Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da

Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da –

Bi urtegi handi hustea eta haien presak kentzea ardatz duen Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da, Donostiako Trueba zinema-aretoan. Lehen emanaldia arratsaldeko 19:45ean izango da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude. Gasteizen ere ikusi ahal izango da, martxoaren 17an, Iruñean ere bai, apirilaren 7an. Tartean, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere izango dira emanaldiak: Arrasate, Errenteria, Bergara, Lizoain, Lezo, Ardatz eta Urrotz, besteak beste.

Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da
Urak aske dokumentalak naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzen du, eta etorkizunean biodibertsitatea zaintzen segitzeko zer bide egin behar genukeen irudikatzen lagunduko digu. Bi urtegi handi husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak azalduko dizkigu; Normandian (Frantzia) bata eta Euskal Herrian bestea.

Vezins eta Artikutza 800 kilometrok banatzen dituzte. Hango eta hemengo lanak aldi berean egin dira, baina ez modu berean. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute biek ala biek.

Artikutza Euskal Herrian kokatua dago. Urumearen arroaren goialdean, Goizuetako udalerriko finka hori mende luzez ustiatu zuten intentsiboki. Edonola ere, XX. mendearen hasieran, Donostiako Udalak erosi zuen Artikutza, hiriko ur-horniketa beharrak asetzeko, eta hango aktibitate guztia bertan behera utzi zuen. Gaur egun, Kantauri itsasoko ertzeko lekurik naturalenetako bat da.

Añarbeko urtegia egin ondoren, Arikutzakoa funtziorik gabe geratu zen, eta 2017an husten hasi ziren, natura leheneratzeko asmoz. Poliki, oso poliki, egin ziren lan horiek, eta, hasierako inpaktuaren ondotik, naturak berreskuratu egin du hamarkada luzez urpean egondako eremua. Paretak, ordea, oraindik zutik dirau, presa kentzeko prozesua hasieran uste baino arazo gehiago ematen ari baita.

«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen dokumentalak 74´ irauten du, eta naturarekin dugun harremanean pentsarazten digu, erakusten dituen bi ekimenen bitartez. Batak, Donostiako Udalak Artikutzan egindakoak, bi miloi m3 hustu ditu urtegitik, eta desagertzeko zorian dagoen muturluze piriniotarrari bizirik irauteko aukera eman dio. Bestean, Normandian, Vezins presa kendu dute, izokina Sélune ibaira itzul dadin.

Urtegiaren hustuketaren eta naturaren leheneratze-prozesuaren arteko lotura Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez ere irudikatzen da film luzean.

Dokumentala Elhuyarrek eta Pixelek ekoiztu dute. Zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kidea da, eta argazki-zuzendaria, Juantxo Sardon Altuna, Pixeleko kidea. Dokumentalarentzat bereziki konposatutako musikaren egilea, berriz, Igor Arroyo Regeiro da. Protagonisten artean daude, besteak beste, Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedraduna; Jorge González, Biologian doktorea eta Desma Estudios Ambientales enpresako kidea; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak. Lanketa artistikoan, azkenik, Agurtzane Intxaurraga, Myriam Pérez Cazabón eta Ainara Ortega aritu dira, beste batzuen artean.

Urak aske dokumentala martxoaren 10ean estreinatuko da

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.