitzik ere, are gutxiago ondorioek. Urdaileko mina ohatzera sartu aurretik.

Arratsaldean. Elkarretaratze bat deitu dutela, sakelakoa hartu eta hara. Ezustekoa hartu dut hainbeste jende ikusirik. Ezusteko ona, baina harrigarria iduritu zait jendetza. Sartu da jende gehiago plazan, bete da, lepo. Eta biribilgunearen inguruko espaloiak ere bete dira jendez, mukuru. Bat batean zabaldu dute pankarta eta egin dute manifestazioa, jendetsua, nahiko isila, amorruz betea. Jendetza ikusteak indarra eman die antolatzaileei, eta manifestazioa egitea erabaki dute, baimenik gabe, besteren batek ere baimenik gabe, emakume baten nahiaren kontra egin dituenak salatzeko. Aski dela esateko. Eta manifestazio horrek indar handiagoa eman die antolatzaileei. Baita bertan zirenei ere. Hunkitu egin naiz. Badago zer egiterik.

Bihar. Munduak aurrera jarraitzen du, sistema patriarkatuak zutik dirau. Baina 19:00etan ez da bestarik Txantrean, protesta baizik. Eta etzi, eta etzidamu, bestak bukatu arte. Txantrean hartutako bideari jarraituta, espero dut sendatuko zaidala urdaileko mina.

1398965191382

BARDO GORRI NAFARRA