Uranio/torioaren datazio teknika Elhuyarren, eta Iruña-Veleiako ostrakak?

Altamirako bisonteen sabaia handia. Sabai horretako triangulu-itxurako zeinu batzuek gutxienez 36.000 urte dituztela kalkulatu dute. Arg. Altamirako museoa/Pedro Saltamirako-bisonteakaura

Elhuyar aldizkariaren azken iraileko alea ari naiz egunotan begiztatzen eta non eskaintzen zaigun Oihana Jauregi eta Bego Zubiaren artikulu interesgarri askoa Labar-artearen adinaren bila – Kantabriako El Castillo koban Europako margolan zaharrena datatu da. Eta artikuluan barna, besteak beste, azaltzen: «giza eskuen irudietako batek, adibidez, gutxienez 37.300 urte ditu. Gainera, Europako pintura zaharrena datatu dute han. Pigmentu gorriz marraztutako disko batek gutxienez 40.800 urte dituela baieztatu izan» da.

Artikuluak, detaile pixka batez azaltzen du “uranio/torioaren” datazio teknika (ik. beherago), eta Dirk Hoffman, Burgoseko Giza Eboluzioaren CENIEH ikerketa zentroko zientzialari alemaniarraren hitzetan, nahikoa datazio teknika erraz eta erabilgarria bide da hau. Hala dio: “Teknika alfa espektrometria da, hau da, uranioaren desintegrazioaren produktuak detektatzen dira. Gaur egun, neurketarako behar dugun masa orain urte batzuk baino 10.000 aldiz txikiagoa da. Horri esker, orain posible da kobara joan eta kaltzita-gune txiki horietatik hartutako laginak aztertzea. Duela 10 urte ez zen posible horiekin lan egitea“.

Eta berehala bururatu zait, nola hementxe bertan, Ezkarai, Urbion, (Eg)Uzkitza, Baskuñana, Zalduendo eta Ibeas pasatu eta bertan, Urbeltz aurretik dagoen Burgosko hurian, posible bada datatzea ehunka urtetako tartean gure arbasoen orain dela 40.000 urteko margoak, horren zaila ote den, horren garestia, ezinezkoa datatzea Iruña-Veleiako ditxosozko ostrakak, behingoz jakiteko/baztertzeko atzo goizean eginak diren edota gainean dituzten konkrezioek, patinek… zahardade handixeagoa bermatzen ote duten…

Badio inork beldurrik datazioari? Bada garaia horretan ere argi egiteko, ezta? Noren esku dago orain kontua? Guardia Zibilaren? Epaileak aukeratutako laborategien…? Denboraren…?

Uranio/torioaren teknika (Elhuyar aldizkaritik)

El Castillo kobako Eskuen Panela deritzon margo-multzoa Europa osoko labarretako artearen gune garrantzitsuenetako bat da, irudi kopurua, teknika eta gai aniztasunagatik. Harrizko pareta borobilduetan bisonteen margolanak, zeinuen marrazkiak, eta ezohikoagoak direni rudiak ikus daitezke: besteak beste, pigmentu gorriz marraztutako giza-eskuak.

Uranio/torio teknikaren bidez ez da zuzenean artelana datatzen, haren gainean sortu den kaltzita-geruza baizik. “Hormetara begiratzen badugu, gune batzuetan kaltzita metaketak ikusten ditugu –nabarmendu du García Díezek–; horman behera erori izan den uragatik sortu dira”.

Pinturen gainean kaltzita-geruza ezberdinak daude metatuta, eta geruza horien laginak aztertzen dituzte ikertzaileek. “Margolana ez da ukitzen. Metodo honek ez du pintura kaltetzen”, azpimarratu du García Díezek. “Guk poliki-poliki kaltzita harraskatzen dugu, eta sakonera ezberdinetako laginak hartzen ditugu. Horrela, ez dugu datazio bakar bat izango, datazio sorta bat baizik”.

Helburua geroz eta sakonera handiagoko laginak jasotzea da, pinturaren lehen arrastoak ikusten diren arte. Hortxe uzten diote arraspatzeari. “Kaltzita, labar-pinturaren gainean kokatuta badago, pintura han zegoen kaltzita metatu aurretik –zehaztu du Hoffmanek–; badakigu, pintura zaharragoa dela guk harraskatu dugun kaltzita baino”. Horrela, kaltzita datatuz, pintura horien gutxieneko adina lortzen dute.

CENIEH-ko laborategian

Lagin-bilketarekin abiatu duten prozesuak laborategian du jarraipena. Burgosko Giza Eboluzioaren ikerketa zentroan aztertzen da kaltzita-lagina.

Uranio/torioaren teknika ez da berria, 40 urte inguru ditu. Baina, azken hamabost urteetan masa espektrometro aparailuek teknologikoki garapen nabarmena izan dute, eta horri esker, orain oso lagin txikiekin egin daiteke lan. “Teknika alfa espektrometria da, hau da, uranioaren desintegrazioaren produktuak detektatzen dira. Gaur egun, neurketarako behar dugun masa orain urte batzuk baino 10.000 aldiz txikiagoa da. Horri esker, orain posible da kobara joan eta kaltzita-gune txiki horietatik hartutako laginak aztertzea. Duela 10 urte ez zen posible horiekin lan egitea”, azaldu du Hoffmanek.

Laborategi garbian kaltzitaren elementu kimikoak bereizten ditu Hoffmanek. “Laginaren % 99,9 kaltzita da, eta guk ez dugu hori nahi, uranioa nahi dugu eta horren kontzentrazioa oso txikia da: gramoko nanogramo ehundaka gutxi batzuk”. Bereizketa horren emaitza disoluzio bat da eta han uranioa eta torioa daude. Masa espektrometriaren bitartez bi elementu horien ratioak neurtzen dituzte.

Denboraren poderioz, naturan dagoen uranio-238 isotopoa torio bihurtzen da. Transformazio horretarako behar den denbora jakina denez, laginetan aurkitzen den torio kopuruak laginaren adina zehazten du. Hau da, analisiak torio bilakatu den uranioaren portzentajea zehazten du eta horrela, kaltzita hori zer urtetan sortu zen argitu.

 

3 pentsamendu “Uranio/torioaren datazio teknika Elhuyarren, eta Iruña-Veleiako ostrakak?”-ri buruz

  • Veleian aurkitutako pieza batzuei eingo diote analisia. Epaileak duela urte bete frogak agindu,ta hilabetean egin zintezken frogak oraindik ez dira egin. Nik ez naiz aditua baina froga hoiek egin behar direla ta temati dihardutenak,egiazkotasuna defendatzen dutenak dira. Hau da salatuak. Salatzileak aldiz ez dute ikusten froga hoien beharrik.

  • Nik ere galdera berdintsuak egiten ditut:
    Zenbat urtez gauza berari tira eta buelta eta zenbat urtez jarraituko (beharko) dugu jakin (nahi) gabe faltsuak edo egiazkoak diren? Zergatik?
    Duela zenbat urte Eliseo Gil eta gainerakoen aurka salaketa ezarri eta bota zituztela?
    Zenbat urtez batzuk kalera eta ni haien lekuan?
    Zergatik salaketak ez du ez aurrera (epaiketara) ez atzera (artxibatu) egiten?
    Zenbat urtez eta zergatik ataskatua gaia?

    Nik ez dakit non dagoen arazoa baina esan didate ez dagola arazorik, nirea paranoia hutsa dela.

  • Honetan, oraintxu ikusten ari garen beste hainbatetan bezala, baietz zenbait ziurtasun – zurruntasun kolokan ikusi etorkizunean…