UPN-k badu hizkuntza politika

UPN-k badu hizkuntza politika
Hizkuntza politika irmoa eta eraginkorra
darabil UPN-k, PP eta PSOEren laguntzaz, Nafarroan. Diseinu soil baina zorrotzekoa da, zutabe sendotan oinarritutakoa eta iraunkorra, arrakasta erdietsi nahi duen politika batek behar duen bezala:

  • Nafarroaren erabateko zatiketa (ustezko) hizkuntza eskubideei dagokienez.
  • Euskararen zantzu oro Nafarroako paisaiatik ezabatzea.
  • Haurrak euskaraz eskolatzea zail eta garesti bilakatzea, era berean ingelesezko hezkuntza eskainiz nonahi “elebitasun modernorako” aukera gisa.
  • Euskara, “baskoek” kanpotik ekarri eta txertatu nahi duten hizkuntza gisa agerraraztea.
  • Euskara zerbitzu publikoetan erabiltzeko aukera, gurutzebide bihurtzea.
  • Euskara liskarrari eta abertzaletasunari itsatsita aurkeztea beti.
  • Euskarazko hedabideak itotzea…

Horiek guztiak, gutxiespen eta probokazio errosario baten saltsaz ondo bustiak eta lotuak. Horietako azkena, Foruzaingoaren zenbait autori “Foruzaingoa” errotulazioa kentzea izan da, Euskararen Lege murritz eta kamutsari berari, izkin eta irri eginez beste behin ere.
Zalantzarik gabe, UPN-PP-PSOE koalizioa ankerra eta atzerakoia da hizkuntza kontutan.

Baina zerk egiten digu kalte handiagoa? Alderdi “konstituzionalisten” jokabide gaiztoak, ala Nafarroako alderdi abertzaleen erantzun motzak edo ezdeusak?
Zerk egiten digu kalte handiagoa gure herrian adibidez? Polizia-autoak erdara hutsez errotulatuta ikusteak, ala polikiroldegian dabiltzan ehunka erabiltzaileen belarriak erdarazko musikaz elikatzea etengabe?

UPNren errua ote da, ehunka haur eta gaztetxok erabiltzen duten udal liburutegiko euskarazko eskaintza barregarria bezain zaharkitua izatea?
Eta udal kultur eskaintza ia osorik erdarazkoa izatea? Barcinaren errua ote da hori ere?
Gure herriko jatorrizko toki izenak, euskaldunak, galduz eta erdarazkoekin ordezkatuz joatea, noren errua da, Del Burgorena? Udal zerbitzu zenbait euskaraz jaso ahal izateko erreguka ibili beharra noren errua da?

Jarrai dezakegu hatzamarraz UPN & co seinalatzen, atzo Diario de Noticias egunkari erdaldunak egiten zuen bezala, eta Nafarroan bizi dugun jazarpenaz aieneka eta penetan, baina bizi dugun egoeraren ardura puska on bat alderdi abertzaleona da, udalerri askotan ez baitute haiek agintzen, abertzaleek baizik.
Alderdi abertzaleoi euskarari eta euskaldunoi benetako arreta jartzeko gogoa ematen dien egunean, asko aldatuko da Nafarroako euskaldunon egoera eta euskarak daraman galbidea.

Aski dugu alderdion ordezkarien negar-malko eta aienez. Aski biktimismo bozkazale antzuaz.
Heldu zuen ardurari behingoz.

Kultur programazioak, polikiroldegiak, liburutegiak, herriotako leku izenak, eta kaleak eurak, zain dauzkazue.
UPNk-eta badute hizkuntza politika. Non dago zuena?

JJ Agirre

Euskara teknikaria eta abar

6 pentsamendu “UPN-k badu hizkuntza politika”-ri buruz

  • Txantxangorri 2013-10-17 15:14

    Nafarroan euskaldunok dugun hizkuntz politika errsistentziakoa da, hori garbi dago, eta ez naiz asko okertuko Frankismo garaietara itzultzen ari garela zentzu askotan. Eta agian okerrago, kontutan hartzen badugu orduko iruñeko gizartearen eliteak euskararekiko zuen jarrera gaur egunean dutenen baina toleranteagoa dela, nire ustez behintzat. Badira iruñerrian euskararekin BATERE loturarik ez duten hiritar talde handiak, eta horrek euskara hizkuntz arrotza denaren sentsazia areagotu egiten du horiengan.
    Guk agian biktimismo jarrera dugu, baina arrazoi batzuk ditugu horretarako (aipatu behar al ditut), baina EAEko egoera ez dakit eredugarria den: politikarien gehiengoaren eta administrazioaren laguntzekin eta guzti eta Durango bezalako herri batean karriketan euskera apenas entzutea…

    Eta hasierara nator berriz, erresistentzia politikarako ezinbestekoa da denon laguntza, beraz mesedez etor zaitezte denok igandean Tuterako Nafarroa Onezera. Nafartar euskaldunok asko eskertuko genizuke.

  • Ez naiz Nafarroako euskaldunez ari, Nafarroako alderdi abertzaleez baizik.
    Nafarroako herri askotan, egiten dutena (?) baino askoz gehiago egingo lukete, zerbait egingo balute.
    Aski da Nafarroako euskaldunon egoera latzaren ardura guztia UPN eta enparauei egozteaz.
    Udalaren menpeko eremuetan ez du Barcinak agintzen.

  • Hizkuntza bat ez da hiltzen ez dakitenek ikasten ez dutelako…

  • Txantxangorria 2013-10-17 22:10

    JJ, adibiderik zehatzik? nire ustez zonalde “euskaldunean” egoera normalizatu da, baina iruñerriari dagokionez…Arrazoi duzu udalek asko egin dezaketela, baina kontu egizu udalerri handiena UPNk eramaten duela eta hiriburuak pisu oso handia du, demografikoki, sozialki, politikoki, etab.
    Iruñerrian (eta beraz Nafarroan) euskaraz presentziarik indartuko badu hori nahi ta ez instituziotan daudenak aldatzetik etorriko da. Nik behintzat hori gero eta garbiago ikusten dut. Adibidez ETB1 eta 3 ikustea EZINBESTKOTZAT deritzot, eta hori aldaketa bidez etorri daiteke bakarrik.
    Ez du EAEn gertatzenarekin zerikusirik

  • Zonalde “euskaldunean” egoera normalizatu da… erdaraz kasu askotan.
    Nik dakidala, Lekunberrin, Elizondon eta erreserba baskofonoko herri askotan, argi gorriak piztuta daude aspalditik, baina ez ditut nahi bezain ongi ezagutzen, eta honaino.
    Sakana ere zonalde “euskaldunean” dago legez, baina euskararen osasuna txarra da, itzulingururik gabe. Etxarri (2500) eta Lakuntza (1250) kenduta, Irurtzun (2.250), Altsasu (7.500) eta Olatzagutia (1650) dira herririk populatuenak. Hiru horiek herri erabat erdaldunduak dira, aspaldi erdaldundutakoak, euskara apenas sumatuko duzu kalean. Aipatutako herriotan abertzaleak daude agintean, baina aldaketa, euskarari dagokionez, oso azalekoa baizik ez da izan. Orain arte ez da euskararen aldeko hizkuntz politika seriorik garatu, ez Nabairen eskutik, ez Bilduren eskutik ere.
    Aipatzen nituen polikiroldegia, liburutegia, Kultur programazioa… Altsasukoak dira, Sakanako herri-burukoak. Ziordiko, Olatzagutiako, Altsasuko eta Urdiango herritarrek erabili ohi dituzte instalazio horiek nagusiki. Beraz, oso garrantzitsua da Altsasun ematen diren zerbitzuen nolakoa, hartzen duen eremuarengatik, eta nolabait Sakanako “hiria” delako Altsasu, zerbitzu gehien biltzen dituena, eta abar.
    Sakana eskualde erdalduna (mintza)praktikan, Etxarri eta Arbizu (hemen ere kezkatzen hasi dira) kenduta.
    Nafarroan euskaldunok biziraungo badugu, hots, erdaldun bilakatuko ez bagara, premiazkoa da hizkuntz politika serio eta eraginkorra abiaraztea, lehenik aukera gehien dagoen eskualdeetan, “Iruñatik gora” nolabait esanda, ustezko “erreserba baskofonoan”. Eremu hauek izan behar dute Nafarroako gunerik erdaldunduenentzat, Iruñerria eta hortik beherakoentzat ARNASGUNE, baina hemen ere ez bada egiten, jai daukagu.
    Argi eta garbi esanda, “zonalde baskofonoan” euskara ez bada berreskuratzen, alfer-alferrikoak izango dira bestelako Nafarroako euskaltzaleen ahaleginak.
    Nora begira daude alderdi abertzaleak? Barcinatarren gehiegikeriekin estaltzen dute euren arduragabekeria.
    Zeren euren praktikari erreparatuz gero, ez da ostarte askorik ageri…

  • Egun, Nafarroa euskara ezagupenean, erabilpenean (iparraldeko lau bat herri kenduta, “erreserba baskofono deritzotena ez da dagoeneko existitzen eta) eta onarpen mailan Euskal Herriko azken herrialdea da, duda barik Araba aurreratu baitio. Nik Araba duela 25 urte izaten zen bezala ikusten dut gaurko Nafarroa (euskarari dioten gorroto berdinarekin batez ere). Nafarroako meritu handiena Tuterako euskararen alde lan egiten dutenei ematen diot, baina nik neuk pentsatzen dut euskara Nafarroatik desagertuko dela hizkuntza bat hain egoera kaskar bati ezin baitio eutsi eta hango pertsonek orokorrean ez dute erabiltzeko gogo handirik. Hizkuntzak lurraldeak irabazten dituzte eta lurraldeak galdu, horrexegatik, Nafarroak euskara galduko duela onartu behar dugula deritzot.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude