Unibertsitis sindromeak jota

16957166348_6369c4d52c_z

Unibertsitis sindromeak jota gabiltza aspaldi. Akademiak monopolizatu du jakinduria, eta sentsazioa daukat handik kanpora geratzen dena, periferikoa dela, txikia, baliorik gabea. Guraso batentzat garaipena izan daiteke bere umea unibertsitatera iristea, eta are ohore handiagoa da zientzietako gradu bat eskuratzea; jakituaren mailaketa ezin bertikalagoan gorenaren gorenera iristea. Aditua izateak ahotsa eskaintzen du, hitz egitea zail den eta entzutea kasik ezinezko bihurtu den jendarte batean.

Diziplina ia guztiek dute euren katedra, eta ziurki beharrezkoa bada ere, sarri ahaztu egiten zaigu jakintzaren estruktura bertikalak horizontal bihurtzea. Maria Colerak klitto!n honela idatzi zuen: “Unibertsitate eta instituzioetako bulego aratzetatik eta akademiatik, genero-aditu eta berdintasun-teknikarien eskuetatik erreskatatu, eta lokaztu egin behar dugu feminismoa, fabrikan eta ikasgelan, merkatuan eta callcenterrean, sukaldean eta batzarrean haren aplikazio praktikoa egitetik sortutako kontraesanekin”. Feminismoaz ari zen bera, baina berdin gertatzen da gainerako edozein konturekin.

Eskuak zikintzea ezinbestekoa da haren gainean edo hari buruz behar bezala teorizatu ahal izateko. Asteburuan eskuak belztuta ibili ginen zenbait lagun. Gaztetxean mekanika ikastaro bat antolatu genuela-eta, kapot azpian zer zegoen (ordura arte niretzat guztiz ezezagun zena) ezagutzeko asmoz. Unibertsitateko tankerakoa zirudien klase magistral batekin hasi genuen goiza. Azalpenak emateko ezin argiagoak ziren Power Pointeko diapositibei begira egon ginen bost lagun automobil baten tripak ezagutu asmoz. Abstrakziotik eta termino teoriko-kontzeptualetatik urrun, argi eta patxadaz azaldu zizkigun jakin beharrekoak. Ordu erdi baten ostean prest geunden eskuak lokazteko.

Liluratuta entzuten nituen hark emandako azalpenak; hango olio, besteko gurpil, ondoko lokarri. Eta neure baitan pentsatu nuen ea nik egindako ikasketak zer dela-eta zeuden jakituriaren estrukturan haren gainetik. Badago esaldi ospetsu bat –orain norena den ezin gogoratuta nagoena– zeinak esaten duen garrantzitsuena ez dela guztiari buruz jakitea, gauza ezberdinen inguruan arituak edo adituak diren lagunak izatea baino. Jakituria nahiko handia baita lagunak aukeratzeko abilezia izatea; jakituria nahiko handia baita laguntza eskatzeko gai izatea; jakituria handia baita ez dakizunari buruz galdetzea.

Akademian, erakundeetan eta unibertsitatean ere nork bere kapot azpia tarteka garbitzea ez dago sobera.

Unibertsitis sindromeak jota

Zer duzu buruan “Unibertsitis sindromeak jota”-ri buruz

  • Motor baten torlojuak askatzeko, galga-likidoa botatzeko edo gurpil bat aldatzeko ez da unibertsitatetik igaro behar: prozedura jakin behar da, eta eskuzko lana egin. Aldiz, unibertsitate-eskola batzuk ez datoz gaizki zure zeregina motor berri bat diseinatzea bada edo diseinatzen ari zaren horrek izango duen erregai-kontsumoa kalkulatzeko. Uste dut nahasten dituzun kontuak ez daudela maila berean.